www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

KONTUZ IRRILARIAKAZ!

 

        Gaztelako erri baten bizi da astokillo aundi bat, ez alan-olangoa, lurbirako astokillo guztien errege edo nagusi izan leitekeana baño.

        Beroni irri andi bat egitea asmau eben bein gogaldi oneko lagun batzuk, esango dan eran.

        Azoka-eguna zan. Erosi ebazan astokillok untxi edo koneju eder bi. Etxeruntz eroiazala, aurkitu eban enparantza bertan len aitaturiko irrilari bat.

        Alkarri egun onak emonda gero, esan eutsan onek astokillori:

        —A mutil, orrek dozak ollaskoen ederrak daroazanak; zegan erosi dozak?

        —Nungo ollaskoak? erantzun eban astokillok. Oindiño andiagoak entzun bearko doguz!

        —Itandu doat zegan erosi doazan ollaskuok.

        —Baña non daukazak begiak? Eztok ikusten untxiak diriala?

        —Ba, ba, astokillo; ori dok urteieria; gura ezpadok esan zeinbatian erosi doazan ollaskoak, esaik artezean da ezaite ibilli olango lelokeriak erantzuten.

        Gelditu zanena bakarrik gure astokillo, begiratu eutsan astiro eskuan eroiazan untxiai, eta ziñoan agin artean:

        —Guzurra dala esan leike ori lango gizon batek bestelako astakeria esan leiala.

        Iarraitu eutsan bideari ta laster esan eutsen zaldun bik:

        —Ollasko ederrak, astokillo...

        —Zuek bere bai? begirik badaukazue?

        —Zer diñok?

        —Nik eskuan daukadazanak ollaskoak diriala diñozue?

        —Zertzuk dozak ba?

        —Baiña, gizonak, eztozue ikusten untxiak diriala?

        Barre santzo andi bat egin eben biak, esanaz:

        —Edo gogaldi ederra daukak, edo ukalonduori goitik erabilli bear izan dok ik gaur goizean.

        Asarrez ioian etxeruntz gure astokillo, ta kafe-etxe baten ondotik igaro zanean, leio ondoko mai baten egozanai entzun eutsen esaten:

        —Mutillak, egazti alagalakoak astokillok daroazanak, arrozaz ipiñita iateko gaur arratsaldean.

        —Andia da gero kontu au! esaten eban beren artean astokillo koitaduak, noizik beiñean untxiai gogoz begiratuta.

        Ganera, beren etxera eldu baiño lentxuago bi edo iruk berba egin eutsen besteen erara, ikaratu zan, da ariñeketa baten sartu zan etxean, iaurti ebazan untxiak, beren emazteari esanaz:

        —Or daukazuz ollasko edo untxi edo demoniño bi, nik eztakit zeatz zer direan-da.

        Emazteak auzoetako lagun askori deituta, danen artean nekez siñistu erazo eutsen astokillori, azokatik ekarri ebazanak untxiak zireala, ez ollaskoak.

 

* * *

 

        Irri astuna da, ez bakarrik astokillorentzako, baita norberen burua zer edo zertzat daukanarentzako bere. Irrilariak egin eben au astokillogaz astotzat ezagutua zalako; baña etorri baillakee burura beste edozeiñegaz egitea alako deabrukeria, beste au bere eztakit zelan ibilliko zan, aiñ da andia lagun askori entzuten iakan gauzeak daukan indarra.

        Astokillori gertau iakona, edo gertau iakon antz antzekoa aurrez ikusten dogu gaurko egunean, ez zoritxarrean ollasko kontuetan, au azkenean bere ezta aldia igaroteko ta barre batzuk egiteko baño; gertatuten da beste gauza astunagoetan.

        Iatorriz beren barruan daukan adimeneko argiaz baño ezpada bere, gizonak ikusten ditu gauza asko garbi, zuzen, eurai dagokioen erara, astokillok beren begi zoliakaz untxiak ikusten ebazan lez. Alan, begiratuaz, eguzkia, illargia, izarrak, itxasoa, lur ta mendi, odei, iturri, erreka, zugatz, bedar, lora, abere, pizti, arrain, egazti, eltxo, ta ezin esan ala gauza, begiratuaz onek gauza guztiok azpiratuten dabezan lege zuzen ta beiñ bere utsik egiten eztabezanak, eta azkenean bere barrura begiratuaz, gizonak ezagututen dau garbiro bateren batek izan bear dabela euren egille ta iaubea, au da Iaungoikoa. Ondo daki gizonak beren eskuetan daukala azkatasuna, gauza ona edo txarraren zigorra emongo iakala emen edo nun edo nun; badaki zer dan gauza ona ta zer dan txarra, berari besteak egitea gura leukeanari begiratuaz bakarrik; badaki gizon batzuk alper, nagi ta baldresak direan artean, beste batzuk langiñ, bizkor ta zoliak direala, eta beraz ondasunetan bardiñak ezin izan leitekezala; badaki batzakuntza guztietan, iraungo badabe, legeak egon bear dabeela, eta lege oneen betekuntzarako norbait edo norbaitzuk izentauta egotea nai-ta-naiezkoa dala, eta berari edo eurari begirune ta menegindea zor deutsagula; onek ta beste gauza asko daukoz gizonak beren begirapean.

        Eurok baño ziertuago dakiz ondiño beste egi goragoko batzuk, ulertuten ezpaditu bere, neurri bagako anditasunekoak direalako ta gizonaren adimena neurrikoa, ta ez andikoa, dalako; egi onetaraño ezeban gizonak sekulan igongo, Yaun errukitsuak berak agertu ezpaleutsoz ondamenetik aldendutearren; egi onek, edonok daki, geure Yesukristo Yaunak irakatsirikoak dira, Eliza donearen ikasbidean iratsita dagozanak.

        Astokillok enparantzatik etxera bitartean sakabanatuta irrilariak aurkitu ebazan eran, gizonak bere topez egiten dau lurbira guztian zabalduta dabizan irrilari gaizto batzukaz, zeintzuk daukeezan batuta euren gogoak, gizon gaisoai zuria baltza dala ta baltza zuria, zuzena okerra, okerra zuzena, eguna gaua ta untxiak ollaskoak direala siñesterazoteko.

        Onetariko batek dirautso gizagaixoari, esate baterako liburu baten orri artetik, eztabela siñistu bear aiñ garbiro dakusen gauzea; eztagoala ez Yaungoikorik, ez arimarik, ez saririk, ez zigorrik, ez erlejiñorik; eztogula bear legerik, ez nagusirik, danok bardiñak izan bear dogula, bakotxak gogoak emoten dautsana baño besterik eztaukala zergaitik egin, da beste onako astakeri asko. Lenengoan, astokilloren antzera, esango dau bere artean: «Gizon onek eztauko zentzunik». Baña gero iraslariak liburutik iaurti dautsazanak, irakurriko dauz ostera bere albistarien baten, ioango da batzar edo mitinen batera ta an bere entzungo dauz barriro astakeriok, entzungo dauz ikasteetxetan, etzungo dauz kafeetxeetan, ardantegietan, biltoki edo teatroetan, burdin-bidean, kalean eta alde guztietan dagozalako deabruaren semeok, edo obeto esateko deabruaren laguntzalleok, umeak Goikoarenak direalako danak.

        Eta zorionez ezpadauko nok ipiñi begien aurrean, edo badauko bere, ezin baiako ezautu-erazo irrilariak darabilden arloa, astokillok beren emaztea ta auzokoak euki ebazan lez, geratuko da azkenean benetako asto bat eginda. Siñisterazoko dautsee gura dabeen guztia; esango dautse idiak egaxka dabizala lorarik lora, erleak balira lez, da bete betean siñistuko dau; esango dautse eskumako besoa ezkerra dala, ta alantxe dok izan be; esango dautse astoa izateko arrantzea baño eztabela bear, da baita; edozein gauzatarako ipinten dabe bigun-bigun. Orduan igoten dautse bizkar-ganera, ta ederto doaz neke barik eurak gogoa dauken lekura, ederto doaz goietaraño, au da, Errien buru edo nausi izatera, zeintzuetara ez leukee iñoz igon al izango bakarrea; argal, erkin, indar bageko gizontxu batzuk dirialako.

        Ta ezta gauza barregarria ikustea azpiko astoa esaten gogoz arrantza ikaragarriakaz: Bizi bedi azkatasuna!! Bizi beitez gizonaren eskubideak!!?

        Eztaukak azkatasun txarra gizagaixo orrek, pozik aska baten galtzu apurren bat iaten emoten badeue; barre egiuek eskubideai, lelo orrek; eure iaubeen kontra ezetan asten baaz, laster lotuko abe ta makillaka azurrak eiotuta arrantza neketsuak bota bearko dozak; zer uste dok ba, ire ederragaitik dabiltzala besteok? A ze barre zantzoak egingo leuskizuezan batai ta besteai, gaiztakeri guztien iturburuak, barrerik egiteko balego bera!

        Astokillori egin eutseena, kontuan egon-ezkero, ezta erraz egitea iñori; beste muetako astokilloai egiten dautseena bere ezta ain erraz-erraza, kontuz bizi ezkero ta gogoan euki ezkero zelango txakurrak dabizan Yaungoikoren lurbiratik zear; orregaitik danok euki bear dogu gomutan esakune au. «Kontuz irrilariakaz!», ba lotsagarria izango litzateke astokillo baten antzera sartuko baleuskue bestelako lakatza!

 

aurrekoa hurrengoa