www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

AZKONARRAK ETXIAN AZI

 

        —Kaixio Yonandon aspaldiko!

        —Zelan zabixe emendik, Kiri?

        —Gu, betiko antzera, batian buruzkanka, bestian ankazgora.

        —Oixe da mundue ta... zer eingo yako ba!

        —Zeu, Yonandon beti izan zara asmatiya, ta ontxe be or bekoki-barruan asmo garratzen bat erabilli baietz egingo neuke.

        —Egin-egiñien, badarabilt egunokaz asmo polit bat.

        —Diru asko ataratekua, ezta Yonandon?

        —Polito atara lei, ez pentsau.

        —Esan ba Yonandon... ixilleko gauzen bat ezpada.

        —Ixillekue... ixillekue... ixen bada ixillekue, baie zeuri esangotzut, ixillik eukiteko kondeziñopian.

        —Nigandik iñortxok be ezer eztau yakingo; beraz, esan ardura barik.

        —Or due ba. Ara; nik azkonar-eme bat bizirik lakiyuen arrapau neban aspalditxuen, eta etxian daukot bizirik.

        —Pizti txarra da ba azkonarra etxian eukiteko. Estuta daukozu ala?

        —Ez; berak urten ezin leiyen gela baten daukot libre, esan gurot estu barik.

        —Eta yatekua, zelan emon?

        —Gelien goiko zulo batetik botateutsot.

        —Zer emoten dautsozu yaten?

        —Ba, konejuei ta emoten yakena, ortuari ondakiñak-eta.

        —Ta yaten dauz?

        —Yan ez ostera... Bai iruntzi arek!... Beste gauza bat be asko gustetan yako, ta beti-be ekartutsot; beretzat ixeten da ori guretzat noz-edo-bein ollue edo bildotsa yatie letxe.

        —Zer da ba azkonarraren yaki ain eder ori?

        —Kakarralduek.

        —Arrayie Yonandon, orreik dira ostera egaztiyak! Da nun da zelan arrapetozuz ba?

        —Illunkerantza estarta bakarretara yueten naz, ta bei-pekotzetan zeinbat gure kakarraldo ibilli oi dire; topin zar bat erueten dot, eta bete-beteik etxeratzen dot. Ikusiko bazendu azkonarrak zelako pozik yaten dauzen kakarralduek!

        —Eta zetako daukozu ba bizirik azkonar ori?

        —Len ezautzut emie dala.

        —Ta, zer?

        —Oin nabil lakiyuek egunero ipinten azkonar bidietan, ia ar bat arrapetan dodan bizirik.

        —Azkonarkumiak etxian azi gura dozuz ala?

        —Oixe da neure asmue. Konejuek letxe azkonarrak azi, gela egokiye etxien deukotan ezkero.

        —Eta azkonarrok, zetako gura dozuz, ba, Yonandon? Mendira botateko ala?

        —Bai zera! Eztozu leidu periodikuetan, ondiño lengunian, Diputaziñuen iru ogerleko pagautsiezala kazadore batzuei azkonar bat ilda ara eruen ebelako? Oixe sariyoi ei dauko agindute Diputaziñuek agertzen yakon azkonar bakotxagaitik, eta...

        —Zuk, Yonandon, etxian azkonarrak azi ta Diputaziñuari iru ogerlekuan bakotxa saldu gura dautsozuz?

        —O... oixe! Negoziyo txarra da ala?

        —Ara, Yonandon; esaten da Ipar-Amerikan gizon asmati itxelak dagozala, baña egingo neuke zeu baño asmatiyagorik ezetz aurkitu bat bera be, yanki guztiyen artian. Arraien asmua da gero azkonarrak etxian aztia, gero Diputaziñuari iru ogerlekuan bakotxa saltzeko! Ia azkonar-arra arin arrapaten dozun.

        —Gero, Kiri, ixillik.

        —Ardura barik lo egin, Yonandon, iñok be eztau yakingo.

 

aurrekoa hurrengoa