www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

        Jakin daizuen zelango edarizaleak diren, hara neuri atzo jazo jatana: banentorren lebatz handi bat lepoan nebala (uretakoa baina), eta nasan egoan neu ontziratu behar ninduen baporetxua, eta bere burua eta makinista, biak egozan lo mozkortuta. Deituten deutsot bati, eta jaramonik ez. Besteari, eta bardin. «Demoniñie!, neuk arin bizkortuko zaituet» esanda jaurti neutsen harri handi bat, eta atera eban zarata handira itzartu ziren, eta hasi ziren aharrausika. «Tirozue arin» ninotsen, baina eurak jaramonik be ez. Han datoz gero karabinero bi be. Honeek be hasi ziren zarataka eta halakoren batean jagi ziren, eta urten ginen ontzirantz. Bidean haserretzen dira karabinero biok, eta ontziburu eta makanista, laurak. Ha zelakoak esan eutsezan elkarri! Laurak egozan sabel-zitela ondo ipinita garagardoz, eta ez eutsen ardura ezergatik.

        Batak eukan abizena Jones, beste batek Smith, besteak Richardson, eta besteak Ward. Han jakin neban Jones daukiela abizena Londresen esnea saltzen daben guztiek, Smith guztiak kirtenak direla, eta abar. Nik uste neban elkar joko ebela. Bai zera, jo! Ezta! Denak adiskidetu ziren nire ontzira heldu orduko.

        Ordaindu behar neutsenean ni ekartea, esan eustan ontziburuak dirua emon beharrean emoteko edontzi bete ardao, eta alaiago zen ardao horregaz munduko diru guztiagaz baino. Horregatino ez dot uste on handirik egin deutsonik garagardoaren gainetik nire ardaoak, ba gaur begia baltzituta daukala ikusi dot. Ha zelango ukabilkada emon deutson nor edo nork! Ez al da izan bere atsoa? Ezetz ez neuke ezer jokatuko, hemengo atsoek ukabilak eurenak dabezelako batzuetan.

        Karabinero biak be geure barrura etorri ziren ardaoa edaten, eta azunbre erditxu garbitu eta gero hasten jataz hitz-neurtuak abestuten, bata besteari ontziburuaren jateko gelan, eta azkenean be gura-nahi-gura-ez atera behar izan doguz. Osterantzean oraindino han dagoz.

        Eibarko Garagotxi, inoiz Ingalaterrara bazatoz, larunbatean etorri.

 

OPORKETAREN ARAZOAK

        Lantzean ontzi bateko lagunak urteten dira horrantz trenez. Ontzijaubeek ordainduten deutsiee dena, bi Galiziako baporeak, baina hasi zenean zirkia egiten hango harriaren harriak ez eukan amairik, eta ez zen ausartu urteten beldurrez.

        Mar Rojo, Olazarri, eta beste batzuk urten dira agintari eta makinista ingelesekin. Baina horregatik gehienak hiru gizon edo barruan hemen dagoz lotuta, askatuteko antz asko barik.

        Sota-ren etxeko ontzietan gabiltzanoi deuskue gorroto handia. Kirten batzuk ei gara gu, halan dinoe eurek. Zer egin geinkio ba!

 

aurrekoa hurrengoa