www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

EUZKELDUNA AISKIDE ONA

 

        Euskeldunari ospe txarra ezarten yako sarritan.

        Diru-zalia dala, ondo bizi-zalia, ta onetarikuak. Iñoz entzun dogu esaten euskeldunak eztaula krimenik egiten, dirua edo interesa bitartian ezpadago. Iñoz entzun dogu, euzkeldunak diruagaitik aiskide guztiak salduko leukezala, bere aita ta ama be salduko leukezala-ta.

        Orretarikuak entzun izaten izan dodazanian, nik beti erantzun dot ori eztala egia, euzkeldunen artian bai-dirala, zoritxarrez, diru-zalegiak, diruaren aurrian edozer izteko diranak, beste abenda guztietan lez; baña bai-dagozala gizon zintzo-zintzoak, aiskidetasun garbi-garbiaren jabe diranak, erakutsirik aiskidientzako maitetasunik gorengoena, ta beti gogoratu yat orrelako orduetan gure aita zanari ainbat bidar entzundako edesti edo istoria oso ederra, antxiña-antxiñetako aldietan jasoa dirudiena. Zein ederra dan edesti au! Beronek darakusgu norañokoa dan euzkeldunaren zintzotasuna, aiskidieganako maitasuna.

        Orra or edestia neuk entzuna lez.

 

* * *

 

        Karlisten lenengo gudatian (gerratia) zan. Gudate aren lenengo aldian baltzak eta zuriak, edo karlistak eta liberalak, alkarri ezeutsien kuartelik emoten, alkarri arrapetan eutsiezan prisioneruak, il egiten-ebezan.

        Atxuri-aldetik soldau-liberal batzuk, euren erdian euskeldun mutil-gazte bat ekarrela, mutil ederra bera, Abadiño'ko Lebario'tarra.

        Aldi orretan, ba, goiz baten sartu ziren Bilbao'n Atxuri'n eta gero beste kalietan jentiak ikusirik arako mutil eder-ederra, ta ilteko zala, tamal andia artuten eban, ta danak ei-ebizan alkarri esaten: Ori da tamala, orren mutil ederra lora-loran dagona, iltia!

        Eruan eben kartzelara, ta andik beriala agertu ei-yakon Bilbao'ko jeneral nagusiari gazte bat, liberalen alde boluntario lez armia artuta ebillena, ta eskatu eutson axe mutilla, preso ekarri ebena, libre itxi eiela, ta bera egoala gertu arek artu biar eban eriotzia artuteko.

        Jenerala ikaratu zan eta ezautson ia zegaitik ori, ta bestiak erantzutson, aiskide zarrak zirala, asko maite ebala berak Lebario, ta gurago ebala bizia galdu a ilten ikusi baño. Jeneralak esautson: tira, ba, zeu orretan ba'zagoz, zeu ilgo zaitugu ta bestia ainduko dogu. Ta baietz.

        Gertu eguan eriotzarako. Ipiñi eben kapillan, bialdu eutsoen abadia be, ta benetan lez gauzak gertetan asi ziran. Jeneralak igarri eban benetan jarri zala bere aiskidiaren azkena artuteko, ta ezin siñisturik eguan, ikaratuta alako aiskidetasun andiaren aurrian; eta parkatu eutson Lebario'ri libre itxirik eta bestea be bai, beroni esanik:

        «Berak orrenbeste egingo eteleuke zeugaitik?».

        Aiskide on zintzo benetako au zan Mendibil eritxon bat, guda-aurretik Durango'n karteru edo korrioetako enpliadu egoana. Gudea asi zanian, aiskide biak banandu ziran, Lebario karlistetara ta Mendibil liberaletara.

 

* * *

 

        Orra ba, zori itxuaren gora-berak. Andik urte-betera-edo, karlistak arrapau eben prisioneru Mendibil Arratia-aldian, eta ilteko euken, jakiña, orixe zan legia-ta. Eldu zan nundik edo andik izparra Lebario'ren belarrietara, ta bertan bera itxi bere batalloia ta arin-arin juan zan Arratia'ra, ta eldu zan Mendibil ondiño bizirik eguala. Aurkeztu yakon agintari nagusiari, ta esautson: «Jauna, ori gizonoi ezin il leike, orrek auxe ta auxe egin eban Bilbao'n nire alde, neu prisioneru jauzi nintzanian».

        Agintariak erantzun eban aiskidetasun ta biotz-beratasun guztien ganetik legia bete biar zala. Orduan Lebariok eskatu eutson a libre izteko, ta bera eguala bertan aren lekuan jarteko. Agintariak ezin eban zineztu au, ta besteak esateutson baietz, ta gogo bete-betiaz esateutson; igarri eban agintariak benetan ebillala, ta autortu eban ezebala iñoz ikusi alako aiskidetasunik; eta libre itxi zituan biak.

 

* * *

 

        Orra euzkelduna noraño eltzen dan aiskidetasun-bidean. Orretariko gitxi ikusiko da gero, gu baño arruago diran errietan.

 

aurrekoa hurrengoa