www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

BESTE ALDEKO MUTIKO BAT

 

        Orain berrogetaz urtiak, illuntze baten, Mañariko Ormetxe-Markue-Antoia-Katia auzoko jentia soluetatik etxerantza yoianian zeozer apaldu ta laster ogeratzeko ustez, orra nun agertzen dan Mendibeta aldetik «zerbait» arin-arin datorrela, argi ta guzti, ixi-ixillik...

        Gelditzen da jentia arrituta lez bidekuari begira ta:

        —Ene! Zer da gero beroi?

        —Jesus Maria ta Kose!

        —Arrayie, oixe eztok gauzona!

        —Aitiaren, Semiaren...!

        —Ondiño zertzuk ikusteko ete-gagoz!

        —Zer dan erreparau dautsozue gero?

        —Nok igarri zer dan...? Gauz ona ez beintzat.

        —Tximistia letxe yuen dan arren, erreparau dot txirringa moduko batzuk izan diriala ta eurekaz batera buelto baltz bat, eta aurrian abua lakoxe bat zabalik, sua edo argiya dariyola.

        —Arrigarriyena da orren arin yuetie ta bape zarata barik.

        —Ori, gure ta be, gauz ona ezin izan leiteke.

        —Ez ba; beste aldeko mutikuen bat da, ori segurutik.

        —Zetan esan bez ori.

        Onetariko zeresan asko ipiñi eban illuntze aretan Mañarira lenengoz elduriko «txirringuts» edo «bizikeletiak».

        Baiba, jente arek ordura arte ezeban iñoz ikusi zaldi-burdijak eta idi-burdijak baño, alde batetik bestera bitxabalez ibilteko, eta «txirringutsa» gauza arrigarriya zan, iñok amesetan be iruditu ezin leikena.

        Ikusi alako gauza barri bat, eta illundu-ta ezin ondo arturik bere taiu ta antza tximistia baizen arin dabillela, ixi-ixillik, eta aurretik sua dariyola... ez eta da gauza arrigarriya?

        Txirringulariya, baña Antoian gelditu zan, eta etzan andik aurrera yuan.

        Biyaramon goizian zabal zan auzuan Antoiako Matxin Artetxe mutilla izan zala aurreragoko illuntzian tramankulu diabruan etorri zana, eta danak gora-goraka andiyakaz esaten eutsien Matxinen anaia Gabiñori-ta, a mutilla ezebillela bide onetatik, «kargu» artu daioela, ta atsuen batek aitatu biar izan eutson ondo ixango leiteke Matxini «bedeinkaziño» batzuk emotia ta...

        Auzuekaz bakerik izango bazan, nai-ta-naiezkua izan zan Matxini «bedeinkaziño» sendo batzuk emotia.

        Domeka baten izan zan au, eta astelen biyaramonian, goizian goizetik, eguna zabaldu baño lenago, bere txirringutsian yarri ta Durangoruntz al eban aiñeketarik andiyenaz igesi eban Matxinek bere bedeinkaziño ta guzti.

        Orra Mañarira elduriko lenengo txirringulariyari yazo yakona.

 

aurrekoa hurrengoa