Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua

 

APAR GOMUTA (ELANTXOBE)

 

Ilunsentia jaitsi

kaia bazterrean

herri ume bipilak

bits atsegalean

mila uher egiten

txalupen artean

noragabe kukuka

euskera hutsean

 

Marinel agureen

arpegi zimurtsu

siku arraitsuetan

murrikak kabitu

emakume apainak

marmalaka kantu

ortzea hertu arte

sareak zehaztu

 

Ogoñoko lurmutur

kararritsuaren

geriza ainubean

uhinen atseden

portutxo urtetsua

gaur geratu gailen

etxe txuri galaiak

eskegi bailiren

 

Arkaitz hebailduen hesia

ola zoroen agonia

zirlingen eresi hautsia

itsasaldien sinfonia

 

«Beti anaitasuna»

itsasontzi maitagarri

egunerotasuna

gaur ere sardina urri

 

Elantxoben

ur itxaspen

itxas mugagabea

giza dinitatea...

 

                  ... arotasunik

                  duintasunik

                  lasaitasunik...

 

                                      arruntenean...

 

 

Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua