GIPUZKOATARREN KONDAIRA ERROMATARREN DENBORAN
(Ogei amarreko aunditan)
Bere dantza liburuaren azkenean, Iztuetak jartzen dituan bertsoak. Garai ortan antolatuak dudik gabe, edo 1823 baiño lentxeago.
1
Ogei eta sei bat urte alde
Jesus baño lenagotik,
etsai gogorrak etorri ziran
gure kontra Erromatik;
bildur aundirik ustez etzuen
bada izango gugatik;
Asmo gaistoak kontrara ziran
egiñal egiñagatik,
euskaldunak bai garailariak
len eta orain ta beti.
2
Antistio an eta Firmio
an Marko Agriparekiñ,
Oktabiano buruzaria
ere an zuten berekiñ:
iru talderi etorri ziran
lau nagusitzar oiekin,
banidadea arren banderan
ongi zabalduarekiñ
modu onetan sartu ziraden
ausardi gogorrarekin.
3
Lenengo lana atiak itxi
itxasoz eta legorrez,
bañan etziran luzaro egon
arpegi eman bildurrez:
loa gabean ariña, eta
begia-k allert egunez,
bereala ziran balientiak
asi galdetzen lagunez,
aitaren seme irten ziraden
orain leitutzen degunez.
4
Gogoan gorde leikeana da
seme orien esana;
«Erromatarrak or datozkigu
peleatzera gugana;
aal guzia biribillatu
bear degu alkargana
bildurrik gabe sartu aurrera
gogor etsaiarengana,
bentzi dezagun indarrarekin
onuntza agertzen dana».
5
Uste etzala samiñdu ziran
erromatar oien farrak,
Gipuzkoa mendi-mutillak
ziradelako azkarrak;
buruzariak ere etziran
orientzako aiñ txarrak,
oñak ariñak, gorputz lirañak,
gogor berriz atzaparrak;
Ainbeste milla gizon mendean
gure probintzi bakarrak!
6
Asi ziraden etor berrian
erromatarrak gogorki,
bost bat urtean zenbat pelea
galdu zituzten nork daki?
Alegiñ asko egin det, baña
nik au ezin erabaki.
Gerraren gura baziran ere
aspertu ziran ederki,
soldatu arro orgullosoak
jolastun agonagati.
7
Izu-ikaren arkitzen zala
etsaiaren talderia,
Oktabiano-k atera zuan
erritarretan berria,
nolabait ere agertu naiez
bere guda galgarria,
batalla onradu bat egin eta
batak besteri legia,
al zan lenena bukatu zedin
Kantabriako gerria.
8
Euskaldunaren agintariak
ori entzutearekiñ,
erantzun zion: «Konforme gera
gu zure esanarekiñ;
irureun mutill eskojituak
emen dauzkat nik nerekiñ,
azken batalla nai badezute
onela egin gurekiñ,
buruz buruan etor zaitezte
soldadu onenarekiñ».
9
Bear bezela kunplitu zuten
beren itz onorezkua,
señalaturik zegoan bada
batallarako lekua;
Gipuzkoaren onra andirako
zelai bat Errezillgua,
makiñaren bat erromatarrak
bizia utzitakua.
Egun beretik da erri ori
esan dan izenekua.
10
Ordu ta laurden iraun zuan
gauzak gutxi gora-bera,
eta batalla beti bezela
mendi-mutillen aldera:
erromatarrak iya guztiak
erori ziran lurrera.
Oktabiano-k ekusirikan
bere jendeen galera,
zer gertatzen zan laister biraldu
zuan Erroma aldera.
11
Albista ori juan da laister
an Erromako errian,
Senadu danak erantzun zuan
guziz kolera aundian:
«Pelea ori irabaz dute
txit errez beren errian;
guk ere ori egingo degu
nai bada geren lurrian;
gizonez gizon euskaldun oiek
etorri nai dutenian».
12
Uste gabeko erantzuera
arrokerizko orrekiñ
euskal mutillak berotu ziran
onra-nai aundiarekiñ:
Oiarzun-en zan Jauregi-etxe bat
Lartaun-en izenarekin;
ango galai bat giari berriz
eun mendi-mutill oñakin
peleatzeko pozez juan ziran
bada danak alkarrekiñ.
13
Erroma ondoko Tiber zeritzan
ibai zabalen erdian,
zelai polita antxe zegoan
arras leku ederrian;
exola-esiya zeukan egiña
guziz arreta andian:
berreun gizon peleatzeko
itxitu orren erdian,
igez-lekurik iñora ezta
etsaiak berriz aldian.
14
Erromatikan irten ziraden
batallarako lurrera;
Kantauritarrak arrimatuaz
ibai aren basterrera,
beren gabarra zulatu eta
bota zuten ondarrera:
Erromatarrak ekusten zeuden
mendi-mutillen sarrera;
salto ta brinko igaro ziran
zelaitxoaren gañera.
15
Erromatarrak albora ziran
etorri galdetutzera,
ea zergatik botatzen zuten
ontzi ura baztarrera:
Kantauritarren buruzariak
erantzun zien ostera;
lenengo lana, orain goazen
zelaian peleatzera,
eta ondoren zuen gabarran
an gera beste aldera.
16
Noizbait bear da bildu ziraden
peleara alkarrekiñ:
bi aldetako buruzariak:
eun bana gizonekin:
lizar-makillak orduko armak
puntan burni zorrotzekiñ:
biotzak salto egingo zien
ori ikustearekin;
Erromatarrak geienak iltzen
lenengo golpearekin.
17
Ogei eta bat gizon ziraden
illak Kantauritarrari;
larogei eta geiago berriz
oiek Erromatarrari;
euskaldunak an irabazirik
batalla sonatu ori,
une artantxe eldu zioten
etsaiaren ontziari,
eta betiko berendu zuten
Transtiberiko lur berri.
18
Erromatarren presidenteak
Senaduko itzarekiñ
euskaldun aiei au esan zien
frankeza guztiarekiñ:
«alkardadean bizi nai degu
orain aurrera zuekiñ;
seme orduko nai badezute
izan ill arte gurekiñ,
egingo degu guren alabak
emazte emanarekiñ».
19
Euskaldun aiek animaturik
guztiak baten itzera
erantzuer-au esan zioten
jaun prestu aiei estera:
«jarriko gera zuen alabak
gure emazte izatera,
pake gozoan gerta gaitezen
gu alkarrekiñ aurrera:
anaiatasun guziarekiñ
Erroman biziko gera».
20
Bi erri oiek pake gozoan
orduti ziran gelditu:
zer gertatu zan, orra nik esan
iñork nai badu aditu.
Gipuzkoa onak bere fueroak
egundaño gorde ditu:
Probintzi onek seme leialak
oraindaño izan ditu;
aurrera ere ala dezala
beti, dan arte segitu.
|