www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

ZARATA ITXELAK

 

        Mañariko basetxe bateko soluan laiariyek ibilli dira lanian, andra ta gixon, neskatilla ta mutil gazte, eta arratsalde berandutxuan, ija illuntzian, umorerik onenagaz diñardube apai-merijendie eiten, solo-ondoko landa baten zabal jezarrita.

        Amaitu dabe euren janaldije ta barriketan poz-pozik dabixala orra neska gaztetxu bat agertzen dala añeketan estartia-gora, ta arnas-estuka, ozta-ozta esan al dau:

        —Ai ene bada ta! gurien lapurrek dabiz, bai, lapurrek!

        Neskatxu onen basetxia eun kana edo alakon bat beratsuago dago. Neskatxua bakarrik egon da etxian; bere aita ta etxeko enparauek laiarijen artian dira.

        Berak kontetan dau etxe-ostera zetan-edo-atan urtenda atzera etxera sartzen juan danian, zarata itxelak sumau dituala barruan eta bildurtuta datorrela, jazoten dana esaten.

        Laiarijok jagiten dira bat-baten eta euren arteko mutil da gizonen batzuk diñoe arro-arro: Lapurroi, lapurrik badao, agudo ataraku ba.

        Juan dira danak; ara orduko illundu dau oso, alboko laguna be ezta ikusten; eta zenbat urrago ta otzago duaz. Etxe-aurrera eldu diranian, atia zabalik ikusten dabe, barrua upia baño baltzago ta dana ixi-ixillik. Eztakije inor barruan dagon ala ez; eta badago, bildur ixateko dala diñoe danak itxu-itxuan sartzia, barrukuak, ba, txakada txarra ein leio gero!... um...

        An dagoz danak geldi, iñor barrura sartzen azartu barik. Orraitiño andra batek badiño bero-bero: Ze demontre, guezan barrure, neu aurrenengo, segidu daizue!

        Ta sartu zan andria ta bere atzian beste guztiyek, subetian ixitu eben argi bat edo beste, arakatu eben etxia betik-gora kontuz-kontuz, eta ezeben ezer idoro.

        Orduban danak asi yakozan neskatxuari barre ta burle eiten, ia ze zarata entzun ete-eban: eltxuen batena ixango zala ta olan.

        Danak egozan subetian, jezarrita geienak, eta usterik gitxien ebenian... «dra-dra-dra», entzun zan zarata bakan bat etxe barruan eta euren ur-urrian irudijana, te iñok ezin ebana igarri zeren zaratia ixan eitekian.

        Gelditu ziran danak arnasa barik.

        Apur baten alan egonda orraiti gerotxuago, zarataik etzala entzuten-da, barriro etxia arakatu eben, eta len lez, ezeben ezebe idoro.

        Batu ziran atzera subetian, eta an egozan jezarrita, barriketan, baña ixiltxo, adi-adi euren artian esaten zer ixan eitekian alako zarata bakana.

        Eta... ene Jaungoikua!... barriro be «dra-dra-dra-draa» lengo zaratia.

        Orduban arrije lez geratu ziran danak. Iñok ezeukan adoreik zirkin bat egiteko be. A zan larrija!

        Baten bati otu yakon «alde txarreko»ren bat ixan eikiala, ta errosariyua errezau biar ebela, bertatik alde eraiteko berari, eta, baita, danak ontzat artu eben asmo au eta asi ziran ba.

        Eta errosariyua errezetan ebiltzan artian zaratak garratzaguak eta ugarijauak egin ziran.

        Danak egozan errezua artez esan eziñik, bildurren bildurrez, ta añeketa baten amaitu eben errosaiua ta banaka-banaka, etxekuak ezik, danak alde ein eben andik.

        Geratu ziran bakarrik aite ta iru alaba, euren artian neskatxua, emakumiak negarrez eta aite okotza paparrien sartuta letxe, laurak subetian; eta entzuten beti-be zarata bakan areik.

        Alaba bata aldi-txarrak artu eban, eta an ibilli biar ixan eben beste bijak ur otzaz kokotian igurditen eta ozpiña sur-zuluetan ipinten, bere senera ekarteko.

        Goixaldian, orraitiño, neskatxuari, gaztia zan lez, bildurra gora-bera gosia etorri yakon eta jagi bere jarlekutik eta juan zan arka edo kutxara gaztae zati bat artzeko asmotan; jaso eban arkiaren tapia ta bertan ikusi eban etxeko katua eguala.

        Ordubantxe konturatu ziran zarata areik katu arexek atara zituala. Bai ba; arka barruan gari-ondakiñak egozan, eta katuak gaztaiari agiñekaz eldu ta zatiya kentzeko tarraz erabilten ebanian batetik bestera, tiraka, gari garaunen ganian arka-barruan zarata berarizkua ataraten eban.

        Eta axe izan zala igarri eben, ordutik aurrera entzun etzalako lengo zarataik. Juan ziran ogera irurak bake-bakian eta bijaramonian erri guztiyan zabal zan Andikoetxen jazo zan gauza ikaragarrija ta geiturik izparra, oi dan lez, esateben leku askotan «alde txarreko» aldra andijak agertu zirala Andikoetxen, euren prakagorri, buztan, adar ta guzti.

        Geruago jakin ebenian katu batek bildurtuta alako jente pillua erabilli ebala, bazan an barre santsua ta burle-ein biarra!

        Baña burleti asko aren lekuan egon balitz, etxera prakak bustita eruan baietz atzeko aldetik...

 

aurrekoa hurrengoa