www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

ANKIA SARTU

 

        Uri bateko periak dira. Txozna, txabola, etxe txiki, eta aterpe asko dagoz zelai baten inguruan, euretan iñun diran ikuskizunak dagozala; bateko buru bi daukozan txala, besteko amasei arruako andra lodia, arako txerpolari ta praka nasai barregarriak, eta abar eta abar.

        Argiñek udan euzkitik euren burua gordetako euki oidaruen moduko oial sendo zati bategaz aterpetxu bat eginda dauko, Parantzen guda nausian soldau ibilliriko batek. Aterpe aretan su andi bat dauko ta galdara andi bat. Zarata ikaragarriak eiten dauz, jentia bere ingurura batzeko, kanpai anditxu bati erainda, baita iru edo lau txakur zarri be ausi ta uluak erainda.

        Jente pillo galanta batu yako aurrian. Berak diñotse, auts batzuk dukozala saltzen , uretara bota ezkero, berau gori-gori egonarren eta bertan eskua edo ankia sartu, ezta miñik bape artzen.

        Eta barriketiak eztaula balio, agitiak baño, diñotse, eta bere galdaran ura irakiten ipiñi dau, atara danak ikusteko lekura, bota dauz barrura autsok, eta beriala anka bata barrura sartzen dau.

        —Ikustozue?... Eztot sentiduten bape miñik. Onetakoxe auts apur batzuk bota ezkero, eztau bildurrik.

        Zaku bete auts-txorta eukazan, baña egunoko ariñen saldu eban. An izan zan artu biarra. Alkarri bultzaka ebiltzan danak soldau-izanikuagana eltzeko.

 

* * *

 

        Andik urrengo baserrira eldu da bertako bat, autsak erosi dauzanetarikua, bai dua artez-artez tabernara, ta an dagozanai diñotse zer ikusi daun perian; ikaratzen dira; batebatek diño ori batekuori amari sartu daiola; orduan autsdun arek diño: —Barriketiek etxok balio. Orra or suburuan galdara bat ur goriaz, ta pruebie eingu.

        Kendu dabe galdaria laratzutik eta ipiñi dabe suete-erdian, bota dautsoz autsak, eta ankia sartzen dau, baña bai egundoko ariñen atara be, orroa ikaragarri bat einda... ankia bertan egosi etxakonian!

        Begira egon diranak barreka okertuta dabiz.

        —Demoniñie! Gerra nausian alemanak ezebela garbitu? biar ara juateko moduan egoten banaz egon, neuk garbituko yuat a lapurmosu arraiua, esaten dau ankia erre yakon gixajuak.

        —Baia, gixona, euk be ori einguan ba?

        —Baia berak gure aurrian egin baiok?

        —Eta ez dok erre?

        —Ez, etxok ikararik ein.

        —Orduen tranpie yaukek.

        Geruago periatik etorri dan batek, jazo dana jakin daunian, esan dau, auts-saltzallia tunante bat dala, guda nausian anka bata belauna baño beragotik ebai-eutsoela, ta anka ordez gomazko guzur-anka eder bat ipiñi eutsoela, igarri be etxakola egiten asko geiago errena danik, eta axe gomazko ankia sartzen daula, ta jakiña etxakola erretan. Eta a prantzesa, peria guztietan egun bat bakarrik egoten dala; bere zakukadia saldu, ta ospa, bada-ezpadan.

 

aurrekoa hurrengoa