www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa  

GAZTELA-MUTILLAK

 

                        Donostian, 1928gneko Lotazilla 2an

                        Euskal-Esnalearen itzaldiyetan,

                        itxeikizun au bere egillik irakurri eban.

 

I

        Gaur Kastilla ta kastillanua esaten dabe euzkeldunak. Lenago ez, lenago Gaztela ta gaztelarra esaten eben. Orduan eurrez entzun oi ziran onetariko esaerak: Gaztelara yuan da, Gaztelatik dator, Gaztela-maatsa, Gaztela-astuak (gorputz andiko asto ederrak), Gaztelako zelaiak, eta abar.

        «Gaztela-mutillak» esan ezkero uste izan lei lenengo entzueran, Gaztelako mutillak ete diran; baña ez, izen ori ebenak, etziran gaztelarrak, euzkeldunak ziran, gure baserriyetatik Gaztelara lanera yuaten ziran mutil gaztiak, Gipuzkoatik eta Bizkaitik.

        Ezta bape ikaratzekua izen ori emotia Euzkelerriko mutillai. Aldi aretan bertan indiyanuak deitzen yaken Amerikan izanda gero errira etorten ziranai, batez-be katanarrua gizen samar baekarren, antziña Amerikari Indias deitzen eutsoelako. Geruago, ta gaur be bai, amerikanuak deitzen yake, emengo semiak izan arren. Neuk bein ikusiya da Burgosko geldokiyan, trenetik yatsi ziran batzui esaten: «Ya vienen los bilbaínos»; bilbaino areek burgostarrak ziran, eta Bilbon bizi ziralako bakarrik bilbainos deitzen eutsien euren errialdian.

        Olantxe ba, Gaztela-aldetik lanian ebiltzan mutil euzkeldunai euren erriyetakuak «Gaztela-mutillak» deitzen eutsien.

        Gaztela-mutilla euzkotar eredu agiri-agirikua zan, orain aspaldi galdu dana. Banan barik, aldraka yuaten ziran aruntz, eta aldraka etorri be. An aldi bat lanian egiten eben, iru-lau illabete, sei-zortzi illabete, gitxik urtebete, ta aurrezturiko diruagaz etxera, gurasoekana, bigurtzen ziran. Ikustekua izaten ei zan areen etorrerea, kitarra ta pandero ta txilibitu yoten eta abestuten, sartzen ziran erri guztiyetan usubillua ta zaratea, poza ta alaitasuna baño besterik ezeroiela. Gero, etxian, aldikada bat egon ondoren, geienak barriro lanera yuaten ziran. Areek yuan-etorri egiten eben; Gaztelan ibilli arren euren sendiyaren, euren erriyaren lokarriya ezeben ebagiten, lokarri ori bizi ta sendo eukiten eben, eta lokarri orrek ekarten zituan noz edo bein euren erri ta etxera.

        Mutil azkarrak izaten ziran, yandedan ondo egiten zaliak eta euren etxietan baño obeto yaten ebelako, mardo ta indartsuak ziran.

        Lanian ezeben nekerik erakusten, lanerako beti gogotsu aurkitzen ziran, indarra ugari eben, orregaitik laneko ugazabak oso maite izaten zituezan, eta naiñun, beti ta erraz lana billatzen eben. Emendik aldra areek andik eskatuta yuaten ziran, zelako lana ta zenbateko alogera irabaziko eben berbapetuta.

        Guztiz alaiak izaten ziran, bai ba, osasunez bete-beterik egozan da, indar-yokuetan azkarrak, arro samarrak, zerbait burrukari ta zoruak, gaztetasunak eztau parkatzen ba-ta.

        Orduko aldi areetan, gure baserriyetako mutil gaztetxuak, orain Amerikara yuateko gogo biziyagaz egoten diran lez, Gaztelara noz yuan al izango ziran erretan egoten ziran; yakiña, euren erritxuetan, euren auzuan, Gaztela-mutillak ikusten zituezan, mutil yasekuak, partikaretan dirua ebela, Gaztelako euren yazoerak alairo kontetan; eta arexek lakoxiak izateko gurari biziya sortzen zan mutil gaztetxo areen gogoetan.

        Eta zelako lana egiten eben mutil areek? Amazortzigarren eunki edo gizaldiaren azken-aldera ta emeretzigarrenaren lenengo 30 urtietan, orain eun urte ingurura arte, euren lana upagintzia izaten zan Erriojan eta Aragonen. Bai gizonak, aldi aretan, Bizkaiko baserriyetatik (eta nik uste Gipuzkoatik be bai, errialde biyetan oiturak eta bizikerea bardin samarrak beti izan diralako), Bizkaiko baserriyetatik, batez-be Aulestia, Gizaburuaga, Amoroto, Ibarruri, eta Txorierritik mutil talde andiyak yuaten ziran Erriojara ta Aragoera maats-batza ta ardao-egite aldiya baño lentxuago, irallian, upa barriyak egiten eta zaarrak konpontzen, eta an egoten ziran lan orretan Gabon-aurretxo arte; orduan etorten ziran euren etxietara, kitarra ta pandero ta txilibitu yoten, eupadaka ta zantzoka.

        Onei, Gaztela-mutillak deitzen eutsien arren, izen ori baño geiago «upagiñak» esaten eutsien.

        Bein baten, onetariko mutil aldratxo bat, lau edo bost, ei eguan Urkiolako benta zarrian. Illunabarrian elduta, bentako sukaldian egozan apalduten. Bai ei zan an arrokeriya, asarkeriya ta balentekeriya ugari; eurek etzirala iñoren bildur, bidian amar gizonek urtengo baleutsie be eleukiela atzerarik egingo... ez, arraioa! gauzik asko baño gurago leukiela batebatek ezer esango baleutse, makillak yokatzeko, ta olan ebilzan arro-arro. Eta zeri etzala, an ezegualako besterik iru andra ta agure zaar-zaar bi baño. Agure bata, aramaioarra, eskeko bat zan, luzia ta zimela. Onek esan eutson beste aguriari:

        —Gurozu biyon artian onei lepua berotzia?

        —Zaoz ixillik, Yainkuaitik, olako asmorik igarriko baleuskue, gure azkenak emen izango litekez, ta agudo, mutil onak daoz eurok!

        —Zuk gura ezpadozu, neuk bakarrik berotu biar ditut neure makilla onegaz.

        Urkiolako benta zarrak, bide-ertzekua esan gura dot, eukan lenengo atarte zabal andi bat; sartu, ta aurrian eta eskumaldian kortak eukazan; eskerraldian, orma bat barruko ormaraño, ta biyak egiten eben txokuan ate txiki bat sukaldera sartzeko; sukaldia zan atartia baizen zabala ta andia; antxe egozan Gaztela-mutil upagiñak panparrokeriya eriyoela.

        Aramaioar agure zimelak ipiñi zituan atarte illun-illunian aulki luze bi, bata bestiaren urrengo, ta bera parau zan aulkiyetatik kanpoko ate-aldian; andik ikusten eban ederto, sukaldeko argitara, sukaldetik urteten ebana.

        Makilliagaz lurrian arraskada bat egin eta diarka esan eban:

        —Ia datozala ona mutil ollo orreek, bixerrik badabe! Ujujuju!

        Diarra entzun orduko, tximistiak eraginda lez, yagi ta arrapaladan urten eben mutillak atartera, berna-azurrekaz yo aulkiyetan, eta orrek emoten dauan min zorrotz eruan eziñagaz yausi ziran bata bestien ganera, danak moltsuan. Aguriak ezeban astirik galdu; bere makilliagaz yo ebazan burutik-bera erruki barik, eta, arin. Ango aiene, ango garraixi, ango orroia, ango zarraparra, izugarriyak ziran! Sukaldetik andrak argiya atara ebeneko, aguria sartu zan eskumaldeko kortan, eta atze-aldeko kortatik buelta eginda, agertu zan bera be andren atzetik, sekulan bere biziyan plater bat ausi ezpaleu lez. Nok uste a izan zala makillariya? Ezta buruak emon be! Mutillak, danak eukiezan buruetan zauri mallatuak. Osakuntzia egin eutsien oriyo ta ardao nastuagaz sukaldian, atan aurrenengo ebillala agure zaar yotzallia. Inguru guztiyak ondo errekistau zituezan, ia iñun areriyua topetan eben. Egitada kaxkarra egin ebala, kobarde bat zala, ta nor dan balekiye, makillaka azur guztiyak txiki-txiki egiñaz eriyotzia emongo leuskiyoela esaten eben mutil upagiñak. Andik geroago zabaldu zan Urkiola-inguruko erritxuetan yazoera ori, ta a agure zimela aterik-ate eskian «Aita guria» apalik errezatuaz ebillanian, esan oi zan: «Orra or Aramaio zarra, Urkiolan bost mutil indartsuri berak bakarrik makillaka buruak auzi eutsiezana». Eta zelan izan zan ezekiyenak, ezeben siñistu gura izaten; gauza ezintzat emoten-eben, zertzeladak yakin arte.

 

II

        Baña Gaztela-mutil benetakuak geruago izan ziran, karlisten lenengo gerratiaren ostian, 1840garren urtetik 1870garren urtera kitartian. España guztiyan bitzabalak, burdinbidiak eta beste iragi-lan asko egin ziran aldi atan. Orduan, aitaturiko upagiñak baño askoz geiago zabaldu ziran langille euzkeldunak, geienak argin, arotz, errementari ta pioiak, Gaztela guztiyan, Aragoen, Andaluzian, Estremaduran, eta abar. Orrexek ziran Gaztela-mutil berariyak.

        Aldi atan jente biartsuak oñez egiten zituezan euren ibilketak, luziak izan arren; eta Gaztela-mutil areek Españako bazter guztiyetara zabaltzen ziran alantxe, oñez, ta etorri be bai. Euren erremintak eta aldatzeko soñekuak olezko kutxetan, sarrail-itxu bategaz itxita, aurreztik bialtzen zituezan Gaztelara mandazañen bitartez.

        Orduko aldiyan salgairik geienak mandoz erabilten ziran batetik bestera, burdiz eruateko bitzabal gitxi egualako; ta manduakaz ebilzan gizonak mandazaña eben izena; ta euren bitartez, urrin-urriñeko uriyetara bialtzen ziran gauzak. Adibidez: Durangon mutil batzuk emoten eutsiezan mandazañai iru edo lau kutxa, esanik eruateko Zaragozara, ta onelako edo orrelako ostatuan izteko; mandazain areek yuaten ziran Durangotik Haroraño, eta an beste mandazain batzui emoten eutsiezan mutillen kutxak, eta areek eruaten zituezan Tudela edo Tarazonaraño, eta an, beste mandazain batzuen eskuetan izten zituezan kutxak, eta azkenengo areek eruaten zituezan Zaragozako ostaturaño. Ostatu-yabiak artzen zituan eta giltzpian ipiñi, mutillak eldu arte; orduan, kutxa-ganeko markak zeintzuk ziran eskatu ta gero emoten eutsezan. Orretaraxe bialtzen ziran gauzak orduan, eta etziran galtzen... ez ei ziran galtzen.

        Gaztela-mutillak eruan eben Euzkelerriyaren ospe edo entzutia alde guztiyetara, Euzkelerri-zati bat ziran or-emen ebillana. Euren erderamordolloz, euren zintzotasunaz, euren alaitasunaz, eltzen ziran lekuetako jendiaren gogua irabazten eben, eta orregaitik, pozik artuak, ondo ikusiyak izaten ziran.

        Euzkelerri-zati onexen izakerea erakutsi gura neuskixue, ta eztakit zelan; baña esturan erabagi dot emen edestutia, kontetia, euren yazoera batzuk, yazoera oneetan ikusi dagizuen Gaztela-mutil erne areen izakerea. Erri baten barri yakiteko, naikua da bertan yazoten dana yakitia.

        Gaurko mutillak, Euzkelerritik alde-egiten dabenian, Amerikara edo, geienak izten dabez euren etxietan ikusi ta ikasitako erlejiñozko egintzak: meza entzutia, urtian bein autortu edo konpesetia, eguneroko otoitzak, eta olakuak; baña Gaztela-mutillen aldiyan itxuraz erlejiñuak gaur baño sakonago zituan sustarrak euzkeldunen gogoetan; alako mutil-aldra geienak ba, egintza orreek ziatz betetan zituezanez ganera, egunero errosariyo santua errezetan eben. Onako mutil-aldra bat Valladolid probintziako erri batera eldu zan, eta etxe baten ostatuz jarri ziranen artian erabagi eben egunero errosario santua errezau biar ebela apal-ostian lotara baño len, euren gurasoakaz balegoz lez. Errosariyua giyetako izentau eben euretaiko bat; eta eurek ostatuz egozan etxekoen eta auzokoen mira andiz, mutil indartsu ta sendo areek errezetan asi ziran. Gidariyak, eskuetako atzamarrakaz Abe Mariyak kontetan zituan. Lenengo misteriyua polito esan eta amaitu eben; sartu ziran bigarrenian, eta ezeukan amairik, Abe Mariyak bai yoiazan amarretik aurrera, amabost, amazortzi, ogei, ogetabost... alkarri begiraka ebilzan mutillak, eta alako baten esan eban batek:

        —Baia... bigarren misteriyo onegaz gu kapaz gaituk Josapateko zelaian sartzeko be. Noz amaitu biok ba? esan eutson gidariyari, eta onek erantzun eban:

        —Niri zer esan biak daustak? Zetan zagoz ba?

        —Gitxienez ogetazazpi Abe Mariya bai yaruaguz, ta guri Gloria, noz abixauko dauskuk?

        —Eta nik abixau biar dautzuet ala? Orren ardurea nik euki biar yuat? Nik aña atzamar dozuez eskuetan. Kontaixuez Abe Mariyak, nik lenengo misteriyuan kontau dodazan lez. Etzagoze orraiti señorito txarrak, gura badozue nik zaindutia zeuek zaindu biar dozuena! Bakotxak bere aldiya zaindu daiala.

        Urteiera onegaz barre batzuk egin ebezan. Gero, batek esan eban:

        —Eta sobrau diran amazazpi Abe Mariya orrei, zer eingo dautsegu?

        —Mutillak, esan eban gidariyak, konprome bazarie, ganetiko Abe Mariya orreek Purgatoioko arimentzat izan daitezala.

        —Ederto esana... ondo pentsaua... konprome... erantzun eben...

        Eta errosariyuak yarraitu eban guztizko erarik onenian, laugarren misteriyuan bakotxak bere atzamarrakaz amar Abe Mariyak ziatz kontau zituala. Eta ordutik aurrerantza be, bigarren eta laugarren misteriyuan gidariyak «Gloria» deitu barik, danak «Gloria» zintzo esaten eben bere lekuan.

        Gau baten, oñestu ta trumon-ots andiyak zirala, euzkeldun mutillak euren gelako leiuak zabalik eukezan, eta ostatu-yabia etorri yaken leiuak ixten guztiz asarre, esanik:

        —¡Salvajes!... y tenéis las ventanas abiertas con los relámpagos que hay?... poco respeto tenéis vosotros a Dios, aunque rezáis mucho... yo ya sus conozgo ya!

        Mutillak barre gozatsu egin eutsien, erantzunik:

        —Usté si mucho miedo a Dios, porque cuando no hay relámpagos muchos le tira V.; pa tener tanto miedo, ¿por qué echa usted maldisiones? Sin errelámpago y sin truenos también ya le cogerá a usté Dios, ¿qué pienda usté, pues?.

        Barriro ¡salvajes!, iru edo lau bider deituta yuan yaken andik birauti bildurtiya.

        A gizona karlisten lenengo gerratian Euzkelerriyan zazpi urtian ibilliya zan, eta berak iñuanez, euzkera asko ikasi eban. Orregaitik, bein esan eutsen euzko-mutillai:

        —No hablaráis, no, delante de mí todo lo que queráis en vascuence sin que yo sus entienda, porque conozco vuestra lengua.

        Mutillak beriala igarri eben ak ekiyan euzkeria zala, sopia, patatia, ta onakua. Eta orduan, olako berba erderatik artuak diranen ordez beste batzuk asmau zituezan, eurentzako iztegi txiki bat egiñaz. Sopak esateko «apurrak» esaten eben; patatak, «lurpekuak»; aguardientia, «gogorra»; baso, «eskuontziya»; peseta, «makurra»; guardiazibillak, «belaukiyak», eta abar. Aren aurrian ezeben bein be erdel-antzeko itzik esaten, eta beraz, ezeban gizon arek tautik be ulertzen.

        —¿Qué, ya les intiende?, itanduten eutsoen etxekuak eta auzokuak.

        —Ni miaja les intiendo —erantzuten eban—, éstos son mu cerraos.

 

III

        Bein, Burgos probintziyako uri baten Durango inguruko mutil aldra bat ebillen zubi barri bat iragiten; orain eztakigu zegaitik bertako alkatiak etzituen mutillok maite, beti asarreka erabilten ebazan. Domeka arratsalde baten erriko plaza zabalaren erdiyan egozan mutillak barriketan; euren ondora urreratu zan txakur eder bat; alkatiarena zala esan eban batek, eta au entzunik, Abadiñoko Asensio Sagastasoloak, arrikada andi bat emonda bialdu eban txakurra txiliyoka.

        Laster etorri yaken erriko alguazilla, esaten alkatiaren aginduz guztiyak erriko etxera yuateko. Yuan ziran ba, eta alkatiak itzaldi garratza egin eutsen, gogor eskaturik esateko nok yo eban txakurra. Erantzun eutsoen eurek ezekiyela, txiliyuak entzun zituezala baña ezebela ikusi nok arriya yaurti eban, eurek ezegozala txakurra zaintzen, eurei ezeutsela arduraik bape txakurragaitik, eta bakian izteko eurei txakur kontu areekaz, txakurrari batebatek emondako arrikadia gora-bera munduak ezebala ikaraik eingo ta.

        Alkatia, mutillak bildurtziarren, euren izen-abizenak artzen asi zan eta papelian ipinten. Orretan ebilzala, txandia eldu yakon Asensiori be, ta alkatiak itandu eutson:

        —¿Cómo te llamas?.

        —Asensio.

        —¿El primer apellido?

        —Txakurra.

        —¿Y el segundo?

        —Jodabena.

        —Asensio Txakurra Jodabena?

        —Sí, señor, eso.

        Au entzunik barre purrustadaka asi ziran lagunak, eta alkatiak zarraparra andiya atara eban.

        —¡De mi no se ríe dengún nacío en el mundo! Yo sus aseguru que sabré quien de usotros ha apedreao al perro, aunque no lo quierais decir, y llevará su merecido. ¡Lo he de saber!.

        —Ya temos dicho a usté, tanta copla, esan eban Asensiok urteieran, eta guztiyak barre zantzoka urten eben bape bildurtu barik.

        Murtzia aldeko abade bati entzuna. Bera txaunburu eguan erriyan Gaztela-mutillak bizi izan zirala alditxo baten, Kartajenarako burdinbide-gintzako lanetan ebilzanak. Batek be ezebala utsik egiten eleizara domeka ta yaietan. Domeka baten, meza bitarteko bere itzaldiyan laguntza eskatu eutsela eleiztarrai onegintza baterako, adirazorik atabaka bat ipiñiko zala eleizako atian, bakotxak emon gura ebana artzeko. Eta egun atan ikusi zala iñoz lenago an ikusi etzana, atabakan txakur-diruen ganera agertzia zidarrezko dirua ugari... eta... urrezko amaseiko bat, ontzurre bat!

        Abadiak esaten eban ezagun zala euskeldunak bota zituezala zidarrezko ta urrezko diru areek, ordura arte ba erri atan a lako eske-aldiyetan etzala txakur-dirua baño ikusten. Abade arek esaten eban mutil euzkeldun areek, eskuzko langilliak izan arren, zaldunak zirala beren agerkera ta egitada guztiyetan; eta bai berak, eta bai erri guztiyak, asko maite zituezala.

 

        Gaztela-mutil areen artian gazte azkarrak urten eben. Ona euretaiko baten barri. Palentzia probintziako Osorno uriyan zubi barriya iragiten iñarduen. Injiñerua, gudari edo militarra zan: gogorra, baña arteza. Onek autatu gura eban argin bat, arri landuak ontzat artzeko ta euren lekuan ipinteko; orretarako dei-egin eutsen argiñai, a zeregiña gura ebenak agertzeko; dei areri erantzun eutsoenen tartian euzkeldun mutil gazte bat zan, ogei urtetik berakua, erderaz iya ezer ezekiyana. Injiñeruak emon eutsen marrezki edo diseño bat, eta onen arauz argiñak arriya lantzen asi ziran, eta guztiyak baño lenago ta obeto arriya landu eban euzkeldun gaztetxuak. Eta injiñeruak axe autu eban arri landuak ontzat artzeko ta biar zan lekuan ipinteko.

        Ori txarto eruan eben gazte aregaz neurtu ziran beste argiñak, guztiyak erdeldunak, Santander probintziakuak; ondiño ume bat zala, iñoen, berba egiten be ezekiyan basati bat zala, ta ia arek zer egin biar eban. Gorrotua artu eutsoen, eta beti ebilkozan zain-zain, utsen bat egiten baeban injiñeruari esateko.

        Jazo zan ba, argin euzkeldun bat arriya lantzen ebillala, iya amaitzen bere lana, arriyari ertz baten zati oso-osuan, au da, birrindu barik, azkatu yakola; estutu zan argiña, arriya lantzen emondako denporia galdu biar ebalako, ta arri-artzalle gazte areri esan eutson yazo yakona. Gaztiak, baña, arriya ikusi ebanian esan eban:

        —Zatiya osorik yagok, eta ointxe neuk ondo ipiñiko yuat, ez adi estutu.

        Pasta bat egin eban sartan baten, eta arexegaz irantzi eban arri-zatiya bere zuluan, eta ipiñi eban iñok ez igarteko moduz. Ontzat artu arri landua eta zubiyan bere lekuan yarri eban.

        Nundik edo andik lurruna artu eben gaztiari gorrotua eutsoen argin erdeldunak, eta injiñerua yakitun ipiñi eben. Au, zubira yuan zan ezorduan areetaiko salatari bat lagun ebala. Euzkeldun gaztiak ikusi zituenian ara yuaten, galdua nok agin-artian esanaz, zubiyaren beste aldera yuan zan, andik areen berbetia entzuteko goguaz.

        —¿Dónde está la piedra esa?, itandu eban injiñeruak.

        —Es una de ese arco, erantzun eban salatariyak.

        —¿Pero cuál? ¿Dónde está la compostura?

        —Pues ahí debe de ser; pero no lo veo desde aquí.

        —Traiga una escalera enseguida.

        Eskillaria ekarri ta igon eban, eta ezin igarri nun zan. Injiñeruak orduan esan eutson:

        —Pues está uste bueno que no sabe donde está la falta. Que venga Carlos inmediatamente.

        Au zan gaztia. Etorri zanian, injiñeruak itandu eutson ia egiya zan arriya konpondu ebala, ta beriala baietz erantzun eban; ia erakusteko nun eguan konponduta, ta eskilllara igota atzamarraz erakutsi eutson injiñeruari. Onek orduan agindu eutson mutillari yasteko, ta gero berak igon eban, ondo ikusteko zelan eguan. Yatsi ta itandu eutson Karlosi a zegaitik egin eban. Eta erantzun eutson bere erdera mordolloz ta adirazo; konpontze arek ezeutsola ezetan be obriaren sendotasunari ukutzen, eta bere lagun batek a lan guztiya galtziak min-emon eutsola. Injiñeruak orduan esan eutson:

        —Muy bien hecho. El hueco del trozo que se soltó no afecta a la solidez de la obra, como tú muy bien has dicho; hubiera afectado a su presentación, y tú lo has corregido de tal modo, que este acusador no ha podido conocer dónde está la compostura ni la conocerá nadie que no esté enterado. Repito que muy bien, vizcaíno. Así se trabaja.

        Geruago, a Karlos mutilla argin-maisu onenetaikua izan zan Bizkaian.

        Neure erriko iru gaztela-mutil bai etozan Aragoen etxera-bidian, oñez, beti lez. Eurekarren bitxabalera yoten eban ziarbide batetik agertu yaken gizon aragoetar bat, baltz igerra, bere praka motz, gerriko andi, buruko zapitxuagaz, taketa lakoxe gorputz arteza, ibilkera leun eta bizkorra zituana: eta berari itandu eutsoen:

        —¿Cuántas horas hay de aquí a Ateca?.

        —Pa usotros... una cuatro horicas, erantzun eban.

        —Y pa ti cuánto?, itandu eutson barriro mutil batek.

        —Pa mi algo menos... en tres horas me planto allá.

        Arrituta gelditu ziran mutillak.

        —Geu be ez gaituk ba txarrak oñez ibilten —alkarri esaten eutsen— ordubeteko aldia atarako al yeuskuk ba emendik Atekara?

        —Izan leitekek, baña ikusi arte etxuat siñistu gura, iñoan mutil batek.

        —Era ona ointxe yuagu ba ori ikusteko, gizon ori be Atekarantz duala yirudik eta.

        —Itandu egin biar dautsogu: ¿Tú también vas a Ateca o qué?

        —A Ateca voy, sí, izan zan bere erantzuna.

        —Ointxe neurtuko gaituk ba.

        Abiyau ziran al eben bizkorren, eta laister atzian itxi eben praka motza. Atekara eldu ziran ordu bi ta erdi baño zerbait geitxuaguan. Begiratu eben atzerantz eta etzan ondiño agiri Prakamotz. Uriyaren sarreran bertan ardautegi bat eguan, eta mutillak asmua artu eben antxe itxaron biar eutsoela, ta eldueran basobete ardao eskiñi. Yezarri ziran ba, ta an egozan zain. Noizbait, iya ordubete geruago, agertu zan aragoetarra. Baña urrindik uartu zituen berari itxaroten egozala, ta bidia ausirik, beste leku batetik urira sartu zan, burla egingo ete eutsoen bildurrez.

        —Aragoetarra baño andalusa geiago yirudik orrek, esanda yagi ziran euzkeldun mutil areek, euren bidiari yarraitzeko.

 

IV

        Gastela-mutillen artian asko ziran kitarra yoten ikasten ebanak, baita txilibitua ta panderua ba; orregaitik, zapatuetan, apaldu ta gero kaleik-kale urteten eben errondan, yoten eta abestuten, geien-geienetan bakez ta umore onian, erriko mutillakaz alkarturik.

        Aragoeko uri baten, gaztela-mutillak bertara eldu ta bigarren sapatuan errondan urteteko egozala, eldu yaken bertako bat esaten gau atan erriko mutillak ezeutsiela errondan ibilkten itxiko, gertu egozala erbestekoai kaletik alde-eragiteko, an ezebela biar errondaririk errikuak baño, ta onan.

        Euzkeldunak erantzun eben urtengo ebela ta ikusiko zala nok alde-egin biarra izango eban kaletik. Alan ondo ornidu ziran adakiz ta izkilluz (armaz), eta garaunik be etxian gelditu barik, danak batera urten eben errondan. Euren buru lez egiten eban morrosko batek onan itz-egin eutsen:

        Mutillak, bakie gurau yuagu, baña gerrie gure baiuek gerrie emongo yeutseguk; alkarren eskuetara sartzen bagara, yo, yo gogor, erruki barik, barriketaik bapez ta emon! Orain, auzi au zetan dagon ikusi biar yuagu, guezan beriala euren billa; gu ixillik, ikusi eurek zer esaten edo zer egiten daben, eta gertu erantzuteko. Atzera edo aurrera arin egin biar yuagu.

        Yuan ziran ba erriko errondariyen billa; igaro ziran alkarren ondotik, bitzuek ixillik. Euzkeldunak, urrengo ziarkaletik bidia laburtu eta beriala barriro aurrian agertu yakezan; orduan be ixillik igaro ziran alkarren ondotik. Barriro be gure mutillak lengua egin eben, bidia laburtu ta aurrera urten. Orduan errikuak, kitarrak ixilduta, gelditu ziran; euzkeldunak be bai. Onei erriko batek esan eutsen:

        —Muchachos, ¿es que tenéis algo con nosotros?

        —Tenemos y no tenemos, erantzun eutson euzkeldunen buru lez ebillan morrosko arek.

        Eta beriala adirazo eban zer esan eutsien euzkeldunai; errikuak a erantzunaz batera danak «¡eso es mentira!» erantzun eben, bizi-bizi, eurek ezebela alako asmorik izan, barritxuen gauzak zirala, ta olan.

        Erriko batek esan eban:

        —Muchachos, ¿queréis que andemos juntos y siempre amigos?

        —Sí, sí, toros amigos, erantzun eben pozik euzkeldunak.

        Eta gau atan, baita aurrerantzian, beti alkarregaz ibilli oi ziran erriko ta erbesteko mutillak, oneek erri atan egon ziran aldi guztiyan.

 

        Aldi atan uri andi askotan egozan oiturak gaurko jentiak ezin siñistu leikez. Errioja-ziar Aragoera yoian gaztela-mutil pillo bat, San Prantziskoren zaldi ganian; eguraldi bero samarrak ziralako gabez ibilten ziran. Orregaitik eldu ziran Logroño urira egun sentiyan, eta bai yoiazan kalerik-kale uriya-ziar igaroten, bertan gelditzeko uste barik. Alako baten zabaldu zan leio bat, eta «¡agua va!» didar-egiñaz bota eben kalera parrastada bat mutillen urtxo. Ikaratu ziran, eta alkarri esaten asi ziran: Mutillak, au dok useñe —Txarri arraiuek— «Agua» esan yok baña «agua» baño geitxuago dok.

        Onetan, beste leio batetik «¡agua va!» didarragaz atara eben ontzi sakon eta me bat, eta bota eben bertatik kalera parrastada izugarriya. Eta gero beste leio batetik bardin, beste batetik be bai, eta beste batetik, alde guztiyetatik «¡agua va!» entzuten zan, eta parrast ortik, parrast andik, bildur emotekua zan. Mutillak izutu ziran osoro, ta alegiñian añeketan asi ziran zoratuta lez, ta uritik urten ebenian arnas-estuka zutunik be egon eziñik lurrian yezarri ziran. Txarriyak, txarriyak, txarriyak! eta txarriyak! Txarri demoniñuek!, esaten eben.

        Gizon batek, alan ikusita, esan eutsen:

        —De güena sus habeis escapao. ¿Es que no sabís que al amanecer vacían a la calle todos los dompedros? Pa otra vez ya estáis enteraos.

        Oitura «hijienikua», arraietan!

 

        Zaragozako ostatu baten aurkitzen ziran bein gaztela-mutil batzuk bazkalduten bertako ostatu-mai luzian, beste jente batzukaz. Oneen artian abadegei bi be bai ziran. Maiyan egozanen izketeak, gai asko ukutu ondoren, euzkeldunen erlejiño-zaletasunera yo eban. Maiko guztiyak emoten eben Euzkelerriko jentia erdelerrikua baño zaliagua zala elizarako; ori, guztiyak autortzen eben.

        Abadegei biyetarik batak esan eban, alan be, Euzkelerriyan baño santu geiago eukela erdelerriyan; euzkeldunek santu gitxi, oso gitxi, eukela, banaka batzuek bakarrik. Gaztela-mutil batek esan eutson erdel-erriko santuak martiriak izan dirala geienak. Abadegeiak orduan onan erantzun eutson:

        —Es verdad eso, y es una honra para nosotros.

        —Con el ondra el desondra también ya tenéis en eso, esan eutson euzkeldunak, mártires si habéis tenido quien matar a ellos también habéis tenido. Ondra si tenéis, nosotros no negamos, pero desondra también. En nuetra tierra no mataron cristianos, la erligión de Cristo sin mártires entró. Más ondra es, ¿no es verdad o qué?

        —No se puede con vosotros, para todo tenéis contestación, esan eban abadegeiak, y eso que no sabéis ni hablar; el día que os lo enseñen, ¡a ver quién para con vosotros!

        Len be esan dot, gure gaztela-mutillak oso maitiak ziran Gaztel-erriyan: Sarri itz-egin dot Gaztelako erri askotan bertako zarrakaz euzkeldun mutil areen gain eta guzti-guztiyak, beti, gure mutillen goralben andiyak egiten izan dabez. Etxaken besterik entzuten: «¡Qué muchachos aquellos!, fuertes, nobles, trabajadores, alegres y parcialotes como naide. Todo el mundo los quería».

        Biargiñak lez entzute andiya eben uriñetan be, orain edestu edo kontauko dodanak argi erakusten dauan lez. Valladolid aldian euzkeldun talde andi bat lanian ebillan. Jakiña, iragintza edo obra andi areetan ezebiltzan euzkeldunak bakarrik; bai ziran Santander, Asturias, eta Galiziako langilliak be. Egiya da euzkeldun geienak arotz, argin, igeltseru, errementari, au da, berarizko lanbiden bat ebenak, opiziodunak, izaten zirala, eta beste aldeetakuak, barriz, geienak besalariyak, pioiak, izaten ziran.

        Bein agertu zan ara gizon bat, Portugaldik bialdua, langille-billa, Oporto aldian egiteko ziran iragintza batzuetarako. Aloger ona eskintzen eban. Baña, euzkeldunak bakarrik eruan gura zituan; alantxe agindu eutsoela ango ugazabak, esanik.

        Euzkeldun askotxo yarri ziran gertu Portugalera yuateko; beste askok ezeben yuen gura izan, bertan polito irabazten ebela-ta. Portugalera yuanda aste pare bat geruago yuandako bat agertu zan lengo tokiyan, eta barriro lana eskatu eban. Bera zan Bizkai baserri bateko semia, euzko-mutil eredua, andiya, indartsua, berba gitxikua, ona ta baketsua. Euzkeldun utsa zan; ezekiyan erderaz.

        Bere lagunak, ikaraturik ikusi ebenian, itandu eutsoen:

        —A mutil, zer izan dok atzera etorteko?

        —Enaiuek artu gura izan, euzkeldune enazala-ta.

        —I ez azala euzkeldune? I ezpaaz, nor izango ete dok?

        —Asi zuazan izenak eta apelliduak artzen, eta niriak eskatu eustezanian eta nire apellidua entzun ebenian, esan yeustien an ezeguala niretzako bierrik, euzkotarrak bakarrik gura ebezala.

        —Zein dok ba ire apellidue?

        —Errodriges.

        —Nok uste izango yuan i lako euzkeldun bete-betekuak apellidu ori euki biar ebala?

        —Etxakiyak ba zelan dan; nire aita, ta nire aitita be bai, gure baserri-etxian yaiuak zuazan, etxuat bein be entzun gure yatorrian gaztelarrik izan danik; baña Errodriges nok, gure nai gurez.

        —Bada-ezpadan gorde apellidu ori ta bigarrena erabilli egik. Eta ire lagunak, etxuek ire alde urten ala?

        —Bai; esan yeutsiek ni bizkaitarra nazala, euzkeraz bakarrik dakidala, eztodala erdeldun antzik, iñundik be, ta olakuak esaten iñardu yuek, baia dana alperrik, apelliduari bakarrik begitu yeutsiek.

        Jazoera onek adirazoten dau zelako maitetasuna eben euzkeldunak aldi atan. Guzurra dirudi Errodriges abizena eukiagaitik mutilla ez artu nai izatia. Eta ori Portugalen.

 

V

        Mutil euzkeldun areek geienak etxera etorten ziran Gaztelatik ibilli ta gero; baña euretatik beste asko, an-or-emen ezkontzen ziran ango neskatillakaz, ta an bizi izaten gelditzen ziran, argintzan, miña-lanetan, etxegintzan, eta onetariko lanbidietan euren ogiya irabaziyaz. Onetaikuak euzkel-abizenak erein zituezan eta erne, erdelerri guztiyan. Asko dira Gaztelan euzkel-abizena dabenak, euren artian gizon argi, ospatsu eta goilekuetan yarriyak ez gitxi, gaztela mutil zintzo areen azitik datozanak.

        Guadalajara probintziyan Sigüenza deritxon uriyan neuk ikusi neban, orain 33 urte inguru dala, mutil aldra bat, euren antz, yanzkera, goiera, azal, ibillera ta guztiyan ango jentiaren itxurarik ezebenak; bein pelotan ikusi nituan eta emengo antzera yoten eben pelotia, besua zabal, ez gorputzari yosita lez, eta beste bein arriya lantzen iragintza edo obra baten aurreko bide-onduan, euren lagun bati esan neutson:

        —Oneek ezukeldunek izan biar yuek.

        Euren artian agure bat be bai ebillan, eta begira-begira yarri yatan, eta itandu neutson:

        —Euzkeldunak zarie?

        —Bai jauna! erantzun eustan poz-pozik. Egiya esateko, yarraitu eban, neu naz emen euzkelduna; oneek eztakiye, baña guztiyak dira euzkeldunen semiak. Neure seme bi be or dabiz lanian.

        Agure a Gernikarra zan, Zabala abizenduna. Berak esan eustan, ango burdinbidia egin zanian ara yo ebela euzkeldun askok, eta ogei inguru bertan ezkondu zirala, eta bertakotu.

        Gero, uri atako beste batzukandik yakin neban euzkeldun arei uri guztiyan maitetasun andiya eutsoela.

        Gaztela-mutil areetatik bai ziran Españatik kanpora be zabaltzen ziranak, batzuk Aprikara, beste batzuk Europako beste erriyetara. Onetaiko bi, neu mutil gaztia nintzala, orain berrogetaz urtiak, ezagutu nituan. Bizkaiko Ibarrangeluko semiak ziran. Gizon sasoekuak nik ezagutu nituanian. Euzkelerriko edertasunaz mirariturik egozan, ezeguala iñon be au lako lurralderik esaten ebela. Igarten yaken gazterik alde-eginda gure erri onetatik, etorri barriyak zirala. Neuk itandu neutsen Amerikako zein aldetatik etorriyak ziran, eta arrituta gelditu nintzan entzunik Serviatik etozala.

        Esan be egin neutsen:

        —Zelan arraio yoan ziñean Ibarrangelutik Serbiaraño?

        Edestu eusten gaztela-mutillak izan zirala: Andaluzi aldian iragintza batzuk amaitu ziranian, euren ugazaba zan injiñeru prantzesak esan eutsela yuateko Arjeliara beragaz, an iragintza andiyak ebazala, ta polito irabaziko ebela. Juan ziran, ba, Arjeliara, ta an urte batzuk ibillita, injiñeru prantsez aregaz yuan zirala Viena Austriakotik Constantinoplarako burdinbidegintzara. Austrian aldi baten egon zirala, ta euretariko bata ezkondu be bai ango neskatilla bategaz. Gero, Serbiara igarorik, an urte askuetan bizi zirala, iya bertako eginda, iragintza kontratakin ezkurra polito baturik, eta Euzkelerrira bigurtuteko uste barik. Baña ezkonduari emaztia il yakon lenengo, ta geruago il yakozan ume bat edo bi, gelditurik bakar barriro be. A naigabe andiya zelanbait ibituteko, lagunak esan eutson Euzkelerrira etorri biar leukiela, ganera lan-egin barik zegaz bizi eukien ezkero. Eta orduan erabaki eben euren ollo-lurrera etortia. Eta etxakela damutu esaten eben, errialde au zoragarriya zala eurentzat, ainbeste urtian urrin ibilliyagaitik erdi aztuta eukela, ezebela ain ederra danik uste, asmo gogorra artu ebela iñora ez alderik egiteko, eta euren azurrak emen izteko.

 

        Orain amaitu baño lenago, aitatu biar dautzuet euzko langille bat, gaztela mutilla izan etzana, baña onen antzera urtenik bere erritik kanpora, euzkeldunen izena leku onian ipiñi ebana. Orain aitatuko dodan gizona, gaztela mutillen aldiya baño ontsukuaua da, iya geure egunetakua, ondiño bizi da.

        Arrieta deritxon Bizkai-erriko mutil gazte bat, oso azkarra burdiña lanetan, errementari ona, bere lanbidia obeto ikasi gurarik, Parisera yuan zan orain 39 urte, 1880garren urtian, uri atan orduan Erakusketa nagusirako gertakizunak egiten iragintza asko ta andiyak egozalako.

        Burdiña-langintzan ikasi al zana ikasi gura eban gazte arek. Etzan ukabilketa, etzan añeketa, etzan beste kirolgetarik berak ikasi gura ebana; ondo lan egiten ikastera yoian. Asmo txalogarriya.

        Gazteleraz oso gitxi ekiyan, pantzeraz ostera tautik be ez. Iñoren laguntza barik, bere buruz ta diruz Pariserako bidia artu eban. Ara eldurik, Eiffel-Torreko lanetara zuzendu zan: bertako injiñeru batek zelan-edo-alan ulertu eutson lan-egin gura ebala iragintza aretan, eta yakitiarren zelako langillia zan, sutei batera eruan eban, marrezki edo dibujo bat emon eta itandu eutson ia a lako burdiña-zatiya landuko ete eban; mutillak arin ulertu eutson, eta beriala lanian asi zan suteian, eta laster asko egin eban injiñeruak agindu eutsona. Oneri atsegin izan yakon mutillaren lana, eta bertako langille artu eban. Alditxo bat igaro zanerako, injiñeruak Arrietako mutilla ipiñi eban burdiña-landuak torrian yosten ebiltzan langille aldra baten buru, ta alan yarraitu eban Eiffel-Torre ospatsua amaitu eben arte.

        Gurari bat sortu yakon; torre andi ospatsuaren azkenengo eta gorengo zatiya berak bere eskuz ipintia. Eta bere gurariya erraz bete al izan eban, ango burdiña-zatiyak yosten ebilzan aldretatik bataren buru zalako; berak bere eskuz amaierea emon eutson torre areri. Euzkelerria goratziarren euzkeldunen izena leku onian ipintiarren sortu yakon bere gurariya, ta bete eban. Arrietako gaztiak, an lanian ibilli zan bitartian, ezeban beste gogorik izan burdiñagintzan ikastia baño; egun guzti-guztiyan eta egun guzti-guztiyetan, erne ebillan, adi-adi, begiya zorrotz, dana ikusi ta dana ikasi biarrez. Onelako gogo senduagaz, ta bere adimen argiyagaz, asko be asko ikasi eban.

        Bera langilletzat artu eban injiñeruak esan eutson beragaz yuateko Europa-Sortaldera, Errusia aldera, an burdiñazko iragintza asko (zubi, merkatu, ta abar) egiten yoiazala-ta pantzetar kontratistak. Baña euzkeldunak ezetz erantzun eutson, bere aberrira etorrala bere kontura lan-egitera. Orduan injiñeruak esan ei eutson: «Azeriya zara, gure artera ikasten etorri, eta ikasi dozunian bai zuakiguz, emen ikasirikuari zeure errialdian koipia ataraten. Tira, ba, asko atara egiyozu, ta ondo bizi zaitez».

        Etorri zan Paristik, ipiñi eban burdiña-lantegi apala Bilbon, lana guztiz ondo ta saneurri begiratuan egiñik entzutia artu eban, burdiña urtu lanetan bera baño oberik ezeguala danak aurrez esaten eben, lantegi apala zabaldu eta anditu zan, geitu be bai, gaur «lantegiyak» deitu litzakiyoela, bertan langille asko dabillela bere semien nagusitzapian. Bera zarra danez, lanetik alde-eginda dago, baña etxako egun bat igaroko berak sortu ta irasiriko lantegiyetan gitxienez sartu-urten barik.

        Gizon onen izena esan biar dautzuet, berari atsegin izango etxakon arren: Julian Abando.

        A da euzkotar eredu agiriya: zintzo, apal, argi, langille, euzkeltzale, ta gauza guztiyen lenengo ta ganetik, kristiñau ona. Bilboko Areatzaren erdi-erdiyan badago be, eguerdiko naiz illuntziko aingeru-kanpaiak ots-egiten badau, bertan txapela erantzi eta errezetan ditu zintzo iru Agur Mariyak.

        Onelako gizonak maitiago izaten dodaz, kirol-arazoetan «as» edo «bateko» izatera eltzen diranak baño, kirola baño lana lenago dalako ta gorago dagolako.

        Orra ba, zelan edo alan emon dautzuet gure Gaztela-mutillen barri. Len, asiyeran, esan dot, Gaztela-mutil areek Euzkelerriyaren zati bat zirala, ta zati onen edeski edo historiya egin gura neutzuela. Oiturea da, edeskiren bat egiten dauanak, bere liburu edo bere lanaren azkenian ipintia nondik artu dituan edeskiyaren zertzeladak; an agertzen dabe zeintzuk liburuetan, zeintzuk agiri edo dokumentuetan idoro dabezan zertzelada areek; liburu eta agiriyen erreskadea ipinten dabe, burutzat dauala «fuentes de conocimiento», au da, yakintz-iturriyak.

        Nire edeskiyaren yakintz-iturriyak eztagoz liburuetan, eztagoz ingizartegiyetan (artxiboetan); nik zertzeladak idoro dodaz iturri bitan: bata, ezagutu dodazan Gaztela-mutil izandako zarrai entzuna; bestia, Gaztelan ibilli izan nazan erri askotan bertako zarrai entzuna. Iturri bi orreetatik yakin dodan zerbait esan dautzuet. Julian Abandoren zertzeladak eztautsodaz berari entzun; urte askotxo dala entzun neutsozan Bilbon bertako yaun bati, gaur diru-etxe baten buru edo artezkariya danari.

        Gaztela-mutil zintzo areek, eta zuek, neure entzuliak, ni baño edeskari obia merezi zenduen; baña, nik al dodana egin dot, eta parkatu.

        Agur andrak, agur gizonak.

aurrekoa