Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua

 

        Aitatxi garraisiaka hasten zitzaidan guztiz, sabai xokora joatea nengoen ohitua, babes eta atseden bila. Han, lasto eta belar usai nahasian, inon ez banengo lez, une luzeak nituen bakardade sakonenean igarotzen. Orduko baserri haratonatei ez bait zitzaizkien luma eta papera egokitzen, ernai xirritu errautsu batetan nuen egunkari ttiki bat ezkutatzen. Hura gabe, ongi izate hutsik ez nabaditzen loak hartu ezinean. Noizean behin, udako gau sargoritsu haietan han nengoen, mudurri, argizagi amesgarriari begira...

        Geroztik sarritan datozkit gogora haurzaroko lipar gogoangarrienak. Gomuta lanbroen artetik, oroit daukat beti liburuxka hartan abiatu nintzenean ipui labur batzuen asmatzen. Egi guztia sala, La Fontainaren alegi konsagratuak nituen orduan hemengotzen... Ysengrin Oriune basoko otso izugarria zen bihurtzen... Larregorriko inurriak aldiz bere hornizioak azkenean zatitu egin zituen goserik zegoen Pentzemaldako ttirrittarekin.

        Nork zezakeen igar idazteari jarraituko niola? neure gogo iskanbilak ez hasteko. Are gutxiago gaztaroko ilunsenti euritsuetan beltztutako egunkari txatxarak. Gauaren beltztasunez, atzera egin barik buruz belarri bait nindoan paperaren xuria urratuz... euskera hutsez hordituz. Luma eta gauaren menpe. Nik orain ere, ezin dut esan zergatik dudan idazten... gauik ilunena zein den.

        Zergatik jakin ezinean nahiko pozik hala eta guztiz ere. Noiz? susmo gaixtoenek ala sasoin itzal milatuek naragitenean... Ordutik hona, amaigabeko ilunbeak dauzkat zeharkaturik burutazio existentzialeetan barna murgiltuta, bertso lerrokatzen, saiatzen, idazten... ahazten. Gaurregun, eskua dut dardaratsu, neure kolko zalantzaren arautsuan... benetan ezbaiatsua. Txarrago, heldutasun eskasa daukat eta heldugabetasun horretan, baserri honen lorratz idilikoek maiz didate barrua inarrosten. Zimardika mementu hauetan baizik zaidala asmamena lumara irrist egiten. Ausaren aiduru beti banengo bezalatsu...

        Bedatsian, loreak egartsu dakuskidan oroetan, nazka gorria zait sartzen eta ihesari diot egiten Baiona ttikiko espaloi blaituetan etengabeko bueltak emanez. Noraeze arruntenean. Hau nola azal? jo lerro bat, lerro bi... poema bat. Ala zerbait antzeko. Guztia iruditsu izanik ere. Betidanik bait naute aspertu olerki realistegiek.

        Geure bizitza erako kontradikzio gaitzak dauzkan poesia dut maite. Hasiera eta amaierarik gabeko olerki sarkorra, irudiz beterikakoa. Laxo ala neurtua baina doi bat sinbolikoa, ia mistikoa. Errealitatea leunki margotzen duen neurtitza.

        Baso, haize eta sasoiak, natura zaurituaren eresia saiatzen naiz abesten neure jaiotzako ezkortasunaren azken gezi pozoitsuak betierako puska daitezen. Bai! gerotasunaren lehorrari behin gutxienez buru egin... bizitzaren filosofi madarikatu hura zinga-minga irents eginez... idatzi... behin eta berriro. Txorrada galanta! Itxurazko zibilizazio bisual hauetan, emakumea gauzatua den baserri honetan, gizarte homogeno konforme horretan, EZ! ez dago itzurpiderik. Neretzat behintzat ez.

        Egunerotasun baldintzatua, standardizazioa, sentsuen kodifikazioa... egonkortasuna. Azken honetaz luze ba dakit nik ere edonon adina bilatzen dudalako. Nago finean alperrik ote denetz idazlearen eginkizun soziala...

        Zer nahi den, bizitzan idazteak nahiko jarraitasuna dakarkit... luma eta paperik gabe nago neure grabitate-zentrua deusaren haritik eskegi bailitzan, amiltzeko zorian. Simulazioak merke nezazue esango...

        Gogoeta antzu hauekin bukatzeko, behin hemengo idazle konfirmatu batek, jakinean tarteka nuela idazten, eskatu zidan neure idatz lanen argitaratzea Maiatz-en, asko baloratzen dudan helduen fanzinean. Bestentzat zela gehienik idazten, horrelako frustrazio mandoan barna luzeegi ibiltzea edonorentzako kaltegarri zela ziostan ziur aire. Baina nola adieraz niezaioke ezetz? lehenik nihaurentzat dudala idazten... Banekien erantzutea noizbait tokaturen zitzaidala.

        Agian poema kaxkar hauen arartez...

 

 

Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua