|
Noizteinka MOZARTEN MULIXKA MALKOAK I. Salzburgeko geltokian Bela Bartok Izeneko trenaren aiduru nengoen: Budapesterako tentaldiak lotzen ninduen. Mintzaira ezagutu gabe Ich bin eine kleine Dichterin Murduka nezakeen. Wienara nindoan: Jelineken Pianista irakurtzen nuen. Gazte batek Shakespeare irensten zuen Eta haren lagunak Matematika liburu bat ungariarez. Austriar neska ilehori bat Erre eta erre ari zen Linzen jaitsi baino lehen, Eta argazkiz hartu gintuen emaztea Ogiari ausikika. Budapesterako tentaldiak lotzen ninduen: Mintzaira ezagutu gabe Ich liebe dich Murduka nezakeen. Treneko leihotik Podhalaren denda Irudikatzen nuen eta hiria Bonba pean: Orduan, bihotz hautsien sokorri, Rilkeren olerki bat oldartu zitzaidan: Are bakartiago date gaur bakarrik dena Irakurle eta beilari, etengabe idazten... Begi-keinu batez aingeru uzkurrari Hots eman nion: Noizbait, utzikeria hamarkadek Iziotu ezpainak berriz juntatuko dira Norberaren baitako egia Argira iradokitzeko. II. Mirabellgartenetik Salzburgeko gaztelu zuria Ikusten dut : badakit maita ez nazakezula Kleine Dichterin bat baizik Ez naizelako. Hitzak arinegi dabilzkit. Trenak, xake partida zibernetikoak, musu Ebatsiak, doluak, greko zahar ikasketak Eta ni munduan bezain arrotz diren Mintzairen oiharrak Zaizkit gustatzen. Parkeko zuhaitz eiharrak dauzkat begimen, Txinatar turisten artetik noa Wolgang Amadeus Mozarten etxeraino. Borreroaren deiari gor natzaio: Lubakirik ez dago nigan, Gerlara deitzen ninduten Jainko eta idoloak behin betiko Haizatu ditut izpiritutik. Dagoeneko argizirrinta dut otoizten, Zubien urrikia eskatzen, Kuia-saldaren beroa, ardo zuriaren Miserikordia, Naufrago ekidinezin bat Eta Traklen ilunbar pairatuen Holtz artea. Badakit ez nazakezula maita Zure sakontasun urduriaren hondotik. Uhinek astintzen duten Uharte soila naizelako, Lurraren etengabeko higamenaren Bilakaeraz dirauen Kleine Dichterin bat naiz: Horrela nehork ez nazake maita. III. Bera baino anitzez zaharragoa den emazteak Gizon gazte amildua erasiatzen du Bergasse karrikaren erdian, Euripean: Liebst du mich? Bi mutiko zainart luzekiro musukatzen dira Sigmunden kontsultako sarreran. Arpegi tristearekiko ikerlariak Hitz-jokoei buruzko liburua Hostokatzen du, Eta nik Die Traumdeutung-en lehen Argitalpena arakatzen dudala, Zu zaitut gogoan, Bergasse karrikaren hemeretzi zenbakiko Egoitzaren bigarren solairuan: Liebst du mich? Andere batek andere bat besoartean Tinkatzen du: behatz-mutur zimurtuez Lepondoa eta ezpainak Ferekatzen dizkio. Liebst du mich? Mundua mundu denetik beti Galdera berdina. Herritik urrun nago, Alta etxean. Café Freuden aterbetzen naiz Eta espero dut Bergasse karrikaren erdian, Sigmundek behingoz ene antsiak Sendatuko dituela.
Noizteinka |