www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

CARDIFF-ETIK

1914ko azaroaren 22 eta 23an

 

BELDURRA

        Guztiz dabiltza beldurrez ingelesak aspalditxuon. Alemaniar gudontzi handi bat dabil hemen hur samartxu, eta lantzean ingeles gudontzi bat botaten dau hondora, eta inork ez ikustea nahi dabenean urpera sartzen da eta kitu. Ikaratuta dagoz honeek hain ontzi handia behin urpera eta behin azalera ibili ahal izateagaz, ba orain arte itsasoetan ibili diren urpekoak hor ehun tonelada ingurukoak baino ez dira izan.

 

ARRANOKERIA

        Gaur Cardiffera joan gara lau hornikari, eta honantzan, ez gara ba galdu?... Hor goaz Grecian deritzon herri bateraino ezer pentsatu barik, eta han eskerrak txartel-zulatzaileari, osterantzean han goaz Londreseraino. Arratsalde guztian ibilirik trenean eta oraindino txilin bana zigorkada ordaindu. Eta hor etorri gara gure ontzietara arratsaldeko seietan.

 

BELGIARRAK

        Hainbat aberats belgiar dagoz hemen inguruan. Ihesita dagoz euren aberritik. Eta umetxuak be asko dagoz aita-amarik ez dabenak zabalduta Ingalaterra guztian.

 

ONTZIAK

        Ederto ei dabiltza oraingoan ontzijaubeak, ba guztiz diru asko damotse zama hara-horra eroateagatik. Upomendi ontzia Argentinara doa, eta beste asko doaz Italiara, harako ontzi joan-etorriak be guztiz goitik dabiltza. Biejondaiela.

 

HILTEKO TRAMANKULUAK

        Lehengo egun batean heldu da hona Marte deritzon ontzia eta harriturik dagoz hango lagun denak ikusi dabenagaz. Minak ur-azalean ikusi dabez eta eurekin ez topo egiteko hainbat ahalegin eginik, azkenean be lortu dabe Rotterdametik hona etortea ezer jazo baga. Horregatik ba, alemaniarrek mina klase bi darabilez: ikusten ez direnak eta ur-azalean uren abiada nora-hara dabiltzanak. Hareek dinoenez, samingarria da Rotterdameko kaia ikustea ontzi bat baga eta kale guztiak gosekilez beterik.

 

IDAZKI EDERRAK

        Gogoetez neure burua bete deuste gaur han-hor ikusi dodazan idazki aberkoiek. Holako batzuk ipini behar litzatez Euzkadiko basetxeetako hormetan eta tantaidietako zuhaitzetan anaia denek irakurri daiezen. «Aberria maite ez dauen ingelesa, ingeles salkorra da». «Ingelesak... ez ahaztu inoiz zeuen asabekin». «Ingelesa: gogoratu zaitez zelan zure anaia dagoen borrokan aberriaren garaipenarengatik». «Maite izan eizu aberria delako zeure amaren herria», eta abar eta abar. Idazki honeek ingelesez dagoz eta neuk euskaratu dodaz, honeek baino gehiago be badagoz, baina... hurrengoan esango deutsuedaz. Neuk be orain azkenez dinotsuet.

                        Maite neure anaiak

                        Euskal aberria

                        Delako asabaren...

                        Herri txit alaia.

 

BELDURRA

        Zeppelin deritzen haize-ontziak etorriko ez ete diren beldur dira gure ingelesak. Gauetan trenak nondik nora dabiltzan igarri ez daien alemaniarrek, hara zer dagoen bagoi guztietan idatzita: «Bidaztiak, ikusirik gauetan etorri leikezela arerioak goitik, eta trenbide, zubi, eta abar apurtu, agintzen deutsegu denei gauetan euki daiezela leihoak gortinekin itxita, argia ikusi ez dadin».

        Eta horretaraxe dabiltza oraingoan hemengo trenak, gauetan nondik dabiltzan igartzen ez deutsela.

 

DENA GARESTI

        Aspalditxuon bertan behera utzita daukaz ingeles gobernuak bere menpekoak. Salneurriak larregi jaso ez daitezen, une batean burukomin haundiak daukazan baina aspalditxuon txitean-pitean jaso eta jaso ekin deutsie salerosteak. Orain bake aldietan baino birritan garestiago jarri dira elikadurak, eta kezka asko egoteagatik biztanleen artean jaramonik be ez dau egiten inork.

 

ERRENTARIK ORDAINDU EZ

        Horixe berberori egiten dau hemengo emakume andaluziar batek, zer oraingoan Ingalaterran, guda dela eta ez dela, zorrarentzat tribunalak itxita dagoz. Ezin ugazabak maizterra behartu leike etxetik urteten, ez badauka zegaz ordaindu. Eta honek barriz eukita be, badino ez daukala, ezin leikio Police Court-era deitu ugazabak. Etxetik urten nahi ez badau maizterrak aitzakia emonik beste etxe bat ezin dauela idoro, ez dau urteten, eta hahor nondik dubarik nasai zelan bizi leiken Ingalaterran!

 

USOAK KONTRABANDOAN

        Ontzi guztiak dira oso arakatuak hona heltzen direnean usorik egon ez dagoen ikusteko. Honeek guztiz dira hemen kontrabandoa. Albiste ekarle eta eroale direlako mensajerak deritzenak.

 

HITZ EDERRAK

        Atzo bidali neutsuezanen gainera hara zelango hitzak dagozen kaleetako hormetan idatzita. «Goiko Jauna, zeure eskuetan Ingalaterra ipinten dogu». «Zeure beharrean gagoz. Salba gaizuz zeruko Aita betikoa». «Jauna, errukitu Frantzian dagozen gure anaiekin». «Jauna maitatu gaizuz guk aberria maite dogun legez» eta abar eta abar.

        Hurrengoan esangotsuedaz gehiago. Orain neuk be esatea Zeruko Aitari: «Zain eizu gure Euzkadi».

 

aurrekoa hurrengoa