www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

MISIOLARI BAT

 

        Egurastuten giñuazala Txomin Sasi'ren etxe ondora eldu giñanian, arriya letxe gelditu giñan, bai gu ta bai andik ebiltzan beste iru edo lau lagun be, etxe aretan zan astrapalots ikaragarriya entzunda.

        Lurrikararik izango da zarata gitxiagoduna. Ene mutillak! ango didar ta garraziyak, ango ate-dranbaladea, ango aienak, ango uluak, ango egurrotsa, ango ankotzak olezko zalan... Beruntz etorran gizon batek esan be ei-eban:

        —Mutillak, demoniño guztiyek batuta be orrenbeste zarata eingo ete leukie gero!...

        An gengozan ixillik eta alkarri begira, zer egin ezkenkiyala, iñoren etxian sartzen be asartu ez, batez be, an ebillen abarrotsaz.

        Alako baten entzun gendun eskillaratik bera batebatek ekarren aiñeketia kanporantza; begitu gendun, adi-adi, ta mutil gaztetxu bat etxetik urten zan. Txomin Sasi'yena bera.

        Astirik galdu barik beraganatu nintzan arin-arin da:

        —A mutil itxaik, noruntz ua? —itandu neutson.

        —Botikara nue ba, arnikie ta menda ta ubiyentu ta partxe batzuk ekarten.

        —Eure burutatik ua, ala aginduta?

        —Aitek agindute, ointxe arnasie artzen gelditu dan une baten.

        —Orduan etxok ondiño amaitu?

        —Ez itxuraz.

        Orduantxe era polita neukala-ta, asmau neban mutil arexegaz yuatia ta berari «interviw» bat egin bide-batez, ta etxe aretako barri yakin, izparringira bialtzeko, baldin iñorentzako kalte barik onura apurren bat irakurlientzak ekarri leikena izan ezkero.

        —Zer yabik zuen etxian? —itandu neutson.

        —Aite asarratu yaku, artu dau adaki sendo bat, atiek itxi ditu, asi da yoten, da... atan dabil.

        —Nor yoten yok ba?

        —Etxeko guztiyek.

        —Zergaitik? Ez al yakok zoratu izango.

        —Bai zer zoratu! Neuk esango dautzut dana. Aspaldiyen ibilli da gure aita bekoki astunaz. Beti be esateuskun alakobaten misiñuek etxien emon biar zituela, baeguela biarrizana-ta.

        —Misiñuek ostera?

        —Etxakon atsegin izaten gure anaiak belu etxeratzia, domeketan batez-be; suak artzeban barrez gure neskak aspaldi onetan darabillezan yantzikerak eta orrazkerak ikusita.

        —Zelakuak dozak ba?

        —Berna osua agiriyen, besuek be bai, ta paparreko zati andi bat be bai, eta ganera, uliek «alagarson» edo ebaite, kokote guztiye erakusten.

        —Modok eldu dituk orraiti zuen etxera be.

        —Bai eldu! Mutil onak die ba gure neskak modak arrapetan!

        —Eta zuen aitak, belu etxeratzia ta moda-zalekeriya kentzeko misiñuak emon gura yuazan eztok?

        —Bai ba; sarriten iragarri euskuzan etxien misiñuek eta gaur esan dau asiyerie dala.

        Egin dau lenengo sermoi luzie ta gogorra; agindu dau emendik aurrera illunkeran mundu guztiyek etxian egon bier dabela, bera aurrenengo dala; agindu dau amaitu diela gure etxien yantzi lotsa gitxikuek eta nesken ule motzak; berak aginduten dauena erdi-erditik beteko dala, ta iñok ez betetako atxakirik ipiñi ba'dai, berak atxakiyok egundoko ariñen kenduko dituala; etxerako legie berak ipinten dauela, bera nausi dalako ta bere lekue bere aginpidie bier dan lez yagoteko edozetako gertu aurkitzen dala.

        —Eta entzuliek sermoi ori, zelan artu yautsiek?

        —Ama asi yako esaten gaur oiturie dan bidetik dabixela etxeko mutillek eta neskak; gaur mundu guztiyek darabixen ekandu ta modetatik urten gura izatie eztala burutasun ona ta...

        —Tira, kontra egiten asi yakok.

        —Gero, amen esanaz adoretuta-edo, mutillek eta neskak asi dira esaten ia Peru ta Mariyen aldiko erara yantzi biar ete-daben...

        —Iya matxinada osua yagi yakok misiolariyari.

        —Leku onera!... Misiolariyak egin dau orduan salto andi bat, artu adakiye eskuetan eta amari esautso: «Zeure estalpian dabiz oneek lotsabakotuten eta euroen aurrien zeuriek artu gure ezpozuz ixi-ixillik alde eistazu begiyen aurretik. Nik emen darabildan sermoe ta misiñuek eztauke erantzunik; eztao entzutia ta agintzen dana egitia baño besterik».

        —Da?... Ixildu ete yakozak?

        —Eztire ixildu, ta orduen izen da atralakie. Amai bultzekada bat emoutso eskerraz ta garrazi baten suete-bazterrera bota dau; anaia biyek yo ditu adakiyaz burutik bera ta an dagoz aiena baten, bata oge-ganian oker-oker einde, bestie lurrien jagi be ezin dala; neskai, ostera, ostikada ta belarrondoko galantak banandu dautsiez, aurrien etxe guztitik erabillita.

        —Eta euri ezebez?

        —Ez, ni ixillik egon naz; ta ganera ni goizetik etxeratzen naz beti, ta neuk al dodan bierra etxien eiten dot.

        —Azken zaratatsua euki yok zuen etxeko misiñuek.

        —Baña azkena eztozu ondiño entzun.

        —Esaik ba.

        —Gero aitek ardiyek moztuteko artazi barriyek artu ditu ta gure arrebai ule guztiye ebaita buru-motz ipiñi ditu; ganera armaiotik atara ditu euren yantzi panparroiek, eta trangabelien askoriaz txiki-txiki egin ditu. Areen txilliyuek! Azkoriaz narrue txikitu ba'leutsie bez ainbeste! Orduentxe aitek esaust botikara yuateko, bitartian beste ekinaldi bat eukiteko asmotan, arnasa puskat artu daienien.

 

* * *

 

        Andik egun batzuetara Txomin Sasiyeneko a mutil gaztetxua ikusteko erea izan neban, eta itandu neutson ia bere aitaren misiñuak etxien zelako ondorenguak euki dituen; eta barreka erantzustan:

        —Danok gabiz etxien bata baño bestie artezago; danok etxera goizetik eta neskak yantzi barri lotsazkuekaz... an agiri die bat suete-bazterrien gure aiten misiñuen gomutakiyek: adaki sendue, azkorie ta trangabela.

        —Gomutaki bildurgarriyak.

        —Ezta beingo-beinguen aztuko misiñue gure etxian.

        Orra ba esanda Txomin Sasi'k bere etxian emondako misiño osasungarriya.

 

aurrekoa hurrengoa