www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

GENOA-TIK

1915eko abenduan

 

        Savonara joan-etorria egin beharra heldu jatan atzo, eta banoa geltokira. Oraindino orduerdi behar zen trena urteteko, eta jesarleku baten jarririk nengoen, ume eder bik elkarrekin erabilezen jolasei begira.

        Piperra baino sudur gorriagoa eban morroi batek ateak edegi ebazan, eta goaz trenera atso eta ume eta enparauak. Itxaroten gengozan noiz geltokiburuak txilina joko eban trena abiatu zadin, eta honetan hor sei urte inguruko neskatotxu bat negar eta negar sartzen da gure departamentuan. Une hartan begi guztiak zuzendu ziren ume eder horreganantz.

        — Zer jazoten jatzu, ene laztantxua? —inotsen denek.

        Baina ume eder horrek ez eutsan inori ezer erantzuten.

        Trena ia urteteko egoan, eta ume eder horren jauberik ez zen inon agiri, eta larritu ginen denok, eta hasi ginen atetik adi. Atearen aurretxuan bertan eztabaidan gogor iharduen atso zezkel sudurluze argal batek eta agure hordi sudurzapal gorridun batek, elkarri esanaz bateko honenbeste izan dela, besteko diru asko gastatu dabela eta abar.

        Baten batek itaundu eutsen ia eurak ez ete ziren ume horren jaube egiten zirenak, eta baietz erantzun ondoren sartu ziren, eta oraindino eztabaidan iharduen euren arloan, bien bitartean ume eder horren zotinak bihotzak hausten euskuzela han gengozen guztioi.

        — Gizontxua —dinotsat agureari—, ume hau, zeuena dozue?

        — Batek daki norena den —dinost genovese deritzon hizkeraz—. Gaur atera dogu erruki-etxetik, ba etxean abere asko daukagu eta larrera bidaltzen doguzenean jagon daiazan, behi arranoak beti joaten dira ba inoren soloetara-eta.

        — Zeuek ez daukazue seme-alabarik ala? —dinotse departamentuan bertan doan abade zahar batek.

        — Ai, geure umerik bagendu, ez genduke honelako trasterik etxera eroango. Batek daki noren alaba den berori...

        Hitzok entzunik, eta agure mozkortiaren bihotz gogorra igarririk jarri nintzen umeari begira. Negar anpulu handi bi eukazan betazpian, eta bere begi baltz handi eta ule gorrizta kizkorragaz eskuz eginiko txapel zuri baten azpian ebala, guztizko polita zen umetxua. Bere zotinak itzelak ziren, eta guraso hordiak ostera be hasi ziren euren jardunean guztiz haserre. Umearentzat ez daukie hitz bigun bat, eta gitxiago laztan edo mosutxu bat.

        Gomutaturik neure umearoa, negarra jatort begira, eta hartzen dot ume eder hori besartean eta mosuka jaten dot.

        — Nora zoaz? —dinotsat.

        — Ez dakit —dinost ahots zoli eta ederraz. Guztiz ederto daki hizketan.

        — Zenbat urte dozu eta zelan jatzu izena?

        — Sei urte eta erdi, eta Marina Natale da neure izena —(Natale da erruki-etxearen izena).

        Neure belaunean jesarrita hainbat gauza dinost umetxuak pertsona nagusi batek baizen formalidadez.

        Albisola geltokira heldu ginenean kendu eusten umea belaunetik, lehenengo bere begi ederrekin «ez naizu utzi» esan gura izan baleust legez. Negar-zotinez «ama! ama!» esaten eban gaixoak. Trena aurrera joian eta leihotik adi nengoen harik eta begietatik galdu arte atso-agure bihozbakoak eta gogoa hautsita utzi eustan ume ederra.

 

aurrekoa hurrengoa