www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

SAGUNTO-TIK

1914ko martxoaren 13an

 

        Heldu gara atzera hona, bi hilabete inguru eginik geure atzera-aurreran.

        Hona heldu behar genduen baino egun bat lehenago, ontziko lagun guztiak ebiltzan soinekoak aldatuten, biboteak kirimiletan, eta uleak orraztuten, hona dotore-dotore agertzeko. Ontziak berak egiten eban urrumadan esan eikean adierazten ebala gogaituta egoela ia Ingalaterra eta Italia aldetik.

        Sugileek abesten egiten eben Jaungoikoak bakarrik dakien beste, eta labeak zirikatuten ebezan inoiz baino bikainago, eta makina ebilen inoiz baino abiada handiagoaz. Makinistak be ben-ben egozan euren tokietan soinekorik ederrenak aldean ebazala. Lemariak eta abar, guztiak ebiltzan begiak urkatu beharrean kai hau ageri ete zen begira, eta halakoren batean ikusi genduenean bazen hemen poza eta alaitasuna.

        Noiz edo noiz sartu ginen ba berton, eta ontziburuaren aginduz nasatik hurretxuan gelditu ginen atxurrak hondora jaurtiteko ustean. Baina berehala urten zen Bilbaoko Gorbea Mendi ontzia, eta honen tokira joan ginen mea zamatuten hemendik Holandarako.

        Upo Mendi, Bermeo, Rafael, eta aleman ontzi bat dagoz orain hemen, eta bihar uste dot helduko direla Lalen Mendi eta Urko Mendi.

 

* * *

 

        Bai, Kirikiño adiskidea, zuzen zagoz negar egiteko egunak berez etorriko direla esanez. Holan etorri jataz niri aspalditxuon neure sendian, holan heldu zen hona Saguntora be negar egiteko eguna Abanto baporeko den-denak ito zirenean. Geu be, edo neu be, hurretxu nengoen orduan beste ontzi batean, begien aurrean heriotza ikusten. Baina hahor ba, ni bizirik.

        Eguraldi zantarraren arazoak ziren orduan hiru ontzi hondartza eta harritzara eroan ebezanak, baina orain horixegatik ez dago ardurarik. Itsas erdirantz urteten den nasa handi bat egin dabe, eta hantxe ederto egon ohi dira ontziak barruko aldetik, nahiz eta eguraldi txarra egin.

 

* * *

 

        Heldu ei da hona bapore handi bat eta egun bitan zamatu ei dabe aurrerapidetsuzko tramankulu elektriko handi bategaz. Hona joten daben ontzietako lemari eta sugileak lurrera joaten dira berehala, eta aldi gitxi egiten daben legez hemen ontziak zama hartzeko, txistua legez joaten jakez hemengo egun biak. Eta ontziak itsasoratu behar dauenean eurak bilatzen nahikoa neke eta zeregin izaten da.

        Honek ez daukala ezer be zerikusirik esan leike, lehen aitatu dodan eguraldi txarraren arazoaz. Ba... badauka. Lehen ezin eitekezan ibili lemariak eta abar orain legez, ba kai zantarra zen legez, eta eguraldi txarren beldurrez eta ontziko zereginetan beharko zirelakoan, ontziburuak barruan eukiten ebazan lagun denak. Baina orain kaia ederto dagoen legez be nasa luzeagaz, denak dabiltza askatasun gehiagogaz, nasa barrutik ontzia egonez gero ekaitzaren beldurrik ez dagoelako.

 

aurrekoa hurrengoa