 |
NERE ADISKE ON
Idazkera ta izkuntza, Iztuetarenak. Bizkaiko itz eta aditzera batzuk kendu ezkero. Idazki onen jabea, Etxeberria agertzen da. Iztuetaren bigarren abizena bait da. 1827-1830 urteen artean, Abandoko perratzaille Paulo Ulibarri Galindez'ekin idazten zala badakigu. Arremanak ikusi, Balentin Berriochoa anaiak dakarzkianak, Boletin de los Amigos del País'en, XVII urtean. Irugarren kuadernoan, 3-11 orrietan. Donostia, 1961. Jakitekoa, irugarren estrofan datorren «Buru-ontar» Fernando itza. «Bourbon=Buru-on» itz-sustraiarekin. Ta «tar» atzizkiarekin. Jakingarri auetan gure denborai aurreratzen zala.
1
Neure adiske on
irme ta mamia,
artu det izkida, zeuk
euskaraz jarria;
aiñ dago goixoa, ta
ederki neurria,
irakurten emon deust
atsegin andia!
2
Berbatik ezagun da
gizonaren griña,
agerri da zerala
euskaldun tint piña;
esker onak emonaz
zeuri asko milla,
gura neuke erantzun,
baino ez naiz diña!
3
Españia guztiko
jaun, eta jabea,
buru-ontar Fernando
geure Erregea:
biotzetan daukagu
ondotxo gordea,
ezin gentzake izan
beste bat obea.
4
Bere alaba, anai,
emazte ta guzi
urte askoz dezala
Jaungoikoak bizi;
biotzeko mamitio
ez gentzake itxi,
euskalduna maite du,
ez alere gitxi!
5
Kantauritarrekaz da
itzkuntza eurena,
mundu guzti-guztian
izan zan lenena;
oraingiñoko-etan
danik ederrena,
nork eztaki gu aen
tokian gaudena?
6
Geuren asaba onak
euskara garbia
gordairu zuten ondo
zeren dan argia;
aek bezin maite guk
bagendu Erria,
ikasola bertatik
legoke jarria.
7
Txori-buru puztuen
lumatzar ariñak,
jalki izan dituzte
berba latz samiñak:
galtzeko euskararen
erro mardul piñak,
baino alperrik dira
euren alegiñak!
8
Gure euskara ezta
burutik jauzia,
sasoian arkitzen da
oraño guzia:
irabazirik, bidez,
besteai auzia,
agertuko da noizbait
ederki jantzia.
9
Paulo Urribarriko
gogoangarria,
badakit zeradela
euskaldun garbia:
Jainkoak deutsatzula
zori-on ankaia,
zeure gurarirako
naz Etxebarria.
|
 |