www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

«ELEIZEAK ZER EITEN DAU?»

 

        Erri txiki baten ogetabi urteko emakume bat alargun gelditu zan ume zamur bategaz, mutilla bera.

        Emakumia txirua zan, beartsua, erropa-garbitzen bere bizimodua ataraten ebana. Bere mutikua erriko eskolara asi zanian, maisua arrituta itxi eban bere buru argiyaz. Yakiteko egarri andiya erakusan eta berba-erdi bategaz beinguan ulertzen eban esan gura yakona. Orregaitik arin ikasi ebazan maisuak emon eikiozan irakaspenak.

        Ain buru argiya ikusita, maisuak emakume alargunari esautson iñundik al baeban mutil areri karreran bat emon biar eutsola, denporaz gizon andiya izateko modukua etorrala-ta.

        Ganeratu eban maisuak, abadiak eta berak alkarregaz itz-egin ebela arazo aretzaz, bai ekiyela txiruak zirala ama semiak, eta orregaitik gertu egozala egunian peseta bana emoteko ain adimentsua zan axe mutilla aurrera atarateko.

        Alargunak, ori entzunda, esan eban gabez be lan-eginda atarako ebala peseta biyen ganetik biar zana bere seme laztanari laguntzeko. Eta alantxe emakume gaxua egun osuan eta gau zati andi baten lana sendo egiñaz eta biar-biarrekua bakarrik yan eta yantziyaz bizi-izanik, eta urte askotan olantxe, bai-yuan semia bere ikaskuntzetan aurrera, beti aurrenengo zala bere lagunen artian.

        Amaitu karreria ospe andiyaz eta gerotxuago zeñek geiago yakin ekitaldiz leku goi-gorengo bat irabazi eban.

        Entzute andidun gizona egin zan. Alde guztiyetan, bera aitatu ezkero, bere goralbena baño besterik etzan entzuten.

        Eztago oldoztu baño zelako poza eukiko eban bere amak. Eldu zan beretzako zabal bizi-izateko aldiya, seme kutunagaz batera.

        Ezkondu zan berau andiki arteko neska arroputz bategaz ta ordutik aurrerantzian ama etzan izan ondo ikusiya etxe aretan. Berbetan eta konprimentuetan txirua izanikua zala erakusten ebalaren atxakiyaz, alde eragin eutsoen jentia artzeko gelatik lenengo ta gero yantokiko maitik, sukaldian otseñakaz yaten eta bizi-izaten ipiñita. Otseñak be ugazaba-etxekandriai ikasita, iya atsotuta eguan alargun koitauari ezikusi asko egiten eutsoezan. Etxian iñok ezeban aintzat artzen.

        Bein ugazabaren aiskide batek uartu eban zelan euken etxe aretan ama zarra ta semiari agiraka garratza egin eutson. Ordutik aurrera ama askoz txarrago artzen eben; ordura arte, beintzat ezikusi andiyak eginarren, ezeben asarreka erabilten, baña ordutik aurrera danak arramuskadia.

        Egun baten ba, koitaua biyotza mingostuta urten zan kalera etxe aretatik sekuleko, ta yuan zan agureak eta atsuak zaintzen dituezan monjakana, Txiroen Arrebatxuak izena dabenakana: an artu eben maitero ta an emon zituan bere azkenengo urtiak.

 

* * *

 

        Bein yuan zan idazle ospatsu bat Txiroen Arrebatxoen agura-atso etxia ikusten eta etxia erakusten ebilkon monjiak esautson idazliari:

        —Ikusten dau beorrek an leio onduan kristaletik kalera begira yezarrita daguan atsotxua? Urlija jaunaren ama da. Idazle ospatxua arrituta gelditu zan ori entzunik: ezin eban siñistu Urlija jauna lako gizon ondo eukitsuaren eta batez-be aren on-entzutia eukonaren ama «Txiro-Etxe» baten egon eitekenik eta orregaitik atsuagana artez-artez yuan eta beragaz berbaldi luzia euki eban, bere zoritxarren zertzelada guztiyak ziatz yakin zituala.

        Yazokun au Pildain kanonigo yaunak esan eban ointsu Bilboko Deun Yakoba elexan egindako itzaldi baten; yazorikua dala, ta ganeratu eban orren antzeko asko ta asko ikusten dala; guraso koitauak ainbeste neke, lan, ardura ta buruauste artzen dabela seme-alabak azten eta eurai ikaratsiyak emon ta bizibidian ipinteko, ta zartzaruan gurasuok makalik aurkitzen diranian, seme-alabak ezin dituez ikusi, eztabez maite, ta orduan agura ta atsuak iñoren laguntasun barik dagozanian, Eleiza Ama Deunak artzen ditu, ba Txiroen Arrebatxuak eta euren antzera beste monja ongille guztiyak, Eleizeak ipiñiak dira, Eleizearen barruan eta berak indarra emonda sortu diralako monja orreen batzak.

        Eta ortik atarateban Pildain yaunak erantzuna Eleizearen aurka itandu au egiten dabenai: «Eleizeak zer eiten dau ba?». Eleizeak esateban, aterpia, yana, oia, maitasuna emoten dautsoz iñok ikusi gura eztauan agura naiz atsuari, euren seme-alabak bertan-bera izten dituezanai.

        Aita zarra, edo ama zarra, Txiro Etxian daukanen batek baño geiago, or gorago edestu dogun yazokuneko Urliya yaunak biarba, itanduko dabe: «Eleizeak zer eiten dau ba?».

        Eta eztakiye iñoz aurkituko diran ala ez nun sartu eztaukela, iñok ikusi gura ez dituala ta eurak orain aurka egiten dautsoen Eleiza orrek berberak artuko dituan bere Txiro-Etxe baten, bertan emonik aterpia, yana ta oia gorputzarentzat eta Yaungo-maitasuna arimarentzat.

 

aurrekoa hurrengoa