www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

«AURREZ-AURRE BAT»

 

        Ona emen, irakurle, Laterri-Batza'n (Unites States) jazo zana, eztakit noz.

        Mister Fist, oso jeniño txarrekoa da. Rabbiton ixena daun uriko 36'garren kalian, 1679'garren etxian, 18'garren oñian, bixi da.

        Mister Kick be, demontrien jeniñokua da, Rabbitown'en bertan bixi da berau be, 36'garren kaleko 2.748'garren etxian, 27'garren oñian.

        Goiz baten eguraldi ederra eguala-ta, bijak urten ziran kalera batera samar; bata, Mister Fist, errekaldera juateko asmuagaz, ta bestia, Mister Kick, mendialderako asmuagaz; eta beraz, bata berantza ta bestia gorantza.

        Bijak goiazan izparringija irakurten astiro-astiro ormearen ondotik. Alkar top-egin ebenian, Mister Kick'ek, bere eskumatik joialako, ezeban utzi gura orma-aldia ta gelditu egin zan, bestiari begira-begira. Mister Fist etzan kenduten albora ta berau be izparringitik begijak jaso ta Mister Kick'en arpegijan jarri ebazan.

        Egon ziran alantxe apurtxu baten, da...

        —Ia alde egiten dozun, esan eban, Mister Kick'ek.

        —Ez nik alde-egin, erantzun eban Mister Fist'ek.

        —Ez?

        —Ez!!

        Au esanda, Mister Kick'ek ostikoagaz jo eban Mister Fist belaunian eta onek, ostera, okotzian jo eban ukabillagaz.

        Kalian joiazanak bitartian sartu ziran eta baketu ebezan. Orraitiño, batak eta bestiak atara ebezan euren tarjetak eta alkarri emon, ta olan alkar ezautu ziran.

        Bijamonerako aurrez-aurre bat, desapijo bat, itundu eben. Ez batak ez bestiak gura eben burrukarik ezpatakaz, txarrantxakaz edo pistolakaz, edo olakoekaz. Beste modu batera erabagi eben ba; ara, andik egun bira bijak sartuko zirala, bata alde batetik eta bestia beste aldetik, Rabbitown'dik ez urrin dagon oian baten; bakotxak gura ebazan izkilluekaz eta bertan alkar billatu basoko piztijak balira lez, ta al ebanak bestia il.

        Onan ba, egun-sentijan oianaren ertzian aurkitzen zan Mister Fist zulo bidun eskopeta bat sorbaldatik dingiliz eroala ta zur begira alde gustijetara, ia ikusten ete zan areriyuaren lorratzik; eta ordu-erdijan ibilli zanian alde guztiyetara begira, esan eban bere kolkorako:

        —Nik ondoen egingo dodana da, ezkutau emen nunbaiten, eta ixi-ixillik egon itxaroten; nire areriyua or ibilliko da nire billa alde batetik eta bestetik eta inguru onetara be elduko da noz-edo-noz ta eldu daitenian, nik emendik ilgo dot erbija ba'litz lez.

        Ederto! Au ixanda burutasun bat!

        Eta sartu zan sasi-arte baten, jezarri, gertu ipiñi eskopetia ta egon, ia Mister Kick agertuten zan ala ez begira.

        Goixalde aretan oianaren beste alde batetik sartu zan bertara Mister Kick eskopeta andi bat esku-artian eruala; ardura andijagaz joian aurrerantza begira ta begira, ia noz ikusiko ete-eban bere areriyua, tirua jaurtin eta ilteko. Baña esaten eban bere artian:

        —Zeñek lenengo ikusiko ete-dogu bestia? Berak neu ala neuk bera? Berak lenago ikusten ba'nau, galdua naz. Nik uste dot onena ixango dodala, nunbaiten ezkutatu ta bertan egon itxaroten ia noz agertzen dan nire areriyua. Agertuko da bera; ba, nire billa ibilliko da oianian, batetik bestetik, eta noz-edo-noz ikusiko dot, eta orduan... bere gaxua!, konejo bat balitz lez eizatuko dot. Ai Mister Fist gixajo ori, jauzi zara!

        Gelditu ziran, ba, bijak bata bestiari itxaroten, bata oianaren alde batian, eta bestia urrin, oianaren beste aldian. Bildur ziren bijak ezkutu-lekutik urteteko, geruago ta bildurrago, ta egon ta egon egiten eben, ez bakarrik egun batean, egun bijan be antxe, igitu barik.

        Euren etxietakuak eta euren aiskidiak artegatu ziran, agiri etziranian, eta Rabbitonwn'go uri-nagusijai zer jasoten zan esanda, asi ziran danak euron billa ango inguru guztijetan, eta irugarren egunian idoro ebezan Mister Fist eta Mister Kick, bildurraz eta goziaz makal-makal, anken ganian egoteko be gauza etzirala. Artu ta eruan ebezan urira ta osalarijen ardurapian, pitin-pitinka esnia ta gero janari sendotxuagoak emonda, ekarri ebezan osasunera, ta aurrerantza bixi izan dira bakotxa bere etxian ezer ixan ezpalitz lez.

        Orra ba, Mister Fist eta Mister Kick'en aurrez-aurre edo desapijua.

 

aurrekoa hurrengoa