Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua

 

EZ ADIORIK

 

Ate aurrean

orma arrailduari josia

denboraren irudi eternala

... zeure mizpir makil lehorra

 

Ate aurrean

arbasta aterpean

soro usaintsuez beterikan

... zeure larru oski higatuak

 

Ate aurrean

intziri irentsi

begi hezetsu

zeure ahur hezurtsuaren aiduru

Paxtor zeure xakur lagun ohia

 

Egunsentia...

gaur ez zara jaliko

bihar ere ez

urteen lege dorpea

ausentzi krudela

 

Bai

joan zara attiti

udaren atarian

gaituzu denok utzi

herioaren egi aurrez

                            Altzuko baserrian

                            gaur pasio kiskaliak

 

Zeure mizpir makila

nuen

sabai xoko batean

ahaztuaren eskuetan ipini

 

Zeure larru oskiei

anaiak zizkien

higaduraren

azken ximurrak eman

 

Zeure xakur lagunaren

begi lausoetan

zihoazen abailduz

zeure presentzi itxaroaren

azken leinurruak

 

Gaur, larre kaskoan

dago ekia kinkirinan

                            ... argi langia

 

Goizeko lanbroxta

zen barreatu

eta harekin ziren...

 

  ... zeure esku kaskailduak

      zeure oin soraiotuak

      zeure euskera gurbila

      espazio amaituan

      betierako garbaldu...

 

 

Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua