www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

FISIKAKO IRAKASPEN BAT

 

        Lengo egunetako euzki-galdak gomutara ekarri dauskue, orain jazoera bat.

        Gure aiskidia ta bere lagun bat, biak emenguak, ei-egozan bein Leongo erri baten, elizpian, amaika ta erdietako mezia noz asiko zan begira.

        Udearen biotz-biotzian ei-zan. Zerua garbi-garbi. Aizerik bapez. Euzkiak erre biar bazter guztiak. Eleiziaren aurreko enparantza, labia letxe ei-eguan. Bero andienetarikoa. Gure aiskidiak iñuanez, termometro bat euzkitan ipiñi balitz, 46-47 malla erakutsi izango ei-ebazan, gitxienez. Onetan, ikararik andienaz ikusi eben etorten eleizarantz enparantza galdatuaren erdi-erditik gizon bat kapiaz batuta burutik oñetara eta buruan eroian kapela sendo egal-zabala.

        Kapiaren iduna eltzen yakon belarrietaraño, buruko kapelia jo arte, ta orregaitik arpegia etxakon ondo ikusten; oztozta begiak eta surra. Kapia ei-zan Kastillako erri txikietan lugiñak erabilli oi dabezan lakoxe sendua; ta luzia, barriz, orpoetaraño.

        Astiro-astiro ei-etorran, oinkada lau-laua ta laburra egiten ebala.

        Eldu zanian eleizpera, keizpetara, kendu ebazan kapia ta kapelia. Orduantxe ezautu eben, erri-idazkaria (secretario municipal) zan.

        Esan ei-eutsoen ba, ia zoratu ete-yakon alako beruaz kapiaz etorteko; ta berak erantzun ei-eban, kapiaz ta kapeliaz estalduta preskuago etorten zala. Ia zelan ori, ta ona emen bere zegaitia: —Gizona: kapia ta ostantzeko jantzi sendo «berogarriak», zetarako ipinten doguz neguan? Gure gorputzeko berua igesi juan eztaiten eguratzera (atmosfera). Jantzi sendo orreik dira «esiyak» beruentzako, igaroten eztautso izten; orregaitik gordetan dabe gorputzaren berua, kanpora juaten galerazorik, eta berogarriak ereizten dautsegu. Ba, eguratzian gaur lez, gure gorputzaren berua baño askozaz andiagoa daguanian, orrelako jantzi senduak, beruarentzat «esiya» dira; jantziak, galerazo egiten dautsoe kanpoko beruari gure gorputzera sartzen. Gorputzetik eguratzera, ta eguratzetik gorputzera igaroten eragotzi eiten dautsoe beruari. Eta ona emen zegaitik ni, olako egunetan etorten nazan eleizara ta nai-nora neure kapa andiaz, astiro-astiro, al-dodan indarrik gitxien eiten dodala. Ta onetara presko-presko, edo beintzat, papaua lez abua zabalik neuri begira egoten diran gixajuek baño askozaz preskuago. Nik esan neutson neure aiskidiari: —Zuek be idazkariena entzun ezkero, kapa andi batzuk eskatuko zenduezan euzkirik-euzki ibilteko. Aizkidiak erantzuztan ezetz; eurek uste ebela idazkari arek zuzen esan ebala, baña alan be, oiturarik-ezak edo ezeutsela itxi kapiaz ibilten.

 

aurrekoa hurrengoa