www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

ARDROSSAN-DIK

1915eko apirilaren 26an

 

        Ardrossan deritzon Eskoziako portu ederrean gagoz. Huri guztiz polita da berau, han-hor txaletez beterik, honek esan gura dauela jende aberats asko bizi dela.

        Hemengo pertsonei berehala igarten jake ez direla ingelesen arrazakoak, pixka bat laburtxuagoak eta baltzarantxuagoak direlako. Emakumeak barriz guztiz dira lodikoteak eta kolore gorridunak, ez Ingalaterran legez luzenga eta argalak eta kolore zurbildunak. Ele edo berbetea be, eurona daukie ingelesaren antzik bape bakoa. Kantuak be bai.

        Ikusgarria da hemengo jendeak daukan erraztasuna gaita joteko, baina zelango gaita! Barre egingo zeunkie ikusiko bazenduez zahagi handi bat galtzarpean sorbaldatik eskegita, eta hor hogei giltzadun txilibitu bat eskuan. Lehenengo putz eginda morroiok zahagia handituten dabe, eta gero zahagiak berak joten dau txilibitua norberak nahi dauen legez. Putzak indartsu bage urtetea nahi denean, zahagiari sakatuten jako.

        Hurrengo euskal idazleen batzarrerako badaroat horreetariko gaita bat Urni Durangokoarentzat.

 

BARRABASKERIAK

        Heldu baino ez ginen egin, eta pozaren pozez gure morroiok garbitu ebezan hor ehunen bat kopako pattar. Gero gauaro oso ederra egoan legez, igon ontzi gainera eta han egin ebazan kitarra jotze itzelak.

        Han baikotzak berea jaurtiten eban. Hogeita sei gizonetik bi ez gara herri batekoak, bata besteagandik urrunetakoak gara denok.

        Horregatik, ene irakurle anaiak, holan pattar pixka bat edanda abestuten dabiltzanean itsastarrak, barreak egingo zeunkez eurei entzuten:

        Batek:        ¡Ay!... ¡ay!... ¡ay! Tres años de cárcel

                        y un día en capiya.

        Besteak:        Homes e mulheres, rapazes e tódo

                        poden ver a dote que o deu meu sogra.

        Besteak:        A Valensia m-han portal

                        em robaren els diners

        Besteak:        Aitite dala tutulunberde

                        amama dala mazusta.

        Abesti guzti honeek eta beste asko nahastatuta. Ez da nahaste barregarria?

 

GIZONAK BEHAR DIRA

        Bi mila gizon behar dabezela esan dabe Ingalaterrako ontzijaubeek, ontziok behar den legez ibili daitezen. Estura garratzak igaroten ditu hemengo itsasketak gizonik ezagaz.

 

HIRU ONTZI LOTUTA

        Ardrossanen dagoz lotuta hiru ontzi gizonik ez daukielako. Ontziburuak esan deuskunez, pozik ordainduko leukiez 46 laurleko. Baina ez daukie itxaropenik, langilea urri ei da-eta.

 

HIRU ITSASPEKO

        Hemen egon dira horretariko hiru, argindarra hartzen. Indar hau jatorkie indarretxe handi batetik hari lodi batzuen bidez. Euren ontziak bete dabezenean, itsasora urten dira. Eurotarik bat gauean atzera etorri da.

 

SOLDADUAK

        Asko dabiltza hemen kalerik kale, eta portua barriz gudontziz beterik dago. Alaiak dira eurak goizetan joten dabezen musika-hotsak.

        Gizonak gonekin eta emakumeak... Inoiz ez zenduen ikusiko gizonik gonekin, ezta? Ba, hona etorriko bazintzakez ikusiko zeunkiez gizonak belaunetarainoko gona izurdunekin. Emakumeak, zuzen dakit gizonek gonak dabilezen tokian eurek prakak erabiliko dabezela. Hau dok arranokeria!

        Oraintxe gomutatu naiz barriz neu be geure herriko Kirtengoiti-ko Merkurio-gaz. Honek ez eukazan praka batzuk baino, eta noizik behin Abarka bere atsoak garbitzen eutsazanean, harik eta gakoan lehortu edo higaitu arte, gona gorri atzetik irrikilu zabaldun bategaz ekiten eutsan koltzan artaburuak zuritzen. Behinola hauteskundeez hitz egiten etorri jakozan agenteak, hauek laster zirela-eta. Eta berak esaten eutsen hareei koltzako leihotik:

        — Ez dau etxean Merkurio, Gernikara joan da.

        — Baina, gizona, geuk badakigu zeu zarena, ezagutzen dogu zure hitza.

        — Horra, ez naiz ba! —esanez etorri zen atera zapi handi bat buruan ipinita—. Soinekoetan ez deustazue igarten Abarka naizela?

 

aurrekoa hurrengoa