www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

VENEZIA-TIK

1914ko maiatzaren 19an

 

        Arraiz baporeagaz heldu ginen Venezia deritzon Italiako hurira, eta asko gure anaien artean egongo diren legez huri hori entzutez baino ez dakienak zelangoa den, hara ba. Herri bat da kalebakoa, kaleak euki behar leukezan tokian daukaz ibaiak, eta bertatik tranbiak eta kotxeak ibili beharrean dabiltza ingelesek ferryboat deritzen ontzi txikitxuak. Etxeak denak dagoz ur ondoan, eta etxerik ez dago bere atean gondola edo txanela ez daukanik. Kipula baten bila joan behar badabe, indarrez txanelean joan behar da. Guztizko jauregi ederrak dagoz, eta guztiz jende asko urrunetatik etorten da antzinako arte gauza ederrak bertan dagozenak ikusten.

        Huriak daukan tokirik ederrena Piazza di San Marco da, guztizko plaza ederra. Bertan da La Chiessa di San Marco, oso eliza ederra eta gelgarria; hainbat uso dagoz bertan eta ibilten dira oinez plazan bertan eta inork be ez deutse ezer egiten. Askok eguna igaroten dau txakur handi batzuen alea edo garauna erosi eta usoei jaten emoten, eta jatearren norberen eskuraino etorten dira. Hurizainak barriz zuhur egoten dira, osterantzean erraz-erraz uste dot granujaren batek egingo ebala usotxu bigunekin afaria.

        Hantxe bertan egoan eta bizi zen Karlos jauna, erreketeroen Jaimeren aita. Larri egoan gizajoa jakin arte zenbat karlista egoan gure ontzian. Eta bidali geuntson albistea denok ginela karlistak. Hori jakin ebanean gaztigatu euskun joateko bere etxera, eta han goaz gu. Bere alabak emon euskun kopa bana jerez, barriketaldi bat egin eta gero. Etxe bat ederragoa eukan... Mutilak, ha zuan etxea! Atezain bi egozan, biak gipuzkoarrak. Txapel gorriak eukezen buruan eta soineko azulak. Bapore txikitxu bi atean lotuta espainiar ikurrinez beterik; jauregiko leiho guztiak itxita, eta hantxe egoan Karlos bere aberritik urrun... eta bakarrik. Berrogeita hamar puru bidali euskuzan ontziko denentzat urten ginenean, eta honez gainera bere idazkaria bidali euskun eskerrak egiten, ikurrinagaz agur egin geuntsolako geure albotik igaro zenean igande batean beren ontzitxuagaz egurastuten ebilela. Puruek gomutatu eragiten euskuen ba gizajo handia lantzean bat erreten genduenean. Goian bego.

 

aurrekoa hurrengoa