Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua

 

OHARAURREKO UR AMETS

 

    OLUNTZEKO zubi leherkorrean

    uhain zurbil zirimolatsuetan

    ARBELAINEKO ur jeinu gorriska

    ari zitzaidan begi ñir ñiraka

 

URKULUko dorre harresian

lañoki pausatuko zintuzket

ARBELAINEKO ur jeinuak

            hodei egingo banindu...

 

IPARBURUko basamortuan

izpi beroz urtuko zintuzket

ARBELAINEKO ur jeinuak

            eki egingo banindu...

 

Leize sabel hertze estuetan

argi barik utziko zintuzket

ARBELAINEKO ur jeinuak

            euri egingo banindu...

 

Zeure txori soa estalirik

lasaiki hurran nenkizukeen

ARBELAINEKO ur jeinuak

            kuki ez banindu egin...

 

Zeure umalgia agorturik

lasterka urrun nenkizukeen

ARBELAINEKO ur jeinuak

            gizon ez banindu egin...

 

Uso txuria musukaturik

baketsu etor nenkizukeen

ARBELAINEKO ur jeinuak

            aizto ez banindu egin...

 

    Euri hodei eki

    aizto gizon kuki

    sekulan ez nintzen

    atzo bihurturen

            ARBELAINEKO ur jeinuak

            ez banindu begiratu...

 

Ordea,

OLUNTZEKO zubi lehertsuan

ZAROko ur jeinua nekusan

Eta,

bere ur izarbel malefikora

ninduen haidurki mahairakotu

orduan zeukan so nare gorkara

nuen atoan itsuki jarraitu

 

Zeure emakume larru ekaitzean

nekaturik nintzen itsasperatu

    ARBELAINEKO ur jeinuak

    zirlinga baininduen egin...

 

Erdaldundu gizari nion unean

arbasoen mintzaira ahoratu

    ARBELAINEKO ur jeinuak

    euskera baininduen egin...

 

Zazpi leihorretakoak isilean

amultsuki nituen leriatu

    ARBELAINEKO ur jeinuak

    seaska baininduen egin...

 

        Zirlingak euskera seaskaratu

        itxaro uhartetik aireratu

        ZAROko ordokia aintziratu

        ur jeinua betirako garraztu

 

OLUNTZEKO zubittoa ere urduri

ZAROko ugeldi onda nagien pean

zurrunba, zulo bat noiz gerta zitakean

zegoen zai hiriari nahi jazarri

 

Eta,

goi errekara ihes egin aintzin

sasilari mingots ninduen egin...

    ARBELAINEKO ur jeinu jostakinak

 

 

Isilka misilka
Jakes Ahamendaburu

Maiatz, Uhargi 14, 1988ko abendua