www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

MAKALLAUA, ZETARAKO?

 

        Karlisten gudatia da. Bizkaiko erritxu baten karlista-tropa labur bat dago. Etxe baten dagoz alojauta iru gudamutil, katakumak baño olgetarijago ta zoruago.

        Euberdi-aurrian euretariko bat sartzen da etxian arin-arin, eta bere lagun bijai onan diñotse:

        —A mutillak; ollue ostu dautsodan atso pestie komendantiana etorri dok kejiaz, eta laster deituko yauskubek pormaziñora, ta zera ipiñi biar daustazube.

        —Oba ixango dok bada-ezpadan, erantzun eutsoen beste bijak, eta irurak gela baten sartu ziran.

        —Euren etxekandriak, ori ikusita, esaten eban bere artian:

        —Zetan ete-diñardube or barruban orrek zoruok?

        Onetan entzun zan korneta-otsa pormaziñora deituten eta gelatik urten ziran iru mutillak euren pusil, morrale ta traste guztiekaz. Ollua ostu ebanak etxekandriari barre bategaz itandu eutson:

        —Amandre, makallua, zetarako da?

        —Zetarako ixango dok, ba? Jateko.

        —Bai beste gauza baterako be, erantzun eban mutillak, eta juan ziran irurak barreka pormaziñora.

        Pormaziñoan egozala, komandantiak itandu eutson atsuari ia ezautuko ete-leuken ollua ostu eutson mutilla; eta orduan atsuak esan eban, mutillari atzamarra zuzenduta:

        —Axe da, jaune, ondo ikusi deutsot arpegija.

        Komandantiak agindu eutson mutillari erreskadatik urtetako, ta itandu eutson ia egija zan atsuak iñuana, ta ezetz; baña antxe eguan gixon bat, erriko eskola-maixuba edo, eta komandantiari esan eutson, gogor, egija zala, berak be ikusi ebala axe mutilla ollua ostuten atsuaren etxian. Orduban komandantiak mutillari berrogetamar palu emoteko egindu eban.

        Ekarri eben zara bat, berau auzpez ipiñirik; mutilla lurrian belaunikatu zan eta zara-ganian makurtu zan, eta emon eutsoezan berrogetamar paluak. Ai ene! ta txilijua ugari izan ziran eta amaieran, oker-oker eginda, arteztu eziñik geratu zan. Bere lagun bijak eruan eben etxera, sarjento bat eurekaz joiala; etxera eldueran lagun bijak sarjentuari esan eutsoen eurek zainduko ebela mutilla; au entzunik, sarjentuak alde-egin eban. Berak eperdija emon orduko, asi ziran iru mutillak dantzan etxekandriaren inguruan. Paluak artu ebazanak be txairo ta pozik dantzan egiten eban. Etxekandriak, arrittuta, iñuan:

        —Baia, zelan ixan leiteke berrogetamar palo artu ta bape min barik olako umorie eukitie?

        —Amandre, esan eutson mutillak, makallaua, zertarako da?

        —Jateko.

        —Baita paluak artu biar diranian bizkarrian ipinteko ta miñik ez artzeko be.

        Eta etxekandra arritubaren aurrian bere lagunak makallaua atara eutsen mutil areri jakepetik.

        Etxekandriak esan ei eban:

        —Onek barrabanok asmetako ezta asko.

 

aurrekoa hurrengoa