www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

GLASGOW-TIK

1915eko maiatzaren 11n

 

        Gaur goizeko zortzietan urten gara Glasgowtik Genoarako. Agurka geratu jataz Jon, Anes, Kandika, neure adiskide zintzo Oriñon, Salvadora eta Pobeña ontzietan dabiltzanak. Ez dira bakarrik nire adiskideak, aberriarenak be badira zintzo-zintzoak, batez be Oriñon-go Jon bikaina. Agur ba, mutilak! Zuekin batera bardin agur dagitset hor Euzkadin milaka dagozen neure anaia kutunei. Jakingo dozue nire barri ostera be Jaungoikoak nahi badau.

        Itsaso arriskuz betekotik goaz, baina Ama Birjina da gure aldez, eta orain arte legez helduko gara gu ostera be goazen tokira beren eskerragaz batera.

        Ibaian behera goaz, eta ibai ertzetako ontzigintzetan ez da besterik ageri gudontzi barria baino. John Brown and C.º ontzigintzan dagoz oraindino uretara jaurti barik lau itsaspeko eta lau kanoiontzi, eta uretan akorazatu bat guztiz handi eta ederra, gertu noiznahi urteteko. Bere albotxuan beste 'dreadnought' bi, gitxi falta jakela amaitzeko. Honeez gainera dagoz lau kanoiontzi, eta bi itsaspeko gertu gudara joateko.

        John B. C.º ontzigintza baino itsasorago dago Deaslow deritzon beste ontzigintza bat, eta hemen dagoz ia amaituan lau kanoiontzi, akorazatu bat eta itsaspeko bat. Eta uretan, gudarako gertu, 'dreadnought' bat eta lantxa kanoidunak. Deaslow ontzigintza utzi atzetik eta berehala aurkitzen da Glasgow Corporation Bewage Purification Works deritzon fabrika handia. Hau utzi eta beste ontzigintza bat dago eskumatik; bertan lau zamaontzi egiten dihardue. Gerotxuago idoroten doguz ibai ertzean harri-mokil handi baten atzetxuan beste ontzigintza bi. Bertan ageri dira hor hamabiren bat ontzi barri, uretan eta lehorrean, seguru ez dakit gudontziak ala merkanteak diren.

        Hau utzi atzetik eta agertzen jakuz hainbat baserrietxe, eta ibaiertzean hainbat ardi, txahal, oilo eta faisan deritzen hegaztiak. Baserriok utziagaz batera agertzen dira huri alai eder bi ezkerretik eta eskumatik etxe eder eta zuhaitzez beteriko kaleekin.

        Honeek atzetik doguz agertzen garenean ostera be hainbat ontzigintza eta fabrika dagoen herri eder batera. Bertan dakuskuz hainbat bidaiari-ontzi eta osterantzekoak. Huri eder honetatik igarokaldian joale alaiek daragoie joten eliza denetan. Bederatziak dira.

        Hamarretan urten gara itsaso zabalera, eta hantxe gelditurik utzi dogu praktikoa, berari emonik geure eskutitzak sendientzat, eta zuentzat, abertzale anaientzat. Idazkitxu hau be berak daroa. Uste dot jaurtiko dauela idazki-kutxara.

        Agur ba neure kutunak, Genoara arte, Jaungoikoak nahi badau.

        Oraingoxe daroaguz eskegita geure txanelak, gertu ezer jazoko balitz.

 

aurrekoa hurrengoa