 |
NERE KRISTAU MAITEAK
«Aste santua dator» baiño luzegoa da, ta aapaldi geyago dauzka. Tolosan, 1895 urtean, izan zuan bigarren argitaraldia. Bere dantza liburuan, 191-194 orrietan, Iztuetak agintariai eskeintzen die. Gorago esan degun bezela, «Nere kristau maitiak», «Aste Santua dator» baiño dotoreagoa. Geroago egiña bait dago. Bertso eskolatuagoak dauzka. Aita Eusebio Nierenberg'en liburu «Diferencia entre lo temporal y eterno»tik ere aipamen bat egiten du. Bere azkenaian eta liburuen zatian, «Kantiko espiritualak»en liburu bat aitatzen du. Bere gaztetasunean geyago ere egin zituan ustean gaude. Adibidez, Dekalogoaren aginduak. Esan degun lez, Logroñon izan zuan auzi-paperetan itz egiten da beroietzaz.
1
Nere kristau maiteak,
jakiñean gaude
Jesukristo degula
Gure Jaun ta Jabe;
bizi-gaitezen beti
fedearen alde;
gelditu-diradenak
au sinistu gabe,
infernuan sarturik
erretzen oi-daude.
2
Erioak jotzean,
estu eta larri
anima egongo da
guztiz arrigarri;
lendanaz bekatuak
gogora ekarri,
bat ere utzi-gabe
konfesatu garbi,
Luziperren mendean
ez gaitezen jarri.
3
Jesukristo izanik
aiñ Jainko noblea
osakaia daduka
guretzat gordea,
Anima sendatzeko
ezin-da obea:
artzen-badu damua
eta dotorea
sartuko-da zeruan
naiz izan pobrea.
4
Dirurik eman-gabe
Auxen baita ditxa!
bañan kosta zitzaion
Jesusi bizitza;
Geroztikan etsaiak,
arrantzan dabiltza;
ornitu nai duenak,
bautismoko itza,
gusto lizun guziak,
arras utzi-bitza.
5
Jaunaren arpegia
nai bada ikusi,
ibilli bear-degu
gustoen igesi;
alderatzen bazaizku,
begi biak itxi,
mundu triste onezaz
obe degu etsi,
infernuko leizera
ez gaitezen jetsi.
6
Munduan atsegiñak
dituen gorputza,
geldituko da bada
zuloan lur-utsa:
anima infernura
Luziperren poza!
Arren! urtu-dezagun
negarrez biotza!
gure ondoren dabil
beti eriotza.
7
Naigaberik ez eman
Jaungoiko jaunari;
gorputz uztel au degu
zapoen janari;
ilta norako-geran
oroitzen danari,
biotza triste eta
anima txit larri,
batere duda-gabe
bear zaizka jarri.
8
Adiskide maiteak
izan arren milla,
ildakoan, ez-asi
bakar baten billa;
apenas izango du
ura ere piña,
sentitzen dutelako
usaia egiña;
guziak aren-igez
ibilliko dira.
9
Ill bezin laister ditu
maitati berriak:
usai zikiñarekin
liztor ta euliak,
sartzen zaiozkalarik
abotik erdiak,
beste gañerakoak
jan-bear begiak;
aita Eusebiok dizku
esaten egiak.
10
Iltzen-danaren aide
guzien ansia,
etxetik botatzeko
balego jantzia:
Ojala ura-ere
ez balu ausia!
iru edo lau atsok
nola nai josia;
zuloratuko-dute
gausa itxusia.
11
Maitatu arren askok
lenago kalean
gutxik egon-nai-oidu
illaren aldean;
ezkutatuko dute
zulotzar batean,
bañan ez lagatuko
an ere pakean,
zapo ta arratoiak
dana jan artean.
12
Zabalera iru oñ,
luzetara zazpi,
bizi-leku txatarra
izango-du lazki;
sagu ta arratoiak
zapoakin nasi,
ardura asko-gabe,
ongi edo gaizki
an sartu bearko-du,
naiz ezurrak ausi.
13
Ill arterañokoa
esan det nola dan,
gero-ere ba dago
eskuak bete lan:
larri egon bear du
animak orduan,
sartuko dan zerura
edo infernuan:
gaiztoa izan bada
erre bear-du an.
14
Juzgatzeko pixua
daukate jarria;
anima gaxoaren
arako larria!
txit izango du langai
ikaragarria,
betiko pena edo
betiko gloria;
diferentzia ori
guziz da lodia.
15
Gizon jakintsu anitz
ibillitu dira
diferentzia lodi
andi orren billa;
ongi ezaguturik
animaren miña
izkribatu ere bai
egi asko milla:
orien birtutez gu
onduko bagiña.
16
Kondenatuen penak
aiñ dira andiak,
ezin ager-litzake
nere memoriak,
batez ere guziak,
ain gutxi erdiak;
bañan ez da faltako
nork esan egiak
sendatu nai badira
anima eriak.
17
Gure animak dauzka
igaro-bearrak
zubi altu luzeak
eta txit melarrak;
erorten baldin-bada,
sasiakin larrak;
kiskaldu-bear, berriz,
suak eta garrak:
ez du asko balio
orduko negarrak.
18
Erretzea utsa da,
ez baliz geiago;
bañan beste pena bat
gaiztoa an dago:
naiz ditzala urteak
milloika igaro
eta gertatu beste
ainbeste milagro,
bein-ere irteteko,
usterik ez dago.
19
Guzia iristen du,
ai ura labea!
tormentu izugarri
kaburik-gabea;
artipizio askoz
daukate parea,
Luzifer dutelarik
maisu ta jabea:
Nori egingo zaio
arako zalea?
20
Emengo atsegiñak,
ez du an balio;
animak izango du
bere-kontrario,
zein-aldetatik zuen
munduan bizio,
serpientiak andik
itxatsiko dio:
ala esplikatzen da
aita Eusebio.
21
Tiraka sartuko-du,
Kueba batera
tormentu generorik
asko ematera;
iges-egin nai arren
leku apartera,
an irtengo zaiozka
dragoiak jatera;
ez diteke sekulan
kanpora atera.
22
Luziferrek berekiñ
leizera-ezkero,
kanpora irteterik
ez du zer espero:
artu bearko ditu
otzak eta bero,
nai-ez-duela, zenbait
tormentu genero;
orain ontzen ez danak
damuko du gero.
23
Infernua, da guziz,
toki bat illuna;
Ez egin, Luziferrek
esaten diguna;
etorri bear-zaiku
oraindik eguna,
Jauna ofenditua
damuko deguna;
animari lenbait-len
eman osasuna.
24
Konfesioa dago
artako jarria;
urtu bedi biotza,
ez-bada arria;
Ill bear deguna da
fedeko egia,
beragatik, anima
ipini garbia,
gozatu nai duenak
betiko gloria.
25
Arretaz bear-degu
egin esamiña;
orobat konfesatu
bekatu egiña;
infernuko su-garraz
oroitzen bagiña,
naiko-genduke ongi
sendatu anima;
izan ez dezakegun
sekulako miña.
26
Ar gaiztoa da guziz
animako kezka;
Bekatuan beñere
bizi bear ez da;
aixa ill dezakegu
maiz konfesatuta,
orain degu denbora,
baita-ere beta.
Kanta oen egille,
ni naiz Iztueta
|
 |