www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

ERRUMANIA

1914ko abenduan

 

        Egunkariak irakurten dabezenek oraingo igarri dabe Errumania aldi gitxi barru gudan sartuko dela Elkartuen aldez.

        Errumaniako herri guztia ei dago gudarako gertu, eta gogo bizi bategaz lehenengo deian gorputz bat eginik denak gudarostera joateko. Arma gainean dagozen mutil denak euren eginbeharrak eta abar ondo ikasita dagoz, baita badakie euren etsairik handiena Austria dela. Austriarren aurka izanez gero edozein ordutan dagoz gertu basora urteteko.

        Batzuek dinoe: zertarako ez da sartzen Errumania hainbat arinen gudan? Erantzupena erraza da ikusiz gero zintzoro aspalditxuon estatuak dabiltzan gora-beherak.

        Gaurko egunean denok dakigu Elkartuen aldez dagozela bihotzez munduko estatutik gehienak. Elkartuek ba erakutsirik euren zintzotasuna eureganandu dabez, eta honeek okasio on baten begira dagoz lehenegoko eupadan urteteko. Honeek gudan sartzeagaz batera badakigu guztizko negargarria izan behar dauela alemaniarrentzat.

        Errumania da ba horreetariko estatu bat, aspalditxuon guztiz ondo gertatua, eta garaipenagaz ametsetan beti dabilena. Hemengo gudarostea, bikaintasunez inori zorrik ez deutsona da aurrerapide guztietan, eta horra zergatik daukan herriak beregan itxarokun ikaragarria. Baten batek esan leike: zelan daki Batxik kirten horrek zelakoa den hango gudarostea? Ez harritu, ene maiteok, esango deutsuet zelan dakidan-eta.

        Lau bider egon naiz Braila deritzon Errumaniako portuan, eta beste lau bider Sulina eta Galati estatu hartako kaietan. Hirugarrenez han egon nintzanean Bartzelonan Ferrer fusilatu eben. Jakina! Sozialista aldrak hasi ziren gora-goraka. Berehala urten zen gudarostea kalera, eta zer? Zarata asko bai etxe-ateetatik edo holan, baina zaldi gaineko bat ikusten zenean berehala barrura.

        Gure ontzia, badakizue, espainiarra zen, eta berehala hurreratu ziren kirten pilo bat (geuk errua izan bagendu legez), lokarriak ebagi eta ibaian behera gu jaurtiteko usteaz. Baina, bai zera! Agertu ziren hamabiren bat soldadu agintari gazte bategaz, eta ha zen hanka-jokua egin eustena nire sozialistek!

        Hortik dinot nik gudaroste guztiz ondo erakutsi dagoela han. Esan gura dot euren beharkuna ondo dakiela, eta oraindino kuarteletan ez direla zabaldu ikurrina edozelako zapi bat dela esaten daben irakaskunak. Abertzaletasuna bai dagoela.

        Danubio ibai ederrean ez dago ez itsas-gora ez itsas-beherarik. Ur joana beti doa alde baterantz, ura gazia da eta horregatik neguan ez da itsaskatuten ibai hartan, izotzagaz gogortuta egon ohi delako.

        Braila, Sulina eta Galati dira herri batzuk oso politak udan, Danubio ibaia ondoan dabela ontziz beterik. Etxeak guztiak turkiar, grekar, rumeliar eta armeniarrez beterik. Italiarrak be egon ohi dira batzuk, gehien honeek itsastarrak. Genoa eta Italiako kai askotatik joaten dira udarako bakarrik euren atoiontzi txikitxuekin ibaiko joan-etorriari aurpegi emoteko, ba han udan bakarrik itsaskatu leike, eta neguan inurriek egiten dabena egin.

        Udan bertako saleroste guztia da ikatza erosi, eta gari, arto, garagar eta indibaba saldu. Urteten dira urteoro Danubio ibaitik 960.000 tona inguru gari, 847.000 inguru arto, 750.000 inguru garagar, 25.000 inguru indibaba. Sartu ohi dira hor 2.000.000 tona inguru ikatz, bertako tren, makina eta enparauak euren zerean ekin daien.

        Bertako biztanleak hor italiarren antzekoak dira, hizketa barriz latinetik datorren nahaste bat. Egunean-egunean erosi ohi neban Rumanesti egunkaria, eta nik behintzat dena adituten neban. Erlijioa da erdaraz cismatico griego deritzona. Katoliko antzera egiten da, baina Aita Santuaren menpean ez dago. Abadeak soineko baltzak daukiez, eta okozpean bizar luzea. Erlijio horren elizetan, gureetan legez, irudiak eta abar dagoz. Goizero esan ohi da meza be, baina nik ez dakit zelakoa den.

        Lehen esan deustuet armeniarrak joan ohi direla udaldian hara lanean. Ba... badakizue hareexei eusko baserritarren antza hartu neutsena? Ez ete dauka arraza harek zerikusirik eusko arrazagaz? Aurpegikeran dira gure baserritar gehienak legez aurpegi ihar sudurluzeak. Janzkiak be bardinak dabez, amantaldun prakak, kirruzko alkondarak harizko aleekin. Abarka artulezko txapinekin, eta honeek praka gainetik. Euren hizkera guztiz da azalekoa edo erraz egiten dena, guztia ahoagaz esan ohi dena, eta ez samagaz eta sudurragaz eta abar ingelesek eta alemanek legez. Nik behinik behinean gure arrazaren antz handia hartu neutsen armeniarrei.

        Hiru edo lau dendarigaz adiskidetu nintzen, hemen euren izenak: Kutika bat, Reabeka beste bat, Ostarka beste bat... Orain ez jatortaz gogora beste batzuen izenak.

        Brailako herria guztiz da ederra eta barria. Hainbat egurastoki zuhaitzez beteak daukaz. Janariak oso merke dagoz, okela sei txakur kiloa, eta oilasko ederrak laurleko baten. Galati txikitxuagoa da, eta Sulina oraindino txikiagoa.

        Braila eta Galatira joateko hamabi ordutan ibili behar da Danubion gora itsasotik hasita. Brailatik ordu batzuk trenean joanez gero joten da Errumaniako hurigoren Bukarest deritzonera, Bukuresti eurek esaten deutsiena, huri handi eta ederra zelai-zelaian.

        Gu han egon ginenean kontsula alde batera utzita, sendi bat bakarrik bizi zen Bukurestin espainiarra. Andere alargun bat alaba kaskondotxu bategaz bera.

 

aurrekoa hurrengoa