www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

BILLA YUAN, UTS ETORRI

 

        Erri txiki bateko azeri bik, baña anka bikuak, izparringiya irakurten diñardue.

        Tira, batek irakurri ta bestiak entzun egiten dabe.

        Irakurlariyak onan diño bein:

        —Au da izpar bat! Entzuixu: Estados Unidosen idiyek egaiz.

        —Ondiño andiyauek entzunguz!

        —Orixe diño ba, idiyek egaiz eruen dituezala leku batetik bestera bitarte urriñian.

        Zerien eruen izen goituez, aeroplanuen.

        —Bai ba, yakiña.

        —Orraiti notiziyori oin berrogei urte esan balitz, iñok be ezeban siñistuko.

        —Oin berrogei urte diñozu? Ezta ointxe be!

        —Izen be, askok eztau siñistu gureko.

        —Zu, asmo bat burure etorri yat.

        —Ia esaixu ba.

        —Izpar onexegaz meriyenda bat irebazi geunskiyoela gaur Astokillori ta Mandokillori.

        —Ezta asmo txarra.

        —Arrasteien ardanetxian arrapaukuz, esangutseu, idiyek egaiz ein dabiela, eurek ezetz esango dabe segurutik...

        —Ez ba! Mutil onak dira orretantxe Astokillo ta Mandokillo, kontra eiten.

        —Orduen guk posture meriyenda bat laurontzako, eurek posturiei eutsin, guk irebazi ta betekada bat eingu euren lepotik. Zer deritxozu?

        —Sekuleko ederto deritxot!

        —Orduen orretan geratzen gara.

        —Baita, arrasteira arte ba.

        —Bai gero arte.

        Arrasteian, alkarregaz ardanetxian Astokillo ta Mandokillo azeri biyekaz batu diraneko oneek areei esaten dautsie ba idiyen egaizkadea, ta esan ordukoxe:

        —Barriketie ta... barriketie! —diño Astokillok.

        —Eskolako mutikuen batzuk gariela ustozue ala? —ganeratzen dau Mandokillok.

        —Ze mutiko ta ze mutikoste! Guk diñoguna egiya da, ementxe izparringi pormal onetantxe dago —diñoe azeriyek.

        —Ezta egiya! —didar dagiye Astokillok eta Mandokillok.

        —Bai da!

        —Posture gurozue ala?

        —Ezta!

        —Bai, guru.

        —Laurontzako meriyenda on bat?

        —Bai.

        —Iruna pesetako meriyendie?

        —Bai, einde.

        —Galdu dozue ba; zu, irakurrixu or.

        —Itxon ondiño, esaten dau Astokillok, emen izentau ein biu juesa, gure auziyau ebatziko dauena, zeintzuen aldera errazoia yausten dan.

        —Iru izentau daiguzen ba; zuek bat, guk beste bat, eta irugarrena tabernerue izen daitela.

        —Ontzat.

        Epaikari-irukotxa autu dabenian, onek agintzen dau izparra irakurteko, ta azeri irakurlariyak onan diño:

 

        Idiyek egaiz.

        «New York. Asshead and Company deritxon Bazkunak bialdu ditu amabi idi gizen, Nord Dakotako Cando uritik Chicagora, egaizkin andi baten, amalau orduan beterik uri biyen arteko 1500 kilometruak.

        Trenez baño ariñago ta merkiago egin ei da eruate ori, ta Asshead Bazkunak beste amar egaizkin eskatu ditu Pittsburgeko egaizkin-lantegi baten».

 

        —Orra ba, diñoe azeriyek, zelan egiya dan idiyek egaiz yuan dirala.

        —Zuek, zer diñozue? —esaten dabe epaikariyak Astokillori ta Mandokillori begira.

        —Guk diñogu, darantzu Astokillok, idiyok eztabela egaiz egin, egaizkin edo aeroplanuen eroan dituez.

        —Baia, dana dala, eurek goitik, aixez, yuen dira —diñoe azeriyek.

        —Eurek eztira yuen, eruen egin dituez, diño gogor Astokillok; ori izengo liteke, Amerikara itxasoz yuen dana, uger edo igerian yuen dala esatie lez; Bilbotik Durengora ordubetien trenez datorrena añeketan bide ori ein dauela esatie lez.

        Trenian erueten dabenak eztau añeketaik eiten, aeroplanuen daruenak eztau egaiz-eiten.

        Epaikariyek ebatzi eben Astokillo ta Mandokillo zuzen egozala, ta beraz, meriyendia irabazi ebela.

        Azeriyek lotsatuta, ordaindu eben areen azkariya ta alde-egin eben andik, atzetik barre ta burle egiten eutsiela ardanetxekuak.

        Sekuleko goguaz iruntzi eben Astokillo ta Mandokillok azeriyei ain polito irabaziriko azkariya.

 

aurrekoa hurrengoa