www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bigarrengo abarrak
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bigarrengo abarrak, Kirikiņo (Santi Onaindiaren edizioa). Geu, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

UMIAK DEUN ANDONIGANA

 

        Urkiolatik urrin eztagozan Bizkaiko errialde batzuetan ekandua dago, senar-emaztiak euren umiak Paduako Deun Andonigana eruateko txiki-txikiyak diranian, eta Urkiolako elexan Yaunartu, meza entzun, edo beste egipen on bat beteagaz batera, umiai bedeinkaziñuak artu-erazo.

        Durango-alde ta Arratian batez-be, baserriyetan iñor nekez aurkituko litzake txikitan Urkiolara bere gurasuak eruan eztabenik.

        Ekandu polita da, Yosu umetxua besoetan daukon Paduako Andoni Deun miraritsuagana ume txikiyak eruatia eta beronen Deunetxe Urkiolaganekuan, bere bitartez Yaunari eskiñi ta batera Yaunari eskatu, yagon dagizala, Zerurako, umetxu areek.

        Uda guztiko domeka ta yai-egunetan ikusten dira Urkiolaruntz goiz-goizetik duazala senar-emaztiak, oñez, umetxu bat edo bi astotxu baten ganian, otsaretan «kuriyoso» ipiñita.

        Geienetan baserritarrak izaten dira, garbi-garbiro yantzita, eurei begiratutia bakarrik be begiyentzat atsegin-izaten dala.

        Noz-edo-noz, senar-emazte batzuk edo irutzuk batera yoaten dira, alkarren auzokuak diralako edo bidian bat egin dabelako; orduan bidia igarri barik egiten dabe, etenbako barriketa pozkor gozuaren bitartez.

        Bein olantxe aldatza gora yoiazanian, Mañari baño gerotxuago batu yaken gizonezko bakar bat, a be autuan beriala sarturik.

        —Badaruezuez umetxuok San Antoniyoana esan eutsen gizonezko arek.

        —...Bai, erantzun eban andra batek, badaruaguz ba.

        —Neuk beintzet, esaeban beste batek, oñarte izen ditutenak, eta bost deukotaz or daruedan larrosie baño nausiyeuek, danak ekarri ditut Urkiolara banan.

        —Bostok zelakuak urten dautzuen itanduteko gogua sortu yat; baña amarentzako beti bere umiak onak izaten dira, batez be iñoren aurrian.

        —Zer ba? San Antonion arkantzue eztozu siñistuten ala?

        —San Antoniok Yaungoikuaren aurrian daukon esku andija, siñistuko eztot ba?

        Baña San Antoniogana datozanan zentzuna...

        —Ene! Zer entzuteko ete gagoz!

        —Abadiak domeketako berbaldiyan esan oi dauan lez, «entzun egidazue gogorik onenagaz», ara: Gure erriyan gizon batek artua erein biar eban solora eruan eban abadia bedeinkatuteko eta San Antonion irudi bedeinkatua be ipiñi eban bertan, eta, zenbat anega arto batu ebala uste dozue?

        —Gitxi batu ebala esan gurozu.

        —Gitxi...? Bapez... Zelan ezer artuko eban ba? Arek gizonak solo-ondoan aterpe bat yaso eban, eta antxe egoten zan arkolo zabal yezarrita, pipia erre ta beti-be zato bategaz zeruruntz begiraturik; soluan ostera, oñik ipiñi bez, bertan-bera itxi, ez giyau, ez mokillausi, ez zaztu, ez yorrau, ez ezebez; lurra atxa lakoxe gogorra egin zan, bedarrez bete zan, eta erneriko arto landarak laster igertu ziran.

        —Garaunetan gatzik bauko gero gizon orrek?

        —Arek uste eban San Antoniok dana egingo eutsola, berak, bere aldetik bape alegiñik ipiñi barik. Arek gura eban San Antoniok egunero mirariyak egitia, bera alperreriyan bizi izateko.

        —Eta zu gizon, ori zetara dator ba?

        —Zetara etorriko da ba? Ekarten dira umiak San Antoniogana bedeinkatzeko, ondo egiña, diñot barriro be; guztirako Yaunagana yo biar dogu ba, Bere otsein andi izan diranak laguntzat artuta; baña egipen ain on orren ondoren, gure erriko gizonak soluaz lez, umiai yaramonik egiten ezpaiake, euren arduria eukiten ezpada, alper-alperrik izango da San Antoniogana eurek ekartia. Gure erriko gizonak solua landu biar eban lez, gurasuak bere umiak landu biar dituez, kristiñauen dotriñia irakatsi; Kredua, otoitz edo oraziñuak, Yaungoikoaren eta Eleiza-Amaren aginduak eta Sakramentuak; ondo zaindu nundik-nora ibilten diran eta zelako lagunakaz batzen diran, goizetik etxeratu-erazo, orretarako norberak erakutsiya emonaz, bizimodu bat emoteko arduria euki, euki, euren aurrian ez esan bein-be berba txarrik ez bada-ezpadako gauzarik, eta abar. Orretara solua landu ezkero, edo umia landu ezkero, orduantxe baliyoko dau San Antonion bedeinkaziñuak, orduantxe bai ekarriko ditu etxera osasuna ta bake ederra, ondasunaz batera. Umiak Urkiolara San Antoniogana ekarriyaz bakar-bakarrik ezer eztaukozue. Otoitz ta lan, eskatu ta egin, auxe da biar dana.

        —Ona bidean bertan zelako sermoie entzun bierra izen dogun!

        Onakoxe barriketaz ustez-uste barik Urkiolaratu ziran, bape neke barik. Gogozko barriketia lakorik eztago, egon be, nekia uxatuteko.

 

aurrekoa hurrengoa