www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

AGUILAS-KO HORNILLO-TIK

1915eko otsailaren 9an

 

        Behin batean, oraintxe gomutetan naiz Kirikiñok zelan destainaz esan eustan Andaluziara heldu baino arinago andaluztu nintzela, eta ordutik hona beti egoten izan naiz pentsatzen noiz demonino etorriko garen herri zorioneko honetara.

        Hahor nondik, behingo batean etorri beharra euki dogun.

        Geure ontziagaz sartu ginenean hemengo kaian esan eikean sartu zela herri honetako salbatzailea edo... berehala bete ziren ontzi-ertzak txanelez, batzuek eskuekin seinak egiten gose zirela, beste batzuek lan eske hiru ontzako bizarra aurpegian, eta besteak urtebetean ebagibako ulea buruan dabela.

        — Zeñó capitán tiene uzté una plazica pamí, mire uzté que jaze veinte días que no he cenao.

        Harik eta itsas-osagilea etorri arte ontzi-ertzean egozan, baina gero, zer zen ha! Barruratu ziren hor berrogeita hamarren bat, berehala garbitu ebezan ontziko hegaletan egozan ogi urdin txatal denak.

        Ontziburuak dino:

        — Bihar neure ontzi-zereginetarako hor hamarren bat gizon behar dodaz.

        Han ikusiko zenduen barrabaskeria euren artean, argi egoen! Denek nahi eben etorri, eta gure buruak hamar baino behar ez.

        Oraindino itxaropenik galdu barik egozan gaztetxuak, edo hor hamazortzi urte ingururantz joiazenak, baekien niri be morroi bat falta jatena. Ikusten nabe, eta han datoz hor hamar edo hamaika...

        — Hornikaria, zeuk behar dozun morroia hautestuzu gure artean, zeure amatxuren osasunagatik («por la salusita de su mare») hor hilabete inguru da gauza berorik gure ahoetan sartu ez dela-eta.

        Jarri nintzen eurori begira, bai!, edozeinek sartzen jok honelako morroi bat norberen gelan, zorriz bete daiozan bati norberen ohe eta enpaiduak. Bilbaoko ontzi batean jazo zen oraindino ez antzina, ontziratu ziren hemengo hiru edo lau, eta Ingalaterrara heldu zirenean hango itsas-osagileak lau librako zigorkada ipini eutsan ontzi horri zorriz apestatuta joialako zirkilu guztietatik.

        Sukaldina ba hemengoa hartu eben, eta indiaba orde... badakizue.

        Ez dago herri honetan inor begietan piztak ez daukazenik, eta gorputzean hor atzamar bete kana inguru ez dauenik, eta ez da harritzekoa, gogoratzen bagara zelan bizi diren hemengo biztanlerik gehienak.

        Gaur goizean plazarantz noala, ez deust urten satorra legez lurpetik atso batek? Honen hurrengo non ikusten dodazen hiru-lau umetxu kedarra baino baltzagoak, eta ni ikusiaz batera, klask, han doaz lurpera zohi baten azpitik.

        Hau ikusirik, neure lehenengo hitza izan da, nekatxin zotz!, hemen lurpean be biztanleak jagozak, hor Euzkadin be badagoz baina. Horkoak satorrak, saguak, zapuak, harrak dira, baina hemen pertsonak.

        Eta gero, zelango bizitokia lurpe horretan etzuteko ahartxo narru batzuk zirkilu batean, jatekoa egoteko hiru makilagaz eginiko tramankulu bat, baina tramankulu hori gehienean hutsik egon ohi da, hemengoak kipula erdi, laranja bat eta tomate gordin bat eukiez gero, gertu dagozelako.

        Lanerako? Bai zera, horretarako guztizko alferrak dira, baina guajirak abesteko... horretan dozak ba mutilak.

        Ezjakintasuna non hemen beste?

        Gero esango dabe hor Euzkadin gagozela guztiz atzera jakiturian, baina egingo neuke hor ez dagoela hamar urteko umerik bere abizena ez dakienik, denik eta basomortukoena bada be.

        Hemen? Hara... gaur goizean itaundu deutsat hor hamabi urte inguruko mutiltxu bati kalean...

        — Txo, zelan dozu izena?

        — Pue mi uzté, me yamo Paquito...

        — ¿Y tu pare como ze yama? —izan da nire bigarren itauna.

        — Pue mi pare ze yama Paco.

        Abizena zelan daben aitak, ez amak ez ezer ez ekien mutil horrek. Ene!, barriz oraindino asko dagoz hemen Espainian erregerik badagoen be ez dakienak. Eta Madrilen estatuko hartu-emonak atonduteko toki bi, Senado eta Congreso dagozenik, ez entzuterik be, ez daukienak.

        Eliza txirotxu bat dago Aguilasko hurian, eta huritik ate, hor jendea lurpean bizi den tokian, basotxu ñotxu bat, ber-bertara heldu artean ikusten ez dena.

        Honeekin gauzokin atzera egon arren, zezen plaza ederra dauka herri honek hur samartxu, horixegaz hornituta dagoz.

        Circulo Maurista, Sociedad de Comercio y Artes eta Casinoa dira herriko etxerik ederrenak. Baina eurok be ez daukie zer ikusi handirik.

 

aurrekoa hurrengoa