www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

GENOA-TIK

1915eko urtarrilaren 29an

 

        Lehenagoko egun bateko idazkian adierazi neutsuen zelango kaia den hauxe, zelangoak diren hemengo beharginak eta abar.

        Ontzijaubeak ba, hona ontziak bidali baino lehenago ondo begiratu behar dabe nora bidaltzen dabezen, ez bakarrik zama hutsituten aldi askoan egon ohi direlako, baita be hona datozen ontziak ordu seguruan inoiz ez dagozelako, ez dago ba kai honetan ez poliziarik ez Jaungoikoaren eskerrik.

        Poliziak egon badagoz baina... Nik ez dakit non sartzen diren euren beharra dagoenean.

        Oraintxe dira urte bi Astarloa ontziari ostu eutsiezan bere atzeko biltokitik hor mila laurleko ingururen janariak edo elikadurak. Bere albotxuan egoan Askarai Mendi, eta hemengo hornikariak harroarren inotsan Astarloa-koari oskilkeria bakarrik ostu ei deutsiela, eta hurrengo egunean 24 oilo eta ez dakit zer gehiago berari ostu eutsien. Nerau Arraiz ontziagaz hemen behin nengoela gau batean ate guztiak apurtu ondoren, lapurrak ihesi eben ezer ostu baga. Eskerrak zuhur egon ginela.

        Beste hainbat ontziri be egin deutsiez hemen lapurretak Bizkaya Mendi, Mendibil eta Josu ontziei, nik dakit zenbat...

        Oraintsuengo hemen egon nitzenean bapore Upo Mendi-gaz, Noviembre ontziko hornikariari ostu eutsiezan 700 lira, makinistari be bai pixkatxu bat. Urrunago joan barik, atzo Astarloari ostera be biltokiko ate guztiak apurtu ondoren, bertan egon diren janaririk gehienak ostu deutsiez.

        Samingarriena da ontziburuak daukan atsekabea. Beren biltokiko elikadurak ostuta, eta oraindino mugazainei zigorkada ordaindu behar, eurek eginiko sello edo trastea lapurrok apurtu dabelako, bertako gauzak ostutzeko. Lehenengo elikaduraren balioa sakelean falta, eta oraindino zigorkada ordaindu behar, selloa apurtuta dagoelako.

        Ez da hau negargarria? Gitxienez emon beharko ditu 1.000 lira sello horren gorabeherak bakeagaz atondu nahi baditu, eta txarrean hasiko balitz mugazainek daukie eskubidea hamar mila lirarainoko zigorkada ontziburuari ipinteko.

        Hara zelango egunak daukazan Astarloako ontziburuak Genoara bere ontzijaubeak bidali dauelako, ba gixajoa lapurretan ebiltzan arte lo egongo zen berera beren ontzizainekin fiatuta.

        Ontzizainak be bi eukazan gau horretan; bat herriko janzki eta guztikoa, eta bestea barrukoa.

        Baten batek esan leike, zer egiten eban ba uniformedun guardia horrek beste barruko hori lo egon bazen be? Zer egingo eban ba? Lo... eta batek daki guardia horrek eta lapurrok elkar hartuta baeuken be.

        Behinik behinean lapurrok eta kai ateetako poliziak elkar hartuta egon behar, osterantzean Genoako hurira ezin leike kaitik ezer eroan, han-hor ate handiak daukazelako euretan hainbat polizigaz. Ez da lotsagarria Genoa lako huri batean ontziak herriko guardia euki beharra, eta hau eukita be egiten diren lapurretak egitea?

        Hori bakarrik Italian jazoten da.

 

aurrekoa hurrengoa