 |
GIPUZKOAKO FUEROEN ATSEGIN LELOAK
Zortzikoan
Idazkera, izkera, sentipenak eta goi-atsa, Joan Inazio Iztuetarenak.
1
(Gipuzkoa) txit leial
(eta) maitatia,
(aspald)i zun edana
(amaren) titia:
(ia) itzatik zeralako
euskaldun garbia,
non-nai ezaguna da
zure jatorria.
2
Lau milla ta geiago
urteren buruan,
Gipuzkoak badaki
jaiotza non duan:
itzegiten debanik
orduko moduan,
beste naziorikan
eztago munduan.
3
Zorioneko gure
ama Euskalduna,
seme bitore asko
azi dituzuna:
zedori zeralako
prestua ta ona,
mundu guztiak daki
maite zaituguna.
4
Zure itzkuntz gozo ta
oitura eztiak,
gordetzen dizkitzute
seme jakintiak:
galtzera utzi bage
zearo guztiak,
oen bearra badu
gure Probintziak.
5
Gipuzkoaren seme
gazte eta zarrak,
(zer)nai gauzatarako
(dira)de azkarrak:
(bada)kite sapaltzen
(ote e)ta larrak,
(baita) ere itzaltzen
(suak e)ta garrak.
6
Sei urteren buruan
txit nekez bildua,
begietan daukagu.
onen ispillua:
aserre bat izan da
portizki mindua,
bañan ekusten da gaur
arras bigundua.
7
Aserreak beti du
berekin nekea,
gose, egarriz eta
izurriz betea:
alde guztietatik
dario kaltea,
gure Ama maiteak
egin du pakea.
8
Egikizun onetan
dudarikan bage,
zure seme prestuak
nekatu dirade:
atsegin andietan
arkitzen gerade,
egin zeradelako
Fueroaren jabe.
9
Ama Gipuzkoari
ondra ta bizia,
Fueroak gordetzen
diote guzia:
oen alde nor diran
dago ekusia,
nekazaria eta
bere nagusia.
10
Etxejaun prestu oek
ba dakigu berdin,
alegiña andiak
dituztela egin:
Gipuzkoa betiko
ondo geldi dedin,
antziñako oitura
bere-bereakin.
11
Beren lanak utzirik
apropos Madrilla,
etxejaun andizki bi
azkar joan dira:
jatorriz dutelako
artarako griña,
gure Fuero maite
gozatsuen billa.
12
Etsai anitzen kontra
egin dute lana,
Gipuzkoatarrentzat
nola nai ta ala:
bata Aldamar-koa
bestea Zabala;
urte askoz Jainkoak
bizitu ditzala.
13
Gertatu izandu da
langai au len ere,
Felipe Bost-garrena
zalarik Errege:
gure Fuero onak
nai zituzten erre,
Zabalaren Asabak
ezbalitu gorde.
14
Esaera bat oida
guztiz antziñati,
euskaldunen artean
ez dakit zergati:
«bedarra zañeti ta
kondea kastati»,
nere ustez ezdago
jarria aiñ gaizki.
15
Egiteko onetan
izan da barrunen,
Enparango Nagusi
on Jose Manuel:
gordetzalle izan da
beti Fueroen,
Ama on Gipuzkoak
badaki nor duen.
16
Gipuzkoaren ona
nai duten guziak,
izan ta izango dira
etxenagusiak:
jatorriz diralako
garbi ta biziak,
maite ditu txit asko
Ama Probintziak.
17
Beren egin-al onak
agirian daude,
begien aurretikan
ezkutatu bage:
atsegin andietan
zoraturik gaude,
egin geradelako
Fueroen jabe.
18
Onelako semeak
oi dirade gitxi,
artutako lanari
ez diote utzi:
esker on andi asko
dituzte merezi,
Fuero bagetanik
ez gaitezke bizi.
19
Iritsi zaizu egun
zorionekoa;
bizi bedi luzaro
Ama Gipuzkoa:
bular gozoa du ta
zabala kolkoa,
ugaz-umea ez du
bere gogokoa.
|
 |