www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

MUNDUARI BEGIRA

 

        Neska gazte aldratxo bat dua bidezabaletik barriketa andiyaz, esku ta buru eraiñekaz barriketeari lagundurik. Ortuan atxurraz dabillen Maintonek eztautse ikusten sorbaldatik gorakua baño, ortuko ormeak enparau guztiya estaltzen dautselako. Eta onan diñotso bere semiari:

        —Gero emakumiakaitik esaten yuek!... Or doiazan mutil gaztiok be azurbakuak listo yaukiezak ba...

        —Neskak dira ba-ta, ama!

        —Uliak moztuta etxaroiezak ba?

        —Bai da, oin oixe da modia-ta.

        —Lotsabakozarrak!

 

* * *

 

        Auxe mutil au zurragua da... automobil bat igaroten bada adarroska atsa ta autsa dariyozala, beriala igarriko dautzu zein markakua dan, Buick ala Chevrolet ala Citroen ala Amilcar ala Hispano-Suiza ala... edozein! Ostikopelotan dakitzuz España guztiko ostikolari-aldraen atezain, atzelari, erdilari, ta aurrelari guztiyen izenak eta euren egitada andiyak! Onek dakitzuz zenbat gol sartu diran lengo neguko yokoaruan, nortzuk sartu dituezan, nori sartu ta zelan sartu dautsiezan; ori dana dakitzu buruz ta zietz. Txirringutsetan be bai-dakitzu zeintzuk diran «as»ak...

        —Azak?

        —«As» itz orregaz «banakua» esan gura dabe; erri baten edo batza baten, txirringetan arin ibilten «urtena, gorengua, onena, banakua» danari «as» deitzen dautsoe.

        —Bai kartetako «bateko bastua», «bateko kopia» ta orren antzera, ezta?

        —Ba orretariko «as» edo «bateko» edo «banako» guztiyen zertzeladak dakitzuz.

        —Eta añeketariyen barri, ostera... ene!... esango leuskizu nok daukon markarik aundiyena 100, 200, 400, 1000, 5000 metroan.

        Onek dakitzuz...

        —Eta «Kredua» ete daki gero?

        —Oixe dakiyen eneuskizu esango.

 

* * *

 

        Astelen arratsaldian neskatilla bi eltzen dira errekara alde banatatik, bakotxak buruan daroiala otsara zabal bat, eta otsaran eun zuriya yaboetuta, errekako ur garbi gardenian irekurtzi ta yoteko. Esan barik be igarriko da alkarregana batu orduko barriketa-ariya orratz-zulua ziar berialako baten sartu dabela.

        —A neska, atzo erromeriyan ainbeste bider yantzan atara indunan mutilla, nor don?

        —Neuk bañekin! Nik lenengotan pentsau naiunan baserritarra zala ta euzkeraz berba ein nutxenan, da berak barreka «bai bai bai» erantzuten yunan bakarrik; laster igarri nuntxenan, erdelduna zala.

        —Eta baserritar euskeldunen antzera yantzita?... Gauz ona bazunan...!

        —Esan yeustenan Bilbokoa zala, euzkeldun-zalia, baña bere damu andiz ezekiyala euzkeraz, irekatsi ezeutsoelako. Esan nutxenan ikasi daiala, ta esan yunan Bilbon ia zelan ikasiko dauan.

        —Bai gura ballon.

        —Ori esan nutxenan ba: an be gura dauanak ikasten dauala, ta euzkeldun antza, azaletik baga, barrutik euki biar ebala.

        —A neska, gure modukuek, ezkon-sari edo dote andi ederrak bageunkozan eta gugaz ezkontzeko euzkeraz yakin biarra ipiñiko balitz, orduantxe ibilliko litxakezan euzkerea arin ikasten alkarren leian.

        —Uste yunat.

 

* * *

 

        Atso-agure bi Santiyago eleiz-aurreko zabalunian:

        —Ai Praiskantoni, denpora txarrak ikusten gagoz, eztago lanik, dana urri ta karu, eztakit zelan bizi garan be.

        —Errezoi aundie dozu, Mikel Anton, ezin lei bizi, irebazi al dan apurre bier-bierrekora be ezta eltzen... Kesus-Kesus, ene Jaungoikue!

        Onetan baiatorkoz atsuari neskato-mutiko bi; erosten dautse amamak bertan izoztu bana ta sagar berde-berde batzuk, erriel bi orretan gastaurik, eta beriala duaz irurak ziñera, an beste erriel bana gastetara, eta aize ederra artzeko ta ibiltaldi bat egiteko arratsalde argi ta garbiya galdurik.

        Aguria barriz, Barrenkaleko taberna zulo batera dua, Erriojako kuartillotxu bat garbituaz, gaurko bizi eziña aztutiarren.

 

* * *

 

        —Gure mutil barraban au, eskoliari itxi dautsonetik ona, ezin dogu gabetan goiz etxeratu.

        —Bendeziño batzuk emoiozuez.

        —Nun baia?

        —Bizkarrian.

        —Zertzuk bendeziño dira gero eurok?

        —Ara: adaki bat ur bedeinkatuaz busti, ta etxera sartuaz batera, ezer esan barik, «pake ta amorio santuan» yo mutilloi gogor, goitik-bera ta eskerretik-eskumara, alan kurutzia egiñaz. Bigarren aldiz bendeziño ori artu badagi, segurutik eztau irugarrenez artuko.

        —Ai, baia, yotia ezta ona iye mutil kaxkonduten asita dagozanentzat; orrelakuei ezin legiyoe yota eragin.

        —Ez, ezta? Orra or kuartelien eundaka asko mutil sasoe-sasoekuak, bata baño bestia okerraguak, illuntzirako danak zintzo-zintzo etxeratuten dirala. Zegaitik? Bendeziñuak emoten dautsiezalako, agindu dautsien ordurako yuan ezik. Kuartelien soñekuak loie badauko, bendeziñua; botoe bakartxu bat gitxiago badago, bendeziñua; oñetakuak garbi-garbirik ezpadagoz, bendeziñua; pusilla ta morral ta ugelak birrist argi egiten ezpadabe, bendeziñua.

        Ainbeste bendeziñogaz artez ta garbirik darabillez aundaka mutillak, kalera aldran urteten diranian atsegin izaten dala eurak ikustia, orratzetik-ara lez garbiro ta txukun yantzita.

        Bere orduan adakizko bendeziño on bat lakorik eztago, jentia zuzen erabilteko.

 

* * *

 

        —Ene alabea, lotsa apur bat beti biar da gero.

        —Ai, ama, zeu be gaztia izan ziñan.

        —Baña ez orrenbeste.

 

aurrekoa hurrengoa