www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

ALMERIA-TIK

1915eko apirilaren 14an

 

        Heldu ginen atzo hemengo portura, eta helduagaz batera, ikusirik ontzi honek bere atzean espaniar ikurrina ebala, bete zen gure ertza mutil eta neska kaskonduz, gehienok erdi biluzik, euren gorputzak hautsez beterik dabezela, inon diren dantzak egiten.

        Ezbeharrari barre egitea atsegin izan ohi jake askori, eta hori jazo zen atzo be. Batzuek lantzean ogi txatal bat, besteak txakur txiki bat jaurtiten eutsien, eta honen ordez inon diren gorabeherak eragiten eutsien gorputzei.

        Ez ziren mutil kaskonduak bakarrik, baita baziren emakume eta gizonak be. Ni be eurei begira nengoen, eta egia esateko, alde batetik euren txirotasunak errukitu ninduen, eta bestetik higuin hartu neban, ikusita hau moro nahasteko arraza hau hain ustelduta, hain atsituta. Euskotar emakumea, nahi gizona, nahi umea, goseak lehenago hilko litzake zirkilu batean, ontzi-ertzera etorrita hareek egin ebezan dantza zikinak egin baino.

        Negargarrizko herria deitu lekio herri honi beste alderdi batetik, itsastarrak herrietara heltzen garenean, egun itzelak itsasoan igaro ondoren, herrira joan ohi gara atsegin bila geure bideak pixka bat haizetuten geure ontzi barruko gela estuetatik urtenda. Baina honako herrietan, zelan atsegindu? Jesarten zara kefetegi batean, han jatortzuz hamar itsu, sei mantxo, lau betoker, hamazortzi atso ume txikiak lepoan dabezela. Honen hurrengo han jatortzu hamar-hamaika herren eta abar oinak dardarrez dabezela. Beharbada han jatortzu goizero kafea hartzen zagozala morroi bat bere zauriak erakusten, gero beste bat pattar usaindun arnasa atsituaz zeure aho-ahora limosna eske, eta ez daukazu beste urteerarik, edo ok egin higuinaren higuinaz, edo jagi eta aldegin beste toki batera. Bazoaz beste kafetegi batera, eta han jatortzuz ostera be, «baina, gizona, lehen eman badeutsut...», ez dabe ezer adituten, «socorro, cabayero, que estoy desfallecido».

        Niri neuri, atzo behinik behinean, edan nebazan kafea, gargardo eta enparauak, ozpin bihurtu jatazan ontzi barrura etorri orduko. Ez noa gehiago herrira.

 

LAPURRETAN... BAINA, ZEIN POLITO!

        Atzo gure ontzi gainean egozan bertako lanetarako hor hogeiren bat zorro harriketzaz. Bere albotxuan egoan jesarrita gizon bat, beti herrira adi. Halakoren batean, han dator mutil kozkor bat, eta dinotso:

        — Pare, ha dicho la mare que se vaya.

        — Dile a la mare que no voy —esanda, hasten jako mutiltxu horri ikatzarriak jaurtiten haserre bizian.

        Eta seme horrek kinuka inon diren barrabaskeriak egiten eutsazan aitari. Honek barriz besterik ez eban egiten harrika egin bere semeari baino, biraoka eta arramuskadaka. Denok gengozan ikaratuta ume hain lotsabakoa ikusita. Baina, bai lotsabakoa! Handik gerotxuago, mutilak berehala bete eban harrikatzez zorro handi bat aitak jaurti ebazan harriekin, eta etxera eroan eban. Aita-semeak elkar hartuta egozan.

 

aurrekoa hurrengoa