www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

AMERIKARA... ZETAKO?

 

        Baserri txiki bateko mutil gazte batek diñost Amerikara duala ganeko egunen baten.

        —Amerikara, zegaitik zuaz ba?

        —An urte batzuk eginda diru zati polit bategaz etortiarren.

        —Ekarriko ete dozu gero...

        —Beste batzuk ekarri dabe beintzat.

        —Askok ez. Zenbat dira amabost urte oneitan erritik Amerikara juan diranak?

        Berrogei inguru bai, ezta? eta, zenbat etorri dira ba diruagaz?

        —Or daukozu Urlija ta or daukozu Berendija ta or daukozu Sandija ta or daukozu...

        —Bai, baidakit laugarrena zein dan. Guztira lau atzera etorri dira. Eta, zenbat diru ekarri dau geien ekarri daunak?

        —Berrogei mille erriel ekarri dituana be baida ba.

        —Orrexek geien, Amerikan zazpi urte eginda.

        —Eta gitxi deritxazu ala? Emen zazpi urtian nok orrenbeste diru aurreztu?... Ezta!!

        —Aurreztu ez?... Bai aurreztu!!

        —Oixe eztaustazu argi ipiñiko.

        —Ara: Amerikatik bi mille ogerlekogaz etorri dana, zazpi urtian bertan egonda, neuk baxen ondo dakixu zeuk be zelako biximodua egin daben an berak kontau dau sarritan-da: ez ardaurik edan dau, ez zigarrorik erre dau, ez akeitarik (kaferik) artu dau, ez gasturik egin dau, bixi ixateko biar-biarrekua baño; orren gogua ezta besterik ixan dirua aurreratzia baño. Ba ori emen egin ezkero, neuk diñotzut Amerikan beste diru batuko leukela. Egin-egiñian be orra nun duan Izardoiko Pepianton... Eup!! Ia ona piskaten mesedez... ointxe ikusiko dozu...

        —Pepianton, zenbat aloger irabazten dozu Bilboko nasa edo muellietan?

        —Berrogeta bost erriel.

        —Adi egon ba; neuk uste dot gure erriko Urlija Amerikan lez bixi ixango balitz Pepianton, aurreztuko leukela egunian ogerleko bat baño geiago. Baña zeure aldera geiago egitiarren, uste ixan daigun ogerleko egin-egiñeko bat bakarrik aurreztuten daula egunero.

        Atara daiguzan kontuak. Urtiak daukoz irureun ta irurogeta bost egun; urtian ba beste orrenbeste ogerleko aurreztu. Or eztago ezbairik; argijago ezin, ezta?

        —Bai alantxe da, ezin ukatu lei.

        —Zazpi urtian ba, zazpi bidar irureun irurogeta bost edo... bi mille bosteun berrogeta amabost ogerleko!!

        —Ene ta alantxe da!

        —Beraz Amerikara juan biarrik eztago diruak eiteko; emen be ein leikez an letxe gogua orretara ipiñi ezkero, diruak eiteko asmuaz alperreko gastu guztiyak kendu ezkero.

        Ortxe daukozu nasan edo muellian lan-egiten daun Pepianton mardu onek ondo begiratuten badautso irabazten daunari, emendik zazpi urtera zelako dirutzia eukiko daun.

        Amerikara ez juan ba euzkaldunak.

        Etorri ona Bilbao aldera, ta aurreztu dirua ta urte batzuen barruan zeuben etxetik urrin barik diru-moltso politaren jabe ixango zarie.

        Amerikara asko duaz ta an dabilz barregarri geienak; an be baidago ba nun gastau ementxe lez, gastateko bidiak ugari dira an be; asko dira etorri gura leukienak atzera euren etxealdera ta ezin.

        Asko dira, tunante batzuk eginda, ezetarako eztirala dabiltzanak. Asko dira euren aberri, euren guraso, euren anai-arreba, euren etxalde ta dana aztu dabienak.

        Amerikan be lan-egin biar, bixi ixateko ta dirua aurreztuteko, ta emen be bai.

        Amerikan egiten-dana emen be bardin egin lei. An beste irabazte-leku emen be bai.

        Beraz, Amerikara, zetako?

 

aurrekoa hurrengoa