Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua

 

IRAKURLEARI

 

        Irakurle adiskide, MAIATZ taldekoek atsegin handi bat dugu Jakesen liburu hunen argitaratzea: ez ditaike hain usu gerta norbaitek bere lehen idazlana plazaratzen duelarik, holako lan ederraren agertzea. Hogei ta zazpi urteko Eiheralartar hunek bere ahalen azau osatu bat eskaintzen dauku liburu huntan. Idazle trebe ta ikasi bat aurkitzen da hemen.

        Bere lehen testo bildumarentzat hautatu duen hizkuntzak deitzen gaitu. Egungo egunean, euskalkiek beren mugak gaindituak dituzte eta elkarlan batean dabiltza, mintzaira berri baten sortzen. Duela hogei urte, Arantzazun, euskara batu bati buruzko lehen araudiak botatu zirelarik, biharko Euskal Herriko hizkuntzaren prestatzeari pentsatzen zen. Ez ginela gehiago egoiten ahal elgarren ez jakinean, eta ere bakoitxaren herri mintzairaz osatu beharko zela biharko gure euskara... Liburu huntako euskara hari hortarik doa: halako abantzu bat bezala, biharko euskaldun alfabetizatu eskolatuak bagina bezala... Zorigaitzez, aurkituko ditugun ulertzeko zailtasunek gure iñorantziaren eta euskaraz ez eskolatzearen neurri ikaragarriaren aztatzeko parada emanen daukute. Egungo literatura modernoak geroa kondutan hartzen duela, nola ditaike bertzela?

        «Idazteak inoiz atsedenik ez dakar...».

        Ez ote dea hor probokazio zerbaiten itzala? Idazlea ez ote dea atseginez ari? Ala mirail hautsien gibelean dago, lekuko etsitu bat bezala maskara eskarnio egile batez aurpegia estalirik Ala gaitero ixilduen azken musika nota mutuaren bila doa, ala oroitzapenekin umezurtz. Garaziko gazte batentzat, Etxamendirentzat bezala «dolamena zeruari dario»? Herri maitasunaren eta munduko zorabio zabalaren artean kokatua denarendako, ez da aise esperantzari bide bat aurkitzea, «iraultza galduen», «herio-zelaieko dangada estua» eta «Arbelaineko ur jeinuen» artean, «errealitate garratzaren uhartean setiaturikan» Poeta bat nihun ezin dela bakean eta soseguan egon

        Zertarako poesia, gaurko garai hauetan? Hölderlin-en galdera beti hor dugu. Poesia idazteak ez du ez atsedenik ekarriko, bainan barneko bide gogoeta minberak, bakartasunak aberastu aintziretan, galdezkatzeko, izendatzeko, probokatzeko eta jazarketarako deiadarren botatzeko dohainak, ahalak eta zilegitasunak ontzen ditu. Egungo gazte minbera baten kezkak, antsiak, azaltzen dira hemen, bereak eta denbora berean guzienak, idazkia, mirail hautsiaren haraindian egon dadin oroimenaren zuzi.

        Oroimenaren zuzi hori bertzela izendatzen du Arantxa Urretavizcaya-k, diolarik «literatura gelditzen den gauza dela». Bertze batek dio «idatziaren estetika» dela. Nor nahik bere ikuspegia ukan dezake hortaz, nahiz denek onartuko dugun aise literaturak euskararen edertasunarekin zer ikusi zerbait duela, bai ta ere iragankortasunari ihardokitzeko, liburua lagun bat dela ere... Segurra da ere euskal literatura guk euskaldunek dugula bizi araziko erakutsiko diogun nahikeria gatik. Aiseria faltsu batetan murgildu gaitu mende hunek: begien aintzinean ditugun lanabes edo gauza xumeenen atzean diren pena eta izerdiak aisexko ahanzten dira. Euskal liburu hunentzat, frankismoaren garaietako paper klandestinoentzat bezala erraiten ahal da oraino «hainitzek arriskuak gainditu dituzte hau zure gana hel zedin, etzazula bota, eta laguneri emaiezu...» Bai, botere publikoen gutieste eta baztertzeen artetik, indar ahul batzuek zure eskuetaraino hau hel arazi dute. Hurbiltzen ari zaukun bi mila garren urte huntan, hainbeste mendeek loratu euskal hitz eta erran moldeen bizia, sekulan bezainbat zure eskuetan da. Hobe segurki: hemengo eskuek berotu lumek herri eta etxeko maitasuna eragile dituzte. Mundu zabaleko argi berrien klixkek ez dituzte horrela sobera laster botako haurtzaroko harresi minberak.

        Ez da berantegi. Eiheralarreko Detxeparek plazara jalgitzeko deia obratzen du Jakesek. Zu ere, hunen irakurle zarena, euskararen dantza hortan partaide izan zaite: mintza, idatz eta jo aintzina, esperantza kartzeletarik askatzeko.

L.E.

 

 

Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua