www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

BARAKALDON

1914ko azaroaren 10ean

 

        Neure atsoagaz eztabaida aldi bat egin ondoren, bateko non diren nire prakak, besteko jaka, azkenean be noiz edo noiz jantzi naiz, hartu luma eta liburua neure sakelean, honez gainera hiru-lau puru eta hor noa Barakaldora. Sartzen naiz Batzokian, eta ikaratuta geratzen da bertako kontserjea neu ikusita.

        — Batxi! Zu hemendik? Ez zinen joan ba hiru urterako?

        — Bai, joan nintzen eta atzera be etorri naiz; hiru urterako agur egin neutsun baina bi inguru da ordutik hona.

        — Honeek... zeure sendia izango dira, ezta?

        — Bai, neure atso zimela eta Josune txapalduna eta abar.

        Jarten naiz aulki bigun-bigunean... Berehala hasten dira mutilak etorten, eta banan-banan damoste eskua ezagunek.

        Neuk: Mutilak, ba, idazki bat egiteko ustean natork eta gainera Erandion emon neutsuen hitza betetearren.

        Eurak: Ba, 215 bazkide gara. Urte honetan 53 barri sartu dira eta 23 joan dira, eta gehienak gaur beste batzoki batzuetako bazkideak dira. Bakarrik hiru edo lau kirtenek esan dabe: «me doy de baja». Herrian indar handia daukagun? Nahikoa. Udaletxean daukaguz lau abertzale zintzo-zintzoak, eta beste zazpi be... badakizu ba... honeen beste ez baina, nahikoa gure aldez egiten dabenak.

        Neuk: ...!

        Eurak: Bai, guztizko egia da hori tamalez. Zorioneko fabrika! Zorioneko ogi barrabana! Horixe egin ohi deuskue: hauteskundeetan, ogia esku bategaz erakutsi eta besteagaz txartela, kandidatura, eta horra!... gu gehienak kontserbadoreengana joan behar nahitaez, goseak hilten geure sendia ikusi nahi ez badogu.

        Neuk: Nekatxin zotz!

        Eurak: Hemengo kontserbadoreen batzokiko gehienak dira abertzaleak bihotzez, baina...

        Neuk: Bai, mutilak, badakit zer esan nahi dozuen. Eta erreketeroak?

        Eurak: Horreek ezebez.

        Honetara hizketan eta puru tokorrak miazketan gagozela sartzen da Jauregizar bikaina. Eskua damost. Ilun nago, zergatik ez dakidala. Lo dago nire Josune, eta burukada batean joten dau nire kopa, eta han doa akilen-buztan pattar eta guzti. Begiratzen dot hormara eta Sabin maitearen irudia neuri adi dago eta negarrez dagoela iruditzen jat. Begiratu beste aldera eta Pio X.aren irudia be neuri adi dagoela uste dot. Beste aldean Ama Birjina dakust eta bere aurpegian irribarretxua legez deritzot ikusi dodala. Pixka batean holan egonda jasoten dot neure burua eta begiratzen dot atzerantz eta, zer da nire atsegina!, batzoki guztia bete da neska-mutilez eta dena da zarata, denak gaztetasunak eragiten dauen barre eta poza.

        Berehala hasten dira denak euskal abesti alaiak abestuten. Honen hurrengo, neska txikiak zeruratzen gaitue euren Txeru, Ai ene ama! eta horretariko abesti politekin. Gero jesarten da mutil gazte bat pianoan eta bere alboan uztaia eginik jarten dira handi eta txiki denak.

        Lau dabiltza ziper musean... badoa Jauregizar bikaina eta dinotse: «Edo zeuen egipidea bete, edo hona bape etorri ez». Hori, hori! Horixe dinot neuk be. Edo izan onak, edo ezer izan ez. Ume abeslariek barreka eta abar zarataka daragoie, baina gure Jauregizarrek erremuskada bategaz isiltzen ditu. Han inork ez dau egiten txistik, aginduten jakona egin baino.

        Ez dago Euzkadin batzokirik Barakaldokoaren baino errespeto gehiago dagoenik. Ha dok lotsa! Ha dok aberriaganako maitasuna anaien bihotzean sartu gura.

        Azkenengo abestu eben Gora Euzkadi bizi bedi, eta Sabin izena esaten ebenean txapela kentzen eben mutilek eta barriz burua makurtu neskatilek. Ha da lotsa!

        Adurra dariola nengoen gauza honeek ikusten, eta ustez uste barik lepoan jota badinost mutil zintzo neure adiskide batek erdaraz, ia pozik nengoen.

        Neuk: Bai gizona, bai, baina... zuek hain ederto abestu arren, badakizue gero zer esaten dozuen?

        Berak: Ez, Batxi. Beti gabiltza euskarazko ikastola ipinteko, baina ez daukagu maisurik, eta Alderdiak ahaztuta gaukaz. Beti irakasle eske eta jaramonik ez deuskue egiten. Erandiora joan ginen handiko idazkiak euskaraz ikusi genduzanean, ha idazlaria bera hona ekarteko, eta horra nondik jakin dogun hango idazlari Batxi hori dela Gernikako Batxi eta Ingalaterrako Batxi berbera... Eta zuk, badakigu egun gitxi barru zeure ontziagaz urrunera joan behar dozula.

        Neuk: Samintasuna badaroat neure bihotzean, baina joan behar zuei igandean zuzendu barik agindu neutsuen hitzaldia. Tira ba, mutilak, orain banoa, eta agur !

        Denek: Agur, Batxi, eskerrik asko zeure puruengatik eta ondo ibili.

 

aurrekoa hurrengoa