MUTIKOAK
Txomin Beterre asarre da mutikuekaz, bere ortura sagar-billa sartzen diralako.
Eta eurok bildurtutiarren, ortura sartzen diran leku-lekuan ormatik dingiliz ol bat ipiñi dau, bertan onantxe euskeraz idatzita: Ilgo da ortu onetara sartzen dana!
Arratsaldian, eskolatik urten da gerotxuago, mutiko-aldratxu bat andik igarota, ikusi dabe, ta arrituta gelditu dira:
—Mutillak, ikustozue?
—Zer ipiñi ete yok barruan...
—Azeri-zeporen bat, iguel.
—Edo iñamitie.
—Edo sagarrai berenue ezarri.
—Batek baiakik!
Eta bildurrez alde egiten dabe andik elexperantz; antxe izan oi dabe euren batzokia ta.
Astebete inguruan etxako Txomin Beterreri ortuan mutikorik sartu, ta berau guztizko pozik dabil.
Baña gero, alako baten, tximiñuak lez orma-ganetik ortura sartu ta sagarretan dabiz mutiko asko, ilteko bildur gitxigaz.
Ikusi dauz Beterrek, eta sekuleko ariñen eurekana juan eta ortutik uxatu dauz.
«Zer dala ta bildurra galdu ete-dabe barraban-barrabanok?». esanda, urten da ortutik kanpora, ta arrituta ikusi dau berak ipiñiriko olian beste idazkun bat ipiñi daula bate-batek, onantxe: Eta ortu onetan sartzen eztana be, ilgo da!
Jakiña, danak il biar, sartzen diranak eta sartzen eztiranak.
Kendu dau beterrek bere idazkunoi, eta etxeratuten da bere artian esaten:
—Onek mutikuok plagie bera baño be txarrauek dira. Ia zelan igerri dausten idazkune! Ezin lei, ezin lei eurokaz.
|