www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

IPUIN ANTZEKO EDESTIA

 

        Gabeko amabiak inguruan, «txin-txan... txin-txan... txin-txan...» basatxonoko (ermitako) txilin-otsa entzuten da.

        Auzoko basetxietakoak euren oietan itxartuten dira arrituta, batzuk jagi be egiten dira ta leioetara urten, ia ezer sumatzen ete-daben; baña ezebez, dana dago bake-bakian. Egun sentian jagi ta bai-duaz batzuk basatxonora, baña eztabe ezer ikusten barririk; eta basatxonoko giltzak daukazanak diño eurok etxian egon dirala.

        Urrengo gabian amabiak inguruan, barriro be «txin-txan... txin-txan... txin-txan...» basatxonoko txiliña entzuten da; baita urrengo gabian be, eta alantxe gau askotan.

        Bai-ebillan izkilimiña auzuan. Atsuek esate eben Purgatorioko arimen bat izango zala, ta txilin-jote aregaz zeozer eskatu gurako ebala, ta ondo izango zala batebat edo batebatzuk bertaratzia txiliña entzuten zanian, jakiteko zer gura eban, eta berari laguntzeko.

        Gizon batek esan eutsen, eurek (atsuek) joateko ba; baña ezeuken alako adore andirik be, ta erantzute eben erriko abadeari dei-egin biar yakola, ta arexegaz batera juango litxakezala.

        Gabean-gabean zan txilin-otsa; baña gau baten, txilin-otsaren ordez, entzuten ziran ulu ta karraixi ta didarrak.

        Auzokuak eldu ziranian basatxonora, arrituta ikusi eben gizon bat konorte barik, ormako zulo batetik bere eskua sartuta eukona, ta erdi-dingilizka beso aretatik eskeita lez aurkitzen zana. Ikusi eben eskua soka bategaz estuta eukola basatxono barrurantz; ebagi eben soka ori, ta eruan eben urrengo etxera, ta an emon eutsiezan ur-otzaz igurdiak eta bere senera ekarri eben. Ijitano bat zan. Beronek, guzur ta abar, edestu eutsen ezekiala berak be nok eta zelan eruan eben leku aretara, ta bertan lotuta itxi, baña bai ikusi ebazala alde txarreko tximel-gorriak eta adar-buztandunak, eta onakoxe batzukaz abua zabalik itxi ebazan entzuliok, eta alde egin eban andik ijitano arek.

        Atsuek esate-eben, a ijitano gixajua alde txarrekoak arrapau ebela, basatxonora urreratu zanian txiliña nok joten eban ikustiarren; eta arexek, alde txarreko gorriak zirala txilinjotzalliak.

        Beste enparauek esate-ebena zan, arazo aretan gauza ezkutukoa (misterioa) eguala eta batebatek jakingo ebala, eta ijitanuak be bai; baña onek guzur pillo bat esan eta arin alde egin ebala.

        Misteriyua, ezkutukia!

 

* * *

 

        Ona emen ba zer zan misteriyuoi.

        Basatxonoko giltzak eukite-ebezan basetxian mutil gaztetxo eta azartue eta gaizto-zamarra bizi zan, bertako morroi. Onek, gabetan txiliña joten ebela jakin ebanian (berak ezeban entzuten, lo gogorrekua zan da), iñori ezer esan barik, gau baten ezkutatu egin zan basatxonotik urtxuko mastei baten, eta andik zain-zain eguan ia nor zan basatxonora joaten zana txiliña joten. Ikusi eban, ba, gizon bat etorten, orman arri bat (lendik lokatuta eguana) kendu ta eskua sartu ta txiliñari ots-eraiten. Bai ba, zulo aretatik eskuaz arrapetan eban txiliñaren sokia, ta andixek ots-eraiten eutson.

        Mutillak, gero, atzian-atzian polito jarraitu eutson gizon areri, ta andik urrintxo, zubipe baten eguan ijitano-aldra batera juan zala ikusi eban.

        Orduan, ixik-ixillik iñori ezer esan barik, urrengo gabian giltzak artuta, illunduta lastertxu, basatxonuan sartu zan, eta orma-zuloaren onduan zain jarri zan ia ijitanua noz etorren, barruko untze bati ondo loturiko soka baten bietziña eginda.

        Sumau ebanian bai-etorrala ijitanoa, jarri zan gertu, ta eskua sartu orduko arrapau eutson biatziñaz, lotu eban ondo, ta ixik-ixillik alde egin eban andik bere etxera.

        Ijitanuak, eskua lotu eutsoela sumau ebanian buruko ule guztiak zutindu yakozan, eta onetariko gauzetan geienak bildurtiak izan oidiran lez, ikaratu zan, usterik beste mundukuak-edo eldu eutsoela, txiliña jotiaren zigorbidez. Asi zan ba didarka, uluka, karraixika, eta eskuari tiraka, ta azkenerako bildurren-bildurrez konortia begaldu eban.

        Mutillak, ostera, iñori ezeutson esan jazo zana, ta an gelditu ziran auzune aretatuak eta ijitanua zelan izan zan jakin barik eta askok uste ebela arazo aretan «alde txarreko tximel gorri adardun-bustandunek» ibilli zirala.

 

* * *

 

        Orain zuek esango dozue ia nik zelan jakin dodan, a mutilla ixillik gelditu bazan iñori esan barik orduan jazo zana.

        Baña ak mutillak, urte asko igaro ta gero, jazokuna izan zan erritik urrin neuri edestu eustan, eta nik zueri edesten dautzuet, nik zuentzako ixilleko gauzarik eztaukodalako.

 

aurrekoa hurrengoa