www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

ALPERREKO GAUZAK SOÑIAN

 

        Arañegun goixian ikusi neban atarte-zapatari bat, lanian zintzo oin-ugalaz gogor lotuta eukola belaun-ganian zapata bat zoruaz gora, ta berau alonduaz josten, beso bijei alboetara indartsu eragiñik, egaiz egiten asi gura ba'leu lez.

        Orain arte eztogu ezer esan ikaratzekorik, baña jarrai irakurten.

        Bere soñekuak ziren abarketa zarrak, iñoiz baltzak izandako praka arreak (pardoak), garriko baltza, txaleko gorriskea, mangutsik, eta aurre-aldian narruzko-amantal me-me ta birrist argi egitebana. Gorantza jota bere sama baltz igerraren ganian agiri yakon bere buru, gaztaña txikola lakoxia, arpegi estua, bibote erre erkintxua ta bedar artian taketa lez zigarro mutxikin amataua bertan.

        Eta buruan betiko txapel koipeztuaren ordez, lantzeruek eruaten daben lako burdiñazko txapel edo kaskua, oi-goian bere piku ta guzti. Itxura bat beukan! Karikatura politagorik eztot azpaldijan ikusi.

        Barriari eutsin eziñik esan neutson berari:

        —Zer darabixu Txinpas, buruan traste ori ipiñita?

        —Ez al naiagok ba dotore?

        —Bai bein! Baña ezin ulertu dot zer daukon zeikusi zapata-zoruek jostiak buruan daukozun soldau-txapel burdiñazko orregaz.

        —Bape zeikusirik etxaukok.

        —Orduan zegaitik daukozu?

        —Ba, oixe bururatu yatak eta... jantzi egin yuat eta... or daukok ba!

        —Eta nundik nora eskuratu dozu beroi?

        —Ara; lengunian aldatu zuen etxe onetatik Abando aldeko-kale dotore batera Don Makaio, ta tellatupeko gelan eukozan traste zar guztiyak, saltzeko ardurea neuri emon yeustan eta antxe aurkitu naiuan txapel au. Don Makaio'ri eskatu neutson berau, baietz esaustan, garbitu yuat alik ondoen eta emen naukok, gudari edo militarrik bibotetsuenari musien jokatuko neuskijola, ta irabazi, azunberdi txakolin. Txapel au ei-yeguan Don Makaio'nian karlisten azkenengo gudatetik (gerratetik).

        —Len be ezauna zara emen inguruan; baña buru-estalgi orregaz Bilbao'ko zapatraki'rik ospetsuena ixan biar dozu.

        —Andija dok! Ikaratu egiten zarie nik au jantzi dodalako, zapatak barriztuteko onakorik eztala biar esanda. Ba, egunero zabiltze onelakoxe gauzak ikusten eta bape etzarie ikaratzen. Ator, ator onaxe, burleti.

        Besotik elduta euan ninduan ate-birrinbillara ta andixik atzamarra luzatuta esaustan:

        —Ikustok a? Ondo begituiok.

        Automobil bat eguan geldituta eunzuri denda andi baten aurrian, eta burdizain edo chauffeurra zutunik onduan, besuak eunduta, itxaroten bere etxekandria denda aretatik noz urtengo zan.

        —Zein diñozu, chaufferra ala?

        —Berbera. Orain esaistak, zetako yoazak orrek narruzko polaña bat-batuok, burdi orretan jezarrita geldi-geldi egon biar ba'yok?

        —Ezetako bez; bere lana egiteko eztau orrek polañarik biar.

        —Ez ba, mendijan zetan-edo-atan dabillan batek polañak erabiltia ulertzen dok, praka barrenak, urratu ta zirtzildu eztakijozan, ota, giñarra, elorri, arantza, ta ostantzeko larrak elduta; baña burdijan arkoloka jezarrita ibilteko polañak? Txarreterak be bardin ipiñi leikezak, baita morrala be!

        —Ori olantxe da izan baña... zer gurozu! Apaingitzat janzteituez orretaikuak. Gitxi-asko, danok darabilgu soñian biar-biarrekua eztan gauzaren bat, apaingi edo edergarritzat.

        —Ba, nik be zaldizko soldau-txapel au orrexegaitik ipiñi yuat, atsegin yatalako, ta kittu: nok yaukak zer esanik?

        —Zer esanik ez baña barre-gurea bai, zure itxuria ikusita. Orain zuk lez, beste zapatraki guztiyak be ipiñi ba'daiez orrelako burdin-txapel, alditxu baten begijak oituko yakuz, ta gero eztautso iñori barrerik ez mirarik egingo, danok ikusiko doguz zeuen kaskuok orain chauffeurren polañak ikusi oi doguzan baxen adiraje.

        —Utzi naik, eure pillosopokerijakaz makillatu barik. Nik bai-yarabillat bai, ta or konpon: ikusi gura eztaunak eztaiala begitu, ta barre egin gura daunak egin daiala errementau arte be gura ba'yok, niri ardura yaustak bost! zuen kopla guztijekaitik; bestelako txotxorrillo gazbakuok alakuok... zer ba?... gizon ez al dok bere buru bere janzkeran ala?

        Onetan utzi neban Txinpas, geruago sutuago, ezpanak dardar ebilkozala asarriaz, ta bere esanak amaitzeko antzik ezebala.

 

aurrekoa hurrengoa