www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

LAKARATZA SARTU

 

        Errian ardauen erremata Txomin-Saguk dauko. Begi batzuk baukoz... zorrotzauek!... Zapatuetan uritik datozan emakumen otsarak eta sakutuak batetik bestera igaroten dauzala esan lei bere begi zorrotzakaz.

        Bitxabalaren ertzian ibilten da, bide kurutzen urrian, beti zain, iñoz bitxabaletik erri-bidera urten daun emakume bat-edo-bati otsaria edo sakutua arakatzeko, ia ordaintzeko ezer ete dakarren.

        Atzo be antxe eguan Txomin-Sagu, iñoz baño arduratiago.

        Bai ba, Txorokilletako neskia atzo zortzi ezkondu zan, eta bere gizon gaztiaz ortik ziar ezti-aldia eginda, atzo etorri ziran etxera, ta gaur dauko zanbarradia, senide guztiek bazkari ospetsu bat egiñaz. Jango dabe arek ta edan... mutillak!!

        Eta lengo egunian, Txorokilletako mutil trokotzak esan ei-eban bolalekuan, gaurko biar eben ardaua uritik ekarteko ustia eukela ba, Txomin-Saguk saltze-eban «txarrikerie» ia nok edan biar eban.

        Arraie! mutiko ona jarri zan ba Txomin-Sagu ori jakin ebanian.

        «Ez ba zainduko aut ba, ta ardau ori eztozue sartuko ezetara be», bere kolkorako esanda, juan zan Txomin-Sagu bitxabalera, eztena lakoxe begiekaz.

        Bide-kurutzeko sasi batzuen onduan eguan erdi-ezkutauta. Bitxabaletik urtendako iru edo lau emakumeri otzarak arakatu edo errekistau eutsezan; ezer arrapau barik eta androk mor-mor bidaldurik... «gizon gogaikarriaurik orraitio»...

        Alako baten ikusi eban urrindik bitxabalian etorrala astotxu bategaz Indalezio Txorokilletakoa, ta esa-eban: «Emen yatok mutil ori».

        Onek Txomin-Saguren parera eldu baño lenago, zeozer uartuta lez asto ganeko zerbait estaldu eban saku bategaz.

        Txomin-Saguk jaurti eutsozan astotxuari bere begi zorrotzen argiak, eta igarri eban, sakuaren azpian zato andi bat joiala, ia zaragi txiki bat.

        «Oinguen jausi az» esanda, jarraitu eutson atzian-atzian mutillari, zain ia noz bitxabaletik urtengo eban.

        Mutilla, orraiti, Txorokilletako erri bidera eldu zanian, andik artu barik, bitxabala-gora jarraitu eban.

        Eta Txomin-Sagu be atzian beti. Bajoiazan eta bajoiazan, eldu ziran erriko mugaraño, ta Indaleziok bira eragin eutson astotxuari, ta berantza asi zan, errirantza barriro.

        —Zer daruak or? esautson Txomin-Saguk mutillari, eta onek erantzun eutson:

        —Eskubidia daukozun lekuan ikusiko dozu, baña ez ordura arte.

        Barriro eldu ziranian Txorokilletako bide-kurutzera, an egozan gizon bi, ta orduan Indaleziok artu eban bere etxerantz, bitxabaletik urtenda, ta beriala Txomin-Saguk esautson: «Dekomisua daukok, geldi or astuoi». Mutillak gelditu eban ba, ta esautson: «Zer dekomiso ta zer dekomiso-oste? Ikusi or zer duan».

        Eta sakua kendu ganetik eta agertu zan zato zar andi bat. —«Emen zer daruak? ardaua, eztok?», eta mutillak: —«Onexek gizonok testigu izango dira; erdue ona, ta ikusi daiala gizon onek or zatuan daruadana zer dan».

        Muzturra azkatu eutsoen ta atara eben barruan eukanetik, eta danak ikusi eben... ura zala, ur utsa.

        —Orduan zetan ibilli az gora ta bera eure astu orregaz?

        —Eta zu zetan ibilli zara nire atzian?

        Beriala igarri eban Txomin-Saguk bera mutillaren eta astuaren atzian ibilli zan bitartian, ardau-zaragi andien bat sartu izango ebela Txorokilletan, eta oldozpen onegaz odol guztiek irakin eruazan, errirantz yuala.

        Eta alan izan zan, lakaratza galanta sartu eutsoen Txomin-Sagu begi-zorrotzari Txorokilletako mutil trokotzak astotxuagaz aurrera bidaldu eben, bere atzian Txomin-Sagu juan eitian, eta gero, bape bildur barik, bior baten bizkar-ganian zaragi galanta sartu eben etxera.

        Txomin-Saguk diño min geiago emoten dautsola zaragia sartziak berak baño egin dautsoen burliak. Berak ori diño, baña... biek min emongo dautsoe, burliak eta dirurik ez artziak.

        Beintzat, Txomin-Saguri jazo yakonaz ikusten da, gizonik zurrenari be usterik gitxien danian lakaratza sartzen dautsoela.

 

aurrekoa hurrengoa