www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

ANBERES

1914ko urriaren 14an

 

        Egunkariek darabile izen hau gora eta behera, bertan Kaiser-aren gudariak sartu direlako. Hainbat bider egon naiz huri eder horretan eta baita hainbat adiskide bertan euki dodaz. Gaur Jaungoikoak bakarrik daki nondik nora ibiliko diren.

        Atzerritik datozen eleetan Anvers, Anversa, Amberes, eta honelakoak dira bere izenak. Flandieraz eta honen antzekoetan barriz Antwerpen esaten deutsie.

        Bertako gizonak dira guztizko beharginak eta emakumeak guztizko garbiak. Ikustekoak dira garbien garbiz hango kale eta etxaurreak. Ibai eder baten alboan dago, laua edo zelaia dela guztiz. Eskalda deritzo ibai horri eta gaur munduan dagozen ontzirik handienak ibili daitekez bertan. Itsasotik Antwerpenera zortzi ordu emoten dira joaten gure ontziekin, eta zortzietatik sei orduko bidean itsasotik hasita. Holandakoak ibaiertz biak. Beraz, itsasotik nahiz itsasora joateko Holandatik igaro behar.

        Garbiak izan arren estu-estuak dira huri zaharreko kaleak, baina huri barrikoak dira zabalak eta ederrak. Kaleen izenak ele bietan idatzita dagoz, frantsesez eta flandieraz. Egunkariak dagoz hiru edo lau frantsesez ekiten deutsienak; enparau guztiek barriz aberriko elez.

        Guztizko zuhurrak dira bertako biztanleak, eta erraztasun handia daukie atzerriko eleak ikasteko. Ez dago saleroste, kafetegi edo jatetxe edo abar daukanik frantsesez, ingelesez eta alemanez ez dakienik bere aberriko hizkeraz gainera; eta ondo jakin be. Gazteleraz be askok eta askok daki.

        Huri honek eukiko ditu bostehun bat mila biztanle, baina guztiak ez dira bertakoak, Frantzia, Italia, Errusia, Ingalaterra eta Alemaniak euretariko asko dabe han. Kataluniarrak be badira bost mila inguru. Ez edo dago munduan bere kaia baino asko ederragorik. Oraindino oraintsu eginda daukaz dock eder handi bi, hamabi kilometro karratu baino gorago dabezenak; Dock Asia eta Dock Siberia daukiez izenak. Dock ikaragarrizko osin handia da, ur handiz beterik egoan, eta Siberia Dock izena daukan osinaren ondoan hasten da kanoi errestada bat zenbatu ezina. Berarizko horma sendo baten gainean doaz denak. Hara joaten ez dabe uzten, hormatzar horren kanpoaldetik ikaragarrizko karkabastoak egozala, lurpetik ateak dabezela, arriskurik egonez gero berehala urez beteteko (nire ustez).

        Nasa ertzetan ontzi-zamak eta abar sartzeko berarizko biltoki ederrak dagoz, eta guztien gainetik be bideak dagoz, lupetza behetik badago, pertsonak goitik ibili daitezen.

        Eskalda ibaia toki batzuetan estua izan arren Antwerpen aurrean guztiz da zabala. Bata besteagaz joteko beldur baga ibili leikez ontzirik handienak atzera eta aurrera.

        Urrunetik ageri da eliza ederra, Katedral deritzona, zenbatu ezin leikezan bere dorre txikiekin eta hiru edo lau handiekin. Bere dorre nagusitik ikuskizun eder-ederra ageri ei da. Asko igoten dira horrexegatik bakarrik, eta laurleko bat utzi behar da igotearren.

        Badagoz jauregi eder asko, geltokia, polizia-etxea, itsastarren ikastola eta abar. Parke zuhaitzetsu eder bat be baegoan hainbat abere arrazagaz. Batez be tximinotan berrehun baino gehiago dagoz.

        Aldi batean Euzkadik hartu-emon handiak ebazan Anberesegaz. Antzina baziren itsastar asko han emaztegaiak eukiten ebezanak eta ezkondu be asko egiten zirenak, eta hau dela eta ba ezagutu dodaz han euskal abizen asko. Baina hara joiazen itsastarrik gehienak emaztegaien aitzakian diru guztiak bertan utzi ohi ebezan eta Euzkadira heltzen zirenean urteetan atzerrietatik ibilita esan ohi eben: «Anberes, Anberes!», eta sakelera begituta: «Hemenberez, Hemenberez!». Beste itsastar askoren artean barriz zabal zen esakun hau:

                        Bazoaz Anberesera

                        Eta hiru zubiak pasa,

                        Diru zuriak gasta

                        Eta gero, ez Anberes,

                        Ez Hemenberez.

 

aurrekoa hurrengoa