www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

BURUKO MIÑA TA BIBOTIA

 

        Emen gaur edesi edo kontauko dautzuedana, Bilbao'n bertan ondiño lengo egun baten jazorikua da.

        Zaldun urtetsu bat aspaldijan txarto ebillan, txitian-pitian ixate-ebazan buruko min itxelak; bekokijan ixaten ziran miñok, baña, zelakuak? esan eikian erdibitu egin biar yakola bekoki-azurra.

        Onegaitik ete-da, orregaitik ete-da, alegiñak egin ebazan zaldun orrek bere gatxa kentzeko, baña dana alperrik, oñaze edo tormento bixi baten igaro biar ixaten eban egunik geiena.

        Juan zan ba bein bere adiskidia dan bilbotar osalari ospetsu bategana, ta esan eutson zer jazoten yakon, eta eskatu eutson emoteko berari buruko min ain andijak kentzeko osakiren bat.

        Osalari ospetsu onek, zati baten berari begira zorrotz-zorrotz egonda gero, erantzun eutson:

        —Bibotia kenduixu.

        Zaldunak bakan eretxi eutson esakun oni ta barriro beste ekiñaldi bat bere gexuatzaz eginda, esan eutson osalarijari:

        —Baña, ezteustazu emongo, adiskide orrek osaki bat gexo gogaikarri au kentzekua?

        —Kenduixu bibote ori; esan dautzut len be.

        Ta geiago barik, osalarija jagi zan, eta alde egin eban bestiaren aurretik, arpegi illunaz.

        Zalduna urten zan kalera ikaratuta; aurkitu eban laster bere aiskide bat, eta onek itandu eutson:

        —Da? Buruko miñok, zelan dabiltz?

        —Egin-eginian be ointxe nator, ba, Urlija osalarijaren etxetik eta beragaz yazo yat gauza barregarrija. Azaldu dautsot ba neure gatx au, ta bakixu zer erantzun daustan?

        —Zer?

        —Bibotia kentzeko!

        —Oixe dok ona! Baña... olgetan esan ixango dau.

        —Bai, zereko olgetan! Ondo seriyo esan dau.

        —Orduan kenduixu.

        —Kendu egingo ete-dot ba?

        —Ba osalarijak agindu ba'dautzu...

        Zaldunak bere etxian be, esan eban osalarijaz euki ebana; entzunda barre egin eben, eta aiskidiak esan eutson lez, etxekuak be esan autsien bibotia kendu egijala, jakintsuaren agindua betiaz.

        Alantxe ba kendu eban bibotia, ta arrigarrija! egun atan min gitxiago euki eban buruan, bijaramonian bapez, ta andik aurrera eztau susmau buruko miñaren azterrenik be; guztiz osatuta. Zelan ixan leiteke ori? Zer artu-emon dauke buruko miñak eta bibotiak? Ala sorginkerija ete da?

        Eztago sorginkeririk. Ona emen azalbena edo explikazionea.

        Zaldun urtetsu orrek, bere burua gazte antzera ipiño gurarik, bere bibote urdiña pintau egiten eban. Pintetako erabilten urak emondako lurruna sudur-zuluetatik gora juaten yakon barrura arnas-aixiaz naste, ta orrexek ekarteutson buruko miña.

        Osalarijak itxuraz lendik bai-ekijan iñoz bibote-pintureak buruko miña sortuten dauala.

        Orain guk be bakigu. Zain, agure eze gordiñok!

 

aurrekoa hurrengoa