www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

ARAMAIO'REN DEABRUKERIAK

 

        —Ori da agurearen meia!

        —Zelan? Aramaio?

        —Aramaio dau izena. Angoa da-ta... Arroaterdi astun ez da bera.

        —Ez; baña orren makar ta orren zar ta orren triskil dakutsun agure eskale orrek, lengo gau baten makillaka apurtu zituzan lau edo bost mutil gazte-sendoak, ta ganera txis egin eutsen burutik beera.

        —Bateko ori bota dozu ba, gizona, ta biribilla bota be!

        —Banekian guzurtzat artuko zeustala, baña ezta guzurra. Gertaera ori ikusi ebenak eztira urrin bizi; orraitiño euren testigantza edo lekukotasun barik be siñistuko dozu, azaldu daitzudanian zelan izan zan.

        —Ia ba, asi zaitez esaten, ta ikusiko dogu siñisbiderik daukan ala ez.

        —Ara ba: Len aitatu dodan gabean ei-egozan Urkiola'ko ostatuko suetean lau bosten bat mutil gazte arrokeria erioela, batak au ta besteak ori, iñun direan ausardikeriak edo balentikeriak esaten. Sendoak eurak ta ganera barrua ondo berotuta Naparroa'ko edari baltzaz, aupadaka ebiltzan, inguruetan ez egoala eurai aurre emoteko gizonik, eta iñok urten gura baeban urteteko, ta eurai atzera eragingo eutsenik ondiñokoan etzala jaio ta... orretara arroen arroaz praketan be artu ezinda.

        Arrokeri guzti onek ezer bagakoak zirean, bada euren entzulak iru edo lau emakuma, ostatuko morroi bat, irurogei urte ingurukoa, ta baketsua bera ta Aramaio agure zimela zirean. Onek, alango baten esan eutsan morroiari:

        —Manu, gurok bioen artean lepoak berotu daioeguzan onei?

        —Burutik ein yak ala? Gu zer gozak ba orrentzat? Bai, mutillak yauzak eurak orretarako!

        —Ba ik gura ezpok, neuk eingo yoat.

        —Eiñeik gura badok; baia errezke agur eingotzak sekuleko Aramaio aldeari.

        Alde egin eban sukaldetik Aramaio orrek eta atari-aldeko eskepean ixil-ixilik aulki luze bi zearretara ipiñi, aupada-santzoa jaurti, makilleagaz arrast egin lurrean, eta aotsa (boza) aldatuta esan eban deadarka:

        —Urten ona barriketan or dagozan ollo-kumak!

        Au entzun ordukoxe, jagi mutillak egozan lekuetatik eta amurrututa, tximistak legez, urten eben atarira. Eskuko atzak be etzirean ikusten an ta jo eben bernazakiakaz aulkietan, eta lurrera jausi zirean bata bestearen ganera, aieneka ta erdi arnas barik, miñen miñaz. Inoz bernazakian olango blaustadarik artu dabenak badaki min ori zein zorrotza ta zein eroan-eziña izaten dan.

        Bitartean agure gaiztoak ezeban galdu astirik; erabilli eban azkar makillea, erruki barik joten zituzala buruan nai edozein lekutan. Eskaratzetik argiakaz etorri zirianeko, eiotu zituan naikoa ta alboko gela batera sartu zan.

        Erdi errenka eta buruak zaurituta ebilzan mutillak, eta guztiakana agertu zan Aramaio be, sekulan plater bat apurtu ez-paleu legez. Manu morroiak esan eutsan belarrira:

        —Ik ein dok demoniñokeria! Yakingo baluek yakin... ire gixaxue.

        Baña nori buruak emongo eutson Aramaio lango agure zar koitau itxuradun bat izan zeitekeala alango barrabaskeriaren egillea? Zerbait artetu ziranean makillatuak, guztiz asarre ibilli zirean etxe-inguruko ta etxe barruko bazterrak aratuten, ia aurkituten zituezan arerioak, bertan zatituteko gogoaz, baña... iñor bere ez. Zelan, eurakaz batera baebillen arerioa bentasun (seriotasun) andienagaz ziñotsela: Gizonak, mundu honetan asko ikesteko asko bizi, bestelan nok esango euskuan guri orretaiko gaiztakeria egitia burura etorri leikiola iñori?

        Bein suetean batu zireanean, buruetako odol-uneak osatuteko gauzarik onena zer izan zeitekean eztabaidan asi zirean atso-agura-mutillak. Aramaio'k ziñotsen:

        —Jentiek, nik olango gauzetan zuek baño jakituri geiao dauket, zuek baño geiao ikusi doalako, ta neuk diñotsuet eztauela gizon elduen txixa baño gauza oberik orretarako, ta txix oi bero-berorik izan ezkero askoz obeto.

        Atsoak be sendotu eben eretxi au, txixa langorik ezegoala atarako-ta. Urten eben emakumok eta bakarrik geratu zireanean agure-mutillak, Aramaio'k esan eban:

        —Mutillak, zetan arraio ibilliko gaituk katillu batera txixa ataraten? Neuk botakotzuet kontuz-kontuz bakotzari txix apur bat, eta olan otzitu barik artukozue erremediue.

        — Errekontxo, txarrikeri ori be bai? erantzun eutsan mutil batek.

        —Zer txarrikeri? Zer yaukek ba? Kuraziño gauzetan txarrikeririk etxaok, edo obeto esateko, txarrikeriak izaten dozak guztiak, baia etxok iñok aintzat artzen.

        —Tire ba, tire ba.

        Jezar leku batera igon eban Aramaio'k eta... egitekoa egin eban. Andik lastertxu alde egin eben mutillak eta ziñoan agureak suetean:

        —Arrotxo ibilli zarie, baia zeuenak badaruazuez, gaztiek eta senduek izan arren. Zaarrak giñiala-ta, orrenbeste aupada entzun bear geiñduan ala? Zaarrai itxi bake-bakien... zaarrak asko yakiek-eta.

 

aurrekoa hurrengoa