www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

DURBAN-GO EKANDUAK

1914ko uztailean

 

        Behin joan ginen Afrikako Durban deritzon herrira be. Ontziak atxurrak hondoratuta gero heldu jatan ship chandler portugaldar bat eta badinost ia herrira joan-etorri bat egin nahi neban. Baietz esan neutsan, eta han goaz itsasontziño batean sei baltz arraunlarigaz. Ia nasara heldu ginenean hasten naiz adi, bazen han zarata, eta nire lagunak inostanez, neuri deiadarrez ebiltzan.

        Ni heldu eta behingoan batak kendu eustan otzara, beste batek hartzen nau arrelepo eta han naroa burdira. Joten nau ni arretxiko naroana musturretan beste batek, eta hartzen nau gero lepoan eta banaroa bere burdira. Han nenbilen ni burdi batetik bestera, eta guztiz nengoen ikaraz hainbeste baltzen artean. Hau igarri eban ingeles agintari batek han egoanak, eta berehala deitu eutsan bere ezagun burdidun bati, eta harexegaz azkenean be joan nintzen.

        Irakurle askok esango dau beharbada: «a zelako gauza egingo zenduan burdian joateaz». Ba ez uste han zaldiekin dabiltzanik burdiak, oker egongo zarie-eta. Han zaldi orde gizonak ibilten dira aurretik, eta norberari emoten deutsie eskura latigoa atzetik di-da emoteko arin egiten ez dabenean.

        Ni baninoan neure burdian azokara, eta ez nintzen heltzen. Nire albotik igaro zen frantses ontzi bateko hornikaria oinestua baino arinago, eta neure zaldiari itaundu neutsan ia zergatik ez doan ha legez, eta erantzun eustan emoteko sei penny gehiago, eta gero aske utziko deustala latigoa erabilten.

        Bai? Eutsok ba... Hasten naiz emoten, nongo frantsesa? Laster geratu zen atzetik, baina ha ez zen abiada. Oinestua baino arinago ginoazen.

        Heltzen gara plazara, erosten doguz janari batzuk, zamatuten dogu burdi hori goraino, jarri zen zaldia aurretik, hartzen dot uhala... Nork ikusi gu? Ez dago automobilik munduan gu beste ibilteko.

        Heltzen naiz neure aza eta abarrekin nasara, eta han egozan txaneleko sei baltzok gertu. Sartu eta jesarten naiz txanelean... baina ibili? Hareek euken galbana!

        Handik gerotxuago hara non ikusten dodan herrirantz etorrela ontziburua beste sei baltzekin, baina tximista baizen arin. Begiratuten dot ondo, eta upielako zapladak eragoion emoten ezker-eskumatara. Arraietan! Hemen be latigoa behar da? Hasten naiz zartadaka eta beldurrez-edo han joak baltz bat uretara. Gura naben atera, baina besteok esan eusten uzteko, ondo dagoela eta ez zela itoko. Arin heldu nintzen ontzira.

        Ikarateko herria da ha, gizonak soinekoekin ibili beharrean, gorputzak pintatuta daukiez hainbat koloregaz, eta emakumeek barriz lepoen gainetik emon ohi deutsiee umeei bularra, eta gehienak ibili ohi dira bilutsik, sudur mintzetan uztai handiak sartuta dabezela, gure aldeko idisko gaiztoen antzera. Etxeak euki beharrean zuhaitz abarrezko eskepeak daukiez, eta frutekin eta gauza gordinekin elikatu ohi dira.

        Noizik noizera puskat harrotuta zeozertan hasten badira ingelesen aurka, berehala jaurtiten dabez han dagozen gudontziek hiru edo lau putz, hil baltz pilo bat, eta gero dena isil-isilik.

        Hango errege Ingalaterra da. Baltzei lana ziper eragin eta ezebez bat ordaindu, eta dirua nahikoa ipini eurek Londresko banketxeetan.

        Inork ez leuke sinestuko zelan bizi den han jendea. Ikusten dozuez txakurrak zelan joan ohi diren denak elkarren gainera hazur bat edo beste baten batek jaurtiz gero, ba halantxe joan ohi dira hango beharginak be ontziaren albotik ogi-hondakintxu bat inork botaten dauenean. Hareek bai direla errukarriak!

 

aurrekoa hurrengoa