www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

SAVONA-TIK

1915eko uztailaren 20, 21 eta 23an

 

        Herri honeek ba txirotasunak zapaldurik daukaz, ez da ikusten besterik gosekila elizarik-eliza baino. Samingarria da ikustea hainbeste emakume beharbada euretarik asko guduka itzelean gizonak hil jakezenak laguntza eske.

        Gauetan kai eta huriko argiak, denak amataten dira, eta horra hor herri bat baserri mendiarteko bat baino itzalagoa. Baserriak ez dira hurien beste itzalak behinik behinean honeek argirik bage dagozenean.

        Laguntza bila etorri jatan emakumetxu bati itaundurik bart ia zergatik ez dabezen argi banaka batzuk iziotuten, erantzun eustan hegazkinak hau herriau ikusita bonbardeatu ez daiten dela. Holan bizitekotan barriz —inostan—, hobe baten alemaniar eta austriarren tramankuluak etorriko balitzaz eta erre une baten, hasi alderdi baten eta bestera. Gero emakume honek esan eustan gizona bizi eta gudatean egoan arte eguneko 1'10 emoten eutsola gobernuak, eta oraintxe hilabete hartu zela hil-albistea, eta ordutik hona ez deutsola inork ezer emoten.

        — Nire gizontxuak aberriagatik emon eban bere bizia —inostan negarrez—. Aberriak barriz saritu behar ninduke eroan eustalako betiko neure laguna, baina aberriak ezer be ez damost, eta ez dago beste urteerarik edo... edo laguntzatxu bat aterik ate eskatu.

        Gaur ostera be 162 zauritu heldu dira. Savona guztiko emakumeak han izan dira ia euren kutuntxurik heldu bada ikusten. Hala beharrean be, gitxi izan dira bertoko semeak, baina izan direnak euren sendiekin topo eginez gero koadro laztangarriak ikusten izaten dira. Gomutetan naiz mutil eder bat bere amaren ahotsa ezagutu ondoren hau ikusi dauenean beroni besartetu jako pozezko malkoekin, eta inork ezin ekian kendu gitxienez bost minutuan.

        Giovanni okina osoz da adiskidea neugaz, eta elkarregaz joan gara gaur bustialdi bana hartzen. Honetan hondartzan jarrita ijiji eta ajaja ikusi doguz bederatzi andere moltzo. Euretarik batzuk agurka hasi jakuz eta eskukada hondarra geuri jaurtiten.

        — Joaten banon horra, ha zer astinaldia emongo dunatan —esan deutso Giovannik.

        Horra ba, amaitzeko, gehienok gizonak gudan eukezanak ziren, eta gomuta asko barik ebiltzan jolasean.

        Beste atso motz asko ikusi oi dodaz goizero plazan otzaratxuak galtzarpean dabezela hiru kanako haginbaltzak agerian barre zantzoak egiten. Honeek ba, jakina, mizketuta dabiltza, gizonen gomuta askoge.

        Politena da barriz gure ontziaren aurre-aurrean dagoen ardanetxeko atsoa. Gizona joan jakonik eta hona, hasi goizean eta gaueraino amaibako lebatzagaz dabil. Gauean oheratzen da bere gizona baino maiteago dauen Don Ardao-gaz, eta goizean jagiten denean berehala hasten da mosuka bere adiskide kutuna Doña Txitxiparra-gaz. Hurrengoan argi-argi esango deutsuet bere izena delako guztiz ezaguna euskotar itsastarren artean.

        Ardanetxe horretara joan zen gure ontziko arotza atzo, eta hamar edontzikada ardao edan ondoren hiru txakur handigaz ordaindu nahi eban. Hau ikusirik, atsoak eukan lebatzagaz, bonbil bategaz apurtu eutsan burua. Arotz honek be sabel zitala eukan, eta jakina, han izan zan barrabaskeria itzela zen.

 

* * *

 

        Savona da Genoako itsas bazterrean dagoen huri bat kai ederra dauena bere ertzean. Hor Bilbao baino zeozer txikiagoa izan bai, baina ez askorik.

        Kai bi daukaz; bata da Porto Vecchio, eta bestea Porto Nuovo. Kai zaharrean haize-ontziak bakarrik ikusten dira antzinako urteetan legez, euren lokarriak emonik ertzera.

        Ertzean barriz, ate guztiak dira ardanetxeak eta ontzitik jaitsiz gero, oinkada baten dago bat barruan.

        Ardanetxeok osoz dira etxe zahar apurtuak. Euren hormek hizketan balekie... hamaikatxu gauza kontatuko leukiez. Zenbatek euretan utzirik euren maitea ihesiko eban ametseta gozoak egiten itsasoan zehar, eta barriro etorri zenean, beste bategaz ezkonduta behar bada aurkitu eban bere bihotzeko kutuna. Eta beste batzuk barriz, ardanetxe horreetan utzirik euren emazte eta amatxuak, anpuluak lehortu ezineko negarrekin egingo eben agur eta, hau txarrena... betiko! Beste batzuk barriz urte osoetan irabazitako alogerak ardanetxe horreetan utzirik joango ziren Savonatik gehiago ez etorteko gogo barik... Ez noa egiten filosofia gehiago.

        Kai barrian be badagoz ardanetxeak, baina hemengoak olezko txoznak dira, eta gogait egiten dabenean, toki baten hartu dandarrez, eta eroaten dabez beste toki batera zahagi, upel, pitxer, emazte eta amaginarreba eta denak barruan direla. Eta barriz holan txikitxua bada ardanetxeori, hartu sei-zazpiren artean, eta lepoan eroaten dabe, baserrietan gorpua eroaten daben legez, bardin.

        Kai zaharraren ertzean dago torre bat antzinako itsastarrek eukena ikusteko zelan egoan itsasoa. Gaur itsas praktikoen bulegoa dago. Torre horren izena da 'La torre di Pancaldo'. Itsas aldetik dauka Ama Birjinaren irudi eder bat, baina osoz ederra. Irudi horren goiko aldean hauxe irakurgaiau:

                        Irato in mare da subita procella

                        Invocare a nostra benigna stella

        Hemen beheko aldean dago koadro bat guztiz antzina egina. Ezin leikio igarri zer den estalduta dagoelako, baina halan eta guztiz be, igerten da margo ona daukala, ze Udalak agintzen ei dau urteoro estalgarri gehiago ipinteko, eta halan eta guztiz be, inoiz ez dago behar den legez estalduta. Beti urteten dau gainera koadro horrek.

        Torreak huri aldetik dauka Ama Birjinaren beste irudi bat oraindino bestea baino ederragoa. Torre horren aurrean hasten da Via Paleocapa, guztizko kale ederra, alderdi bietatik arkuak daukazela Bilbaoko Plaza Barrian legez. Torre horren ezkerretara dago Savonako antzinako herri zaharra. Kale estu eta lohiak dira bertan dagozen denak. Badira kaleak lagun bi ibili ezingo litzatekezenak elkarrekin.

        Orain bai, ezagun da euretan bizi ziren biztanleak euki eben sinesmen sutsua, ba ez dago elizarik hiru edo lau Ama Birjina irudi ez dabezenik ipinita kristalezko kutxa ederretan.

        Honeetatik irudietatik Ama Birjina irudi ederrena da ardanetxe bateko horman dagoena. 'Madonna dil Carmine' da, eta beheko aldetxuan dauka idatzita jainkozaleren baten ezkila: Salve, Salve, Salve.

        Etxeak be osoz zaharrak dira, eta gehienak dendak. Eta ez dago bat Ama Birjinaren irudia ez dauenik, bere argi eta guzti. Horra ba, denik eta txiroenak be argi egiten deutso hemen Ama Birjinaren irudiari.

        Bachicha deritzon bat da hemengo patata saleroslea. Berau barriz erlijioaren etsai garratza, beronek esaten dauenez. Abade eta abar frijiduta esan leike jango leukezala morroi honek. Horra ba, gaur goizean joan naiz morroi honen dendara, eta non ikusten dodan marmolezko irudi eder bat kandela eder bat aurrean dauela iziotuta.

        — Eta Bachicha, zer dok hori?

        — Hara, neure amari emon neutsan hitza hil zenean ez zela inoiz irudi hori argi barik egongo, eta horregatik da. Osterantzean nik apaizak gosaltzeko, eta lekaideak bazkaltzeko, eta lekaimeak bitarterako gitxi dodaz. «Viva la Republica! Abasso il...».

        — Isilik egon hadi, kirten asto handiori —esan deutsat neuk—, hi langoak asko jagozak han gure herrialdean be.

        Herriaren ezkerreko aldean itsasotik begiratuta dago gaztelu handi bat kanoiz ondo horniduta. Bere hegaltxu baten dauka idatzita italieraz: «Gaztelu honetan hasi eban Giussepe Garibaldik Italia aske ipinteko lana».

        Herri barria beste edozein huri legez da. Kale zabal eta ederrak, kafetegiak, jatetxeak eta abar.

        Paseo eder bat be badago zuhaitz eta loraz beterik, eta baita plaia ederra be bustialdiak hartzeko. Itsasertzean bertan dago barriz Teatro Vanda deritzon antzerkia. Gauero dago bertan zeozer bustialdiak hartzen dabezenei aldia igaro eragiteko.

 

* * *

 

        Chanchan baporea herenegun heldu zen hona. Horra ba, hainbeste adiskide daukaguz bertan, eta berehala elkarregandu gara elkar besarkatuten bata besteari agur egin ondoren. Kai ertzean dagoen kafetegi batera joan gara aldia igaroten eta guztizko hizketaldi itzelak euki doguz elkarregaz.

        Jakina zen, gure eztabaida azkenean eusko abertzaleengana sartu da, eta horretantxe ebaki nabe, ba euretarik nik ez dakit bat eusko abertzalea den.

        Hor daukazuez ba, nire idazkiak bat men barik irakurten dabez eta Euzkadi egunkaria egunoro hartzen dabe, eusko odola euren zainetan eta eusko abizenak daukez, eta ez dira eusko abertzaleak.

        Behinola Savonako hotelean afaria amaitu ondoren hitz egiteko inostenean pixkatxu bategatik ez nintzen igon mahai gainera eta zuei hiru edo lau egia esan, egia garratzak bai, garratzegiak izango ziren champagnaren ostean.

        Beharbada zorakeriatzat eukiko dozuez nire gogoetak, baina nik zuenak ezin neukez bihotzaren barruan euki, ez naizelako Cervantesen hizkeraren labantasunak poztuten nauena, horrek «vascuence, idioma pobre sin historia y sin poesia» zuen dinozuezanak, horixeek berberak baino.

        Zuzen egoan hurrengo abestia kantatu eban abertzale laztana:

                        Negarrez ikusten zaitut

                        Ene aberria

                        Zeure semeak galdu

                        Zaitue guztia.

 

aurrekoa hurrengoa