www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

ROTTERDAM-ETIK

1914ko martxoaren 27an

 

        Heltzen denean arrotz bat herri honetara lehenengo ohartu ohi dauena da hemengo kaleetako garbitasuna. Igaroten bada bat goizeko zortzietan legez kaleetatik ikusten dauena da neskame guztiak euren etxe-aurreak garbitzen, eta hor bederatziak inguruan, zurubi eta metal eta beste enparauak birrist egiten egoten dira dir-dir garbiaren garbiz. Hemen ez da ikusten Ingalaterran legez ume kozkor aldrarik ortozik eta atze-aurreak agerian. Hemen kaleetatik ikusten diren umeak soineko zaharrekin baino ez bada be, behinik behinean garbiro ikusten dira.

        Hemen esan leike, edo zenbatu leikez herri bi: bata lehorrekoa eta bestea uraren gainekoa. Lehorrean beste biztanle gitxi bat gorabehera dagoelako uraren gainean, ba senar-emazteak, ume eta abar bizi dira urgazontzietan lehorrean baino oraindino zabaltasun gehiagogaz berarizko bizitokietan. Urgazontzi bakoitzak daukaz bizitoki bi, bata guztiz ederra ontziburu eta sendiarentzat, eta bestea behargin edo marinelentzat. Marinelak ezkongeak badira, bizi leikez bi bizitoki hareetan, baina ezkondua izanez gero bat bakarrik emazteagaz, eta honek dauka eginkizuna bigarren marinelaren lana egiteko.

        Askok esango dau zelan izan leiken senar-emazteak umeekin halako ontzietan bizi izatea. Ba, guztiz erraz. Umeak txikitxuak diren artean, nik ez dakit zelan, baina puskat kaskonduten direnean, gogoa alde bateratuta txakurkumatxu bat balitz legez lotu ohi dabez uhal bategaz gerritik, eta gero apurtxu bat luze utzi haria jolastu daitezen umeak, eta horretara inoiz ez daukie uretara jausiko diren beldurrik, haria beti izaten delako ontzi-ertzeraino baino laburragoa.

        Emakumeak dira lemaririk bikainenak. Gizonek beste zer edo zer egiten diharduen bitartean, ikustekoak dira leman atsoak txistua baino arinago ibaian gora eta behera ontziak zuzenduten. Badira hemen gizonak, gauean, euren ontziagaz nora edo hara joan beharra euki, eta eurak ohetik ez jagitearren atsoa bidali ohi dabenak ontzi-zubira, eta goizean jagitorduan aurkituten direnak beste herri batean atsoak ontzia eroanda.

        Umeak ikastoletara joateko adina daukanean, bidaltzen dabez berariz eginda dagoen ikastola handi batera, eta bertan irakasteaz gainera elikatu eta abar egiten deutsie euren ontzietara etorri ezin diren umeei, ontzia beste alde batera joan delako-edo. Holakoxea da ba hemengo uraren gaineko herria: dena da zama-ontzia ibaian, atsoz eta umez beterik.

        Lehorrean barriz guztiz ondo bizi leike hemen dirua eukiz gero. Kalerik kale salduten dabe ba etxean behar den guztia, eta ez dago zertan plazara joanik ezer erosten. Ikustekoa da zaldi-orde burditxoetan txakurrak dabezela hemengo baserritarrak gauzak saltzen goizean goizetik.

        Ikaratuko dira beharbada txakurrak erabilteagaz zaldi-orde Euzkadi-ren irakurle asko. Ba ez harritu... eta ez uste txarragoak direnik, neuk ikusi dodalako lau txakurren artean eroaten zaldi handi batek eroango leuken beste. Eta gero elikatuteko zaldiak pentsua behar dau, eta barriz txakurrak bardin-bardin arratoiekin be.

        Honeetan Holandako herrietan Alemania herriko antz handia daukie ekanduek eta beste gauza askok. Ba, Alemania ikusi eta hau Holanda ikusi, erdi bardin.

        Gauza bat bakarrik ikusi dot hemen jazoten ez dena: hemen ontziak heltzen direnean ez da inor etorten euren gauzak salgai ipinten Alemanian legez. Han ikustekoa da ontzi bat heltzen denean. Beronen ondora etorri ohi dira hamazazpi harakin, hamahiru okin, hogeita hamar soineko-garbitzaile, beste hainbeste oinetakogile, eta ontzi guztia beteten dabe idazki-azalez edo tarjetez euren etxearen zuzenbideaz, eta denak bata besteagatik txakurrenak esaten. Hemen horrexegaz bakea daukagu itsastarrok.

 

BOXEOLARIAK

        Hemengo antzoki batean frantziar batek eta errusiar batek egiten dabe ukabil-jokoa. Ukabilkada ederrak sartzen deutsoz batak besteari, baina elkar ez dabe oraindino hil. Kale mustur guztietan dagoz ipinita euren irudiak, eta jendetza handiak joaten ei dira gauero horixe ikusten.

 

BUSTITEKO GOGOA

        Kowader deritzon batek atzo bere buruari uretara utzi eutsan. Bere bila joan zirenean, uger egiten aurkitu eben. Itaundurik zergatik behar hori egin eban, erantzun eban diruak amaitu eta lan barik egoala. Horregatik hil gura izan ebala bere burua. Zergatik uger egiten ete eban ba?

 

LAPUR ZUHURRAK

        Ingeles ontzi bati loki edo noka barri bi ostu deutsiez. Ibai-poliziak badabiltza lorratz bila, baina ez dakit ezer idoroko daben; ba honeetariko lapurrak egiten dabe, ostu orduko ikusi, eta joan beste ontzi batera eta esan zelako lokia daukien saltzeko, eta baietzean gelditzen badira, ontzi hori itsasoratu baino ordu batzuk lehenago ostu lokia eta eroan eta saldu. Esan gura dodana da, ostu baino lehen salduten dabela lokia; berau hartu behar dauen ontzia itsasora joan behar dauen gau hartan bertan, ostuten dabe lokia bestean eta berehalaxe daroe harengana. Ha urteten da loki ederra guztiz merke erosita eta bestea ha barik, eta kitu.

 

EMAKUME BATEK BIRRITAN EZKONDU NAHI

        Esan deustenez, lehengo egun batean nahi izan eban errusiar neskato batek bigarrenez ezkondu Anberesko zuritzaile bategaz, baina honek egun bat lehenago hartu eban idazki bat Berlindik neskato horren lehenengo senarrarena, eta orduan amaitu ziren tratuok.

 

GURA IZAN ARREN EZIN

        Inoiz lehenago esan deutsuedan legez, dago hemen kafetegi edo jatetxe bat dirua zulotxutik jaurtita jatekoak urteten dabena. Hor Bilbaon balego, Kirikiñok esango eban pezeta faltsu guztiak bertara joango litzakezela. Ez ba, ezin leike hori. Neuk jaurti dot gaur Frantziako laurleko bat, eta erresorteari tira eta tira ibili naiz, baina barruko aldeko jatekoa geldi, eta berehala urten jat neure laurleko hori beste zulotxu batetik atzera. Zulotxuetatik doazen txanpon guztiak euren bidetxuetatik doaz toki batera, eta han dago neskatila bat dirua ikusteko. Txanpona ona bada, berak ipinten dau aske jatekoaren erresortea, eta txarra bada, beste zulotxu batetik bidali atzera.

 

ABERRIRA!

        Gaur jakin dogu hemendik Ingalaterrara goazela, eta handik aberrira. Ez uste goazenik euskotar askok aberria deituten deutson eta ez denera, ez, bertora, Bilbaora. Hau da poza! Pentsatuta bakarrik laster egon behar dodala hor neure anaia kutunekin eta laster entzun behar dodazela horko txoritxoen kantuak eta kukuaren hots zolia...

        Bederatzi euskotar bakarrik gagoz barruan hogeita hamabi gizonetik. Gu oso alai gagoz, baina valentziarrak hemen dabiltza prakak eutsi ezinik beldurrez, hor Bilbaon denok utziko ete doguzen.

 

aurrekoa hurrengoa