www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

POZA, EDONUN

 

        Ondiño aldi asko eztala Bilboko andra batek beste bati entzun eutson baserrira bizi izaten duala, ta ikaratuta, onan esan eban:

        —Ene! Zelako bizikera tristia izango dan baserrikua!

        —Zegaitik?

        —Jente gitxi, nora juan be ez, ziñerik be ez, musikarik be ez...

        Andra orrek uste dau uri andiyetako ikuskizun barik ezin leitekela pozik izan.

        Baña oker dago, poza berez sortzen da osasuna ta zer yan dagonian. Jente asko bizi-izan da ludi onetan, eta gaur be bizi da, teatrua ta ziñea zer diran be eztakiyenak, eta artzañen txilibitua baño beste musikarik entzun eztabenak, eta uri andiyetako kale, denda ta egurastoki ederrik ikusi eztabenak... eta ori gora-bera, sekuleko poza ta umore ona erabilli dabenak.

        Osasuna ta urdalla betetako lain badago, poza edonun izaten da, batez-be gaztien artian.

        Aitatu dodan andra orrek eta bera lakuak uste dabe antza, baserriyetan jentia erdi-negarrez bizi dala. Barre santzo zabalak entzuten dira baserriyetan, soluan biarrian dabizala be bai.

        Onexek dakast gogora bein Durangokorta deritxon basetxe baten jazo zana.

        Berau dago Dimako bazter baten, Ugetxe aldian. Gaur, Dimatik Otxandiyoraño bidezabal barriya eztauko ain urrin, baña au egin baño lenago, Durangokortatik urren egoan bitxabaleraño orduetan ibilli biarra zan. An mendiyan urrin bakartasun itxelian aurkitzen zan basetxe ori.

        Bain, ba, Mañariko eiztari batzuk, mendi areetan ebizanak, erabagi eben Durangokortara yastea, bertan, atsedenaz batera, katillu betena esne edo artzeko. Aldatza bera bertarantza yoiazanian, eiztariyok alkarri esaten eutsien:

        Or bizi diranak errukarriyak dozak. Onako basamortuan bizikera tristia euko yuek.

        Eta onakuak esaten, urreratuaz yoiazan etxera, ta alako baten alkarri begira gelditu ziran ikaratuta. Zer zan? Durangokortako etxe aretan auspo-soñua entzuten zan, eta beraz batera barre-algara andiyak, iji ta aja ta ujujuak. An ebillan zarraparria!

        Eldu ziranian, an ikusi ebezan amabiyen bat neska-mutil, poza ganezka ebela, dantzaldi bat egin ta gero bakotxa bere biarrera juateko. Ardi-zain, serrari ta onetarikuak ziran mutillak; eta neskak, etxeko alabak eta basuan zetan-edo-atan euren etxekuakaz biarrian ebizan batzuk.

        Orra ba alako basamortu itxelian umore ederreko jentia aurkitu eben eiztariyak, euroen uste guztiyak guzurtauta gelditu ziralarik.

        Baita gogoratzen yat beste yazoera auxe be, Madridtik onantza trenian nentorranian neguko gau otz baten, Urtaillaren lenengo egunetan, or gaberdi alderantza, geldoki baten trena luzarotxo egon zan, besten bati itxaroten auza.

        Lur guztiya edurrez zurituta eguan, edurra leiaz gogor-gogor eginda; aize bat ebillan ain otza, musturrik be ezin eikian atara, danok gengozan burkeletan estalkiyekaz batu-batu eginda, leio guztiyak itxi-itxita.

        Alan gengozan artian, geldokiyan ebizan atzera ta aurrera 12-14 urteko neskatillatxuak: «Leee... che de las... Naaa... vas!», didarrez, esne saltzen. Euren oinkaden zaratea «kruk-kruk» edur ganian entzuten zan; ezeutsien esnerik erosten, treneko bidazti guztiyak burkeletan geldirik egozan.

        —Ume koitauek, asi giñan esaten, orrek daukie bizimoduen latza, onako otzagaz ta onako orduetan emen ibilli biarra esne-saltzen, biar bada ezer be ez saltzeko... koitauek! Onakoxiak esaten gengozala, batu ziran neskatuok gure burdiyaren aurretxuan, orduantxe ba trenak abiyadia artu biar eban, da, atara eben zarata bat! Ango barriak eta barriketak! Txori pillo bat bertan eguala esan eikian. Poza ta umore ona bai zan euren artian.

        Trenekuak aren errukiya geunkan, eta gu baño, zoriyontsuago aurkitzen ziran.

        Agaitik, ba, poza, edonun, lekurik itxelenian be bai, barruan sortzen da ta, eztator kanpotik.

        Bizitza onetzaz itz-egiten dot yakiña. Pozaren azterrenik txikerrena ezautzen eztan tokiya dago eriyotz-beste aldian, gaiztokiya. Arako bidietatik alde egin daigun, arren, irakurle maitiak.

 

aurrekoa hurrengoa