 |
AMODIO BEROAK
Zortzikoan
Idazkera, Izkera ta eraikera, Iztuetarenak. Dantza eresien liburuko bertsoetan, askotan irtetzen da «chachancho» itza. Aita Santiago Onaindiak, au ta urrengo olerkia, euskerak daukan maite-miñezko eun olerki onenetan, sartzen ditu.
1
Amodio beroak
guztiz arrigarri,
nere biotza dauka
estu eta larri:
adirazo naiean
argi eta garbi,
nere sentimentuak
dama eder bati.
2
Biotz biotz nereko
txantxantxo argia,
esango dizut nere
barrungo barria:
gaztetan izandu naiz
arras jostatia,
bañan naitasunaren
guztiz beldurtia.
3
Amodiozko su gar
portitzen igesi,
oraindaño, maitea,
izandu naiz bizi:
bañan zure itxurak
zain odol ta guzi,
arras beti betiko
biotza dit josi.
4
Nere maite maitea,
ustez ustekabe,
betiko egin zaizkit
biotzaren jabe:
iltze gogorraz ondo
loturik alere
nere korde guztiak
geroztikan daude.
5
(Ikusi) albazentza
jarririk begira
nere biotz gaixoan
dagoen erida:
batean bazterrera
bestean erdira,
gorputz guztian dabil
jira eta bira.
6
Egunaz ere bai, ta
gauaz asko aldiz,
nere odolak pill pill
irakiten dabiltz:
ixuriko nituzke
ala bear balitz,
maite zaituralako
biotzetik anitz.
7
Aingeru gazte eder
goixo eta piña,
zu maitatutzeko da
beti nere griña:
sendatu albazentza
nik daukadan miña,
nere biotz gaixoak
a zer atsegiña!
8
Maite maitagarria
zugana begira,
nere biotz biguña
urtutzen ari da:
egun oetan guztiz
estu ta larri da,
azal uts biurturik
neketan jarri da.
9
Biotz biotz nereko
maitati maitea,
nere pena andiaz
urriki zaitea:
zure eskuan dago
nere izatea,
indazu osasuna
ta atsegin betea.
10
Nere maite polita
iñolaz albada,
ez nazazula arren
penaturik laga:
zu maitatzeagatik
ala bear bada,
bizia utziko det
orain bereala.
11
Galdu arren bizia
sekula betiko,
amodioa ezdit
iñork erekiko:
zu maitatu bage nik
ez nuke etsiko,
biotzaren mamitik
etzaitut utziko.
12
Ezur ta mami oso
zain odol ta guzi,
maite zaitut maitea
ez alere gutxi:
naitasun bero oni
ez aterik itxi,
zure albo gozoan
nai nuke nik bizi.
|
 |